GARA > Idatzia > Kultura

Louisiana Redek blues musika eramango du aste honetan Mungiara eta Bilbora

Lousiana Reden musika Euskal Herrian izango dugu datozen egunetan. Orain 76 urte AEBetako Alabaman jaiotako gitarristak bi kontzertu emango ditu datozen ostiralean eta igandean.

p062_f02_.jpg

GARA | BILBO

Bluesa gustuko dutenak zorioneko dabiltza, izan ere, Louisiana Red blues musikari estatubatuarrak bi kontzertu eskainiko baititu Euskal Herrian aste honetan. Lehen emanaldia ostiral honexetan izango da Mungiako Mugire Txokoan, eta handik bi egunera, igandean, Bilboko Euskalduna Jauregian arituko da.

Louisiana Red gitarra jotzailea blues musika sortu zeneko urteetan aktiboki jardun zuen artistetako bat da, eta bluesa jotzeaz gain, bere gitarraren eta abestien bidez bizi dela ere esan daiteke. Bluesa modu berezi eta sakonean bizi duen artista da, eta askok horren zergatia bizi izan zuen haurtzaro gogorrari egotzi diote; ama, bera jaio eta astebetera hil zen, 1932. urtean, eta aita, berriz, 1941. urtean hil zen Ku Klux Klanek erailda.

Bere musikak Muddy Waters, Lightnin' Hopkins edota Arthur Crudupen erako artisten kutsua du, baina doinu hauek bere egin ditu, estilo eta adierazpide berezia sortuz.

B.B. King eta Muddy Waters

Horiek hala, bere kontzertuek Delta Blueseko jatorrizko artisten zein Mendebaldeko afrikar koblakarien bat-bateko konposizio tradizio ia desagertua ekartzen dute gogora. Agertokien gainean egin duen azken mende erdi luzean Louisiana Redek aipatu daitezkeen blues musikari handi ia guztiekin jo du, eta bere emanaldi onenen artean B.B. King eta Muddy Waters artistekin izandako jam saioak daude. Louisiana Reden diskoak maisu-lantzat jotzen dira, eta 1983. urtean W.C. Handy Award saria -Blueseko jarraitzaileen arteko Grammya- irabazi zuen blues tradizionalaren abeslari onenaren mailan. Alemanian hogei urtez bizi ondoren, AEBetara itzuli, eta bertan hainbat bira arrakastatsu egin ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo