GARA > Idatzia > Ekonomia

2008an negozioa %13ra arte haztea aurreikusi du Ipar Kutxak

2007ko emaitza onen ostean -etekinak %15,5 hazi baitziren 2006koekin konparatuta-, aurten negozio bolumen handiagoa izatea espero du Ipar Kutxak, dezelerazio testuinguruan izan arren. Balizko krisi baten aurrean erakundeak hartu dituen neurriak eta duen «arrisku profil baxua» izan ziren Carlos Oses zuzendari nagusiak aipatutako ardatz nagusiak. Etorkizunean sor litekeen edozein arazoren aurrean Ipar Kutxak estaldura sendoa duela nabarmendu zuen.

p038_f02_097x152.jpg

Nerea GOTI |

Ipar Kutxa batzar nagusian bildu zen atzo Bilbon. Iazko emaitzen berri eman zuen kutxako zuzendaritza kontseiluak, eta 2008ra begira dituen aurreikuspenak zehaztu zituen.

Iazko kudeaketaren azterketatik, kutxak izan zuen bilakaera positiboa nabarmendu zuen Carlos Oses zuzendari nagusiak, kontuan hartuta, batez ere inguru makroekonomikoan izandako gorabeherak. Zergen aurreko etekinak 15,8 milioi eurokoak izan zirela zehaztu zuen, eta horrek 2006ko emaitzekin konparatuta, %15,5eko igoera adierazten duela azaldu zuen.

Besteak beste, banku jarduerak 573 milioi euroko hazkundea izan zuen, eta negozioa 4.000 milioi eurotik gorakoa izan zela esan zuen Osesek. Aurreikuspen fondoek ere gora egin zutela, 20 milioitan, esan zuen, eta inbertsio fondoei dagokienez, %6ko «hazkunde neurrikoa» izan bazuten ere, «pozik egoteko moduko emaitza» dela -eta, goraipatu egin zuen, sisteman, murrizketak izan direlako, %5ekoak, hain zuzen ere.

Enpresa txiki eta ertainetan, Ipar Kutxak izan duen hazkundearekin batera, «bezero elkartua» figuraren garrantzia aipatu zuen, erakundearekin lotura zehatza dutenak bereizteko; hau da, nomina, EPSVetan ekarpenak dituztenak edota hipoteka mailegua dutenak.

Egun, bezeroen %31 direla zehaztu zuen, eta horien kopurua %9 handitzeaz gain, erakundeak eurekin duen negozioa %14,5 ere handitu dela adierazi zuen. Helburu estrategikotzat hartu ostean, horiekin bankuko negozioaren %72 egiten dela esan zuen.

«Arrisku profil baxua»

Hala ere, arriskuen atalean zentratru zuen Osesek atzoko hitzaldia. Hasteko, balizko krisi bati aurre egiteko Ipar Kutxak duen «kokagune ezin egokiagoa» nabarmendu zuen, erakundeak «kredituen alorrean duen arrisku profil baxuan» eta «kaudimen maila bikainetan» oinarrituta.

Izan ere, AEBetako hipoteken krisiak edota sektore inmobiliarioaren geldialdiak eragindako ziurgabetasunaren aurkako zuhurtziazko mezu ugari bota zituen.

Aurtengo aurreikuspenen atalean, eta «ziurgabetasuna eta lurrunkortasuna» nagusi diren testuinguruak eraginak izango dituela kontuan hartuta, hemendik abendura negozio bolumena %11 eta %13 artean haztea aurreikusi zuen zuzendari nagusiak. Are gehiago, hiru urte barru negozio bolumena %50 hobetuko dela uste dute, baita ustiapen-marjina eta ROE delakoa (Ondarearen gaineko errendimendua) ere.

«Horrela, 6.000 milioi euroko negozio bolumena eta 36 milioiko ustiapen-marjina erdietsiko lituzke 2010eko ekitaldiaren amaieran», adierazi zuen Osesek, 2010 Balio Plana-Plan Estrategikoaren barruan jarraituko diren hildo nagusien bidez.

Bestalde, bezero berriak erakartzea eta fidelizatzea izango litzateke helburu nagusietako bat, baita gazteen eta enpresa txiki eta ertainen alorrean haztea ere. Gainera, bulego gehiago zabaldu nahi dituzte, beste 5 edo 7, eta batez ere, Gipuzkoan barrena hedatu nahi dute.

6.000 milioi

6.000 milioiko negozio-bolumena eta 36 milioiko ustiapen-marjina lortzea espero du Ipar Kutxak hemendik 2010. urtera. Zazpi bulego inguru zabaldu nahi ditu 2008an, eta Gipuzkoan hedatu nahi da.

«Arrisku baxua»

Ipar Kutxaren «arrisku profil baxua» nabarmentzeaz gain, zalantzazko euro bakoitzagatik, erakundeak zor hori estaltzeko, 1,75 euro dituela esan zuen Carlos Oses zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo