GARA > Idatzia > Kultura

Kathryn Bartonek irabazi du Australiako Archibald autoerretratu saria

p060_f04_88x148.jpg

GARA | SIDNEY

«Nik dudan ederrena zeu zara-Kellekin eta Arellarekin autoerretratua». Horixe da aurten Australiako Archibald autoerretratu saria irabazi duen lanaren izenburua. Bertan, artista bera agertzen da, noski, Kathryn Barton, seme-alabekin dagoela.

Sariaren berri izan bezain laster, zera esan du Bartonek: «Lan hau seme-alabekiko sentitzen dudan maitasunaren isla da. Ama naizenez geroztik, neure buruaz nuen ustea errotik aldatu dut, onerako aldatu ere. Ama izatea seguruena inoiz egin didaten oparirik ederrena da, eta saritu duten lanean sentitzen dudan hori nola edo hala islatzen delakoan nago».

Ez da Bartonek Archibald autoerretratu lehiaketan parte hartzen duen lehen aldia; bai, ordea, irabazi duen lehena. «Archibald sariaren irabazle zerrendan ezin nuen lan pertsonalago bati esker sartu», adierazi du.

Kathryn Bartonek 50.000 dolar jasoko ditu, baina, horrez gain, eta batez ere, Archibald sariaren irabazleari dagokion ospea. Izan ere, aurten 87. deialdira iritsi den Archibald saria Australiako arte alorreko ospetsuena da.

Aurten 700 baino gehiago izan dira Archibald lehiaketara beren margolanak aurkeztu dituzten artistak. Horien artean proposamen bitxirik ere ez da falta izan. Esaterako, Tim Patch-ena.

Proposamen bitxiren bat

«Pricasso» ezizenarekin ezagunagoa den artista horrek, pintzela beharrean, zakila erabili ohi du bere margolanak egiteko. Normalean jaialdi erotikoetan-eta parte hartzen du, baina aurten Archibald lehiaketan zortea probatu nahi izan du. Horretarako aurkeztu duen autoerretratuan bizkarrez agertzen da, biluzik, edo hobeto esanda, bakar-bakarrik cowboy txano bat buruan duela. Eta, noski, oihal gainean zakilarekin margotzen ari dela.

Archibald sariarekin batera, beste hainbat sari ere banatzen dituzte Australian, paisaia eta beste alorrekoak. Adibidez, Joanne Currie Nalinguk Wynne saria irabazi du (25.000 dolar) eta Rodney Poplek, berriz, Sulman saria (20.000 euro).

Archibald sariketan parte hartu duten lan esanguratsuenak ikusgai egongo dira Hegoaldeko Gales Berriko Arte Galerian maiatzaren 18ra arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo