Kalen Astiz Goldaraz Sortzen Ikasbatuaz-eko Nafarroako Koordinatzailea
Hizkuntza eleaniztasunaren erronka: ikasle euskaldun eleaniztunak heztea
Azken urteetan aldaketa sakonak izan dira gizarte osoan; baita, nola ez, eskola munduan ere. Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugak nahasiak diren honetan euskal haurrak eta gazteak prestatu beharrean dira abiada bizian aldatzen ari den gizartean bizitzeko
Aurrematrikulazio kanpaina iritsi da. Aurten Nafarroan martxoaren 10-17 bitartean izanen da, aurrea hartuz Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari, hiru horietan apirilean izanen baita.
Hezkuntza ereduei buruzko eztabaida bizian kokatzen dugu aurrematrikulazio kanpaina.
EAEn, urtea pasa da jadanik, Hezkuntza Sailak ikas ereduen erreformari buruzko proposamena atera zuenetik, eta hezkuntza eragileek proposamena landu eta aurkeztu badute ere, geldirik dago. Hezkuntza Sailak 08-09 ikasturtean abian jartzea agindu bazuen ere, iaztik ez du pausorik eman eta beldur gara haren ezarpena ez ote den berriro ere atzeratuko.
Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak euskarazko irakaskuntzari bultzada argia eman beharrean, behin eta berriro oztopoak eta zailtasunak jartzen dizkio. Azken urteetan ingelesa indartzeko eredu ezberdinen saiakeretan dabil, ezin asmatuz, lehenengo I eta J ereduekin, gero British-ekin, eta azkenean, aurten proposaturiko eredu berri horrekin..., %40 ingelesez, %40 gaztelaniaz eta beste %20 aukerako hirugarren hizkuntza batean... Beti ere, ingelesa euskararen aurka jarri nahian.
Euskararen Legeak nafar askori euskara ezagutzea ukatu izan dio, eta egun ukatzen jarraitzen dio. Nafarroan euskarak aurrera egin badu, legeak aukera utzi duenean, gurasoek egiten duten hautu sendoagatik izan da. Horrela beti euskarazko irakaskuntzaren eskaera administrazioaren aurretik doa. Euskararen Legearen aldaketa ezinbestekoa da, eta Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan beharrezkoa, nafar guztiek euskara ezagutzeko eskubidea bermatua izatea nahi baldin badugu, behintzat.
Bestalde, azken urteetan aldaketa sakonak izan dira jendarte osoan eta, nola ez, eskola munduan ere bai. Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugak nahasiak diren honetan, euskal haurrak eta gazteak prestatu beharrean dira abiada bizian aldatzen ari den jendartean bizitzeko. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoak jendarte eleaniztun eta kulturaniztun horretan hizkuntzak ikasteko irizpideak eta orientabideak finkatu ditu. Euskaldunok ere jendarte eleaniztun horretan geure lekua hartu beharrean gaude. Euskaldunok euskaldun gisa biziraungo badugu, euskaldun eleaniztun gisa izan beharko du.
Hori guztia kontuan harturik, diskurtso berri baten garrantzia eta euskararen hezkuntza indartzearena azpimarratuz, aurreko otsailaren 20an Jardunaldiak egin ziren, eta NUPen hezkuntza esparru ugarietako ordezkariek parte hartu zuten bertan.
Beste hainbat azterketa eta ondorioren artean, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoak definitutako (A1, A2) (B1, B2) (C1, C2) mailetatik, derrigorrezko eskolaldia bukatzean (16 urte) euskarari eta gaztelaniari dagokionez gutxieneko B2 maila egokitzat eman zen, eta B1 atzerriko hitzkuntzetarako.
Hizkuntza proiektuen garrantzia azpimarratu zen; euskara indartzearen garrantzia jorratu zen; normalizazio planak abian jartzeko beharra, eta euskara murgiltze prozesuaren bitartez ahalik eta azkarren sartzea garrantzitsutzat jotzen zen, bi hizkuntzak batera (euskara eta gaztelania) garatuz. Aurrerago nahi adina hizkuntza sartzeko gaitasuna ahalbidetuko du horrek (ingelesa, frantsesa edo beste bat...).
Dagoeneko D ereduan izandako esperientziatik abiatuz, gabeziak eta indarguneak kontuan hartu eta eleaniztasunerako bidea pauso sendoak eginez jorratu behar da.
Hori guztia da Hezkuntza Departamentuak behin eta berriro ezarri nahi dituen ingelesezko ereduei falta zaiena.
Beraz, bultza dezagun D eredutik abiatutako eredu eleaniztuna. Eska ezazu D eredua zure auzo edo herriko ikastetxe publikoan.