GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolaritzatik ipuingintzara jauzi egin du Jon Martinek

Igartza beka irabazi eta, horri esker, bere lehen liburua, «Ero» izenburukoa, plazaratu du Jon Martinek. Nolabaiteko gaixotasun mentala pairatzen duten pertsonaiek protagonizatutako ipuinen bidez gizartearen erretratu bat egin nahi izan du oiartzuarrak.

p064_f01_152x112.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Jon Martin (Oiartzun, 1981) bertsolari ezaguna da, eta idatzi ere aspaldi hasi zen idazten, nahiz eta orain arte ez duen libururik plazaratu. 2006an, berriz, Beasaingo Udalak eta CAFek gazteen sorkuntza sustatzeko ematen duten Igartza beka irabazi eta, horri esker, bi urteren buruan, «Ero» ipuin bilduma argitaratu du, Elkar etxearen eskutik.

Hemeretzi dira «Ero» osatzen duten kontakizunak, eta guzti-guztiek dute nolabaiteko gaixotasun mentalak jotako protagonistaren bat. Hain justu, «erotasuna» edo, hobe esan, psikologia da liburuari batasuna ematen diona. Izan ere, «gizarteak jendearengan sortzen dituen trauma, konplexu eta lotsen bidez, gizarte horren erretratu egokia» egin daitekeela uste du Martinek berak, eta, liburua idazterakoan, horixe -«gizartearen erretratu egokia egitea», alegia- izan du helburu.

Ipuinetako protagonista guztiek, arestian esan bezala, ero puntu bat dute, «baina gehienak ez dira `psikiatrikoko eroak', zuek eta ni bezalako eroak baizik», ohartarazi du egileak.

Batzuek gehiegizko perfekzionismoa dute akats, edo heriotzari beldurra; beste batzuk, aldiz, esperimentu psikologiko baten biktima dira. Münchausen, Diogenes, Korsakoff edota Peter Pan sindromea pairatzen duenik ere bada Martinen liburuan. «Gizartearen oso erretratu onak ahalbidetuko lituzketen hainbat sindrome zintzilik geratu zaizkit, baina gehientsuenak ipuinotan islatuta daudela uste dut -adierazi du egileak-. Hau esanda, liburuak oso zientifikoa beharko lukeela ematen du, baina ez da horrela -argitu du-. Egia da ikuspuntu zientifikotik ahalik eta zuzenen idazte aldera dokumentatu egin naizela eta pertsonaiei profil psikologiko bat ematen saiatu naizela, baina irakurtzeko liburu arina egiten ere espresuki saiatu naiz».

Are gehiago, bekari begira aurkeztu zuen proiektuan, aurreikusten zuen ipuin bakoitzari zegokion sindromeari buruzko azalpentxo bat ematea, baina, azkenean, uko egin dio atal horri. «Zientifikotasun horrekin ni ere `erotzen' ari nintzela, eta literaturak gauzak modu poetikoagoan esateko tarte zabalagoa behar zuela ondorioztatu eta, azkenean, erabakia hartu nuen: psikologia bai, baina aitzakia bezala, ez helburu bezala».

Horixe bera da «Ero», asmoei dagokienez, Oliver Sacks-en «Antropologo bat Marten» liburu ezagunetik urruntzen duena. Jon Martinek onartu du liburu horrekiko zorra, ñabardurekin baina: «Dokumentatzen ari nintzela, `Antropologo bat Marten' liburuarekin egin nuen topo, ikaragarri gustatu zitzaidan eta zera pentsatu nuen: `Hau da nik idatzi nahiko nukeen liburua'. Baina Sacks psikiatra da, eta kasu klinikoen berri ematen du, beraz, bere liburua zientifikoa da edo askoz zientifikoagoa nirea baino. Nik, berriz, gehiago jo dut literaturatik».

XI. Igartza Beka, abian

«Ero»ren aurkezpena aprobetxatu zuten Elkarren, CAFen eta Beasaingo Udalaren arduradunek XI. Igartza Literatura-Sorkuntzako Bekaren deialdia egiteko. Narratibako lanak (eleberri eta ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak. Edonork har dezake parte, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan izanik, hautagaiek bi baldintza hauek bete beharko dituzte: lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea, eta aurretik bi liburu baino gehiago argitaratuak ez izatea. Beka 6.000 eurokoa izango da, eta proiektuak aurkezteko epea, berriz, ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Informazio gehiago eskatzeko: euskera@beasain.net. Azken urteotan, idazle gazteak plazaratze bidean garrantzi handia hartu dute Igartza bekek. Esaterako, Unai Elorriagak, Julen Gabiriak edota Karmele Jaiok beka hauek lagunduta argitaratu zituzten aurreneko liburuak.

«KANPOTIK»

«Euskal Herriko edo, hobeto esanda, Europako gizartearen erretratu bat» egin nahi izan du Martinek. Alabaina, «bitxikeria gisa», liburua gehienbat «kanpoan» taxutu duela aitortu zuen, hasieran, Kuban eta, gero, Indian. «Hori, alde batetik, mesede izan da, perspektiba eman didalako, eta, bestetik, oztopo, aurrean ez nuen zerbaiti buruz idatzi behar nuelako».

Fitxa

Izenburua: «Ero».

Egilea: Jon Martin.

Argitaletxea: Elkar.

Generoa: Narratiba, ipuinak.

Orrialde kopurua: 120.

Salneurria: 12,35 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo