BERRIA Koldo Aldabe 2008/3/5
Tranpa Ertzaintzari
Espainiako hauteskunde kanpainaren barruan atzo mitinean zebiltzan politikarietatik batzuk isilik geratuko ziren ziur. Aipatu izan balute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurka aritu behar, eta hori, ez dagokie haiei. Esan beharko lukete, euskaldunok, eta espainiarrek, lo lasai ez egiteko bi arrazoi gehiago daudela kalean.
Lasai lo ez egiteko arrazoi gehiago ditu Ertzaintzak. Azken bi operazio handiak, bata hauteskunde kanpaina hasi aurreko egunetan eta bestea kanpainaren erdian, puxikaren ahoa askatu bezain azkar hustu dira. Operazioen iturburu edo agindu-emailea Espainiako Auzitegi Nazionala izan da. Jomugak zelula jihadistak eta ETA. Emaitza: atxilotuak aske geratu dira, eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko gorputz polizialaren uniformearen gorria masailean. Javier Balzaren sudurpean ustel kiratsa egotea ez da harritzekoa. Irudi du tranpa egin diotela Ertzaintzari (...).
Azkenean, Espainiako Justiziaren «bilatuenen zerrenda» horretako bi atxilotuei gehienera ere «kolaborazioa» egozteko, beren etxean ustezko ETAko kide bat -atxilotua eta giltzapean, torturaren esku beltz eta guzti- hartu zutelako, bikotearen txikitako laguna, bidenabar esanda. Alegia, haien delitua ETAkoa den ere ez dakiten adiskide bati ostatu ematea izan da. Alderdiko aparatchik bat edo besteri ere leporatu izan diete bitartekaritza «humanitarioa», baina haiek ez ditu Ertzaintzak atxilotu, eta haien izenak garbitu egin dituzte omenaldi eta guzti.
Oroitz Aldekoa-Otalorak eta Agurne Salterainek eta Bibik, Amirrek eta Akramek amesgaizto gogorra bizi dute haien izenak agertu eta atxilotu zituztenetik. Barkamen eskaera gutxienekoa litzateke, haien errugabetasun presuntzioa ere errespetatu ez zaienean.