Binakako Txapelketa
Aimarren erakustaldia aspalditxoko partidarik onenean
Goizuetako aurrelariak sekulako neurketa jokatuta goitik behera menderatu zuen Gonzalez aurreko koadroetan. Atzean ere Mendizabalek oso maila ona eman zuen eta orain finaletik oso gertu daude.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aimar Olaizolak sekulako erakustaldia emanda irabazi zuen aspaldiko asteetan ikusi den partidarik onena. Goizuetakoak bazekien atzoko lehia irabaztekotan berak eraman behar zuela bikotearen pisua eta, egiari zor, sekulako norgehiagoka jokatu zuen -10 tanto eta 2 huts-. Erritmoz betetako neurketa batean, airez ikaragarrizko zehaztasunarekin mugitu zuen pilota eta Gonzalez goitik-behera gainditu zuen. Oier Mendizabalek ere oso maila ona eman zuen eta, hasieran pilotaren batzuk galdu arren, bikain eutsi zien aurkarien jokoari. Argumentu horiekin, 9an utzi zuten atzora arte partidarik galdu gabe zegoen bikote bakarra, eta finalean egoteko aukera asko dute. Gaur Eibarren Bengoetxea eta Patxi Ruizek irabaziz gero, esaterako, txartela ziurtatuta izango dute.
Gonzalezek eta Barriolak, aldiz, azken jardunaldian jokatuko dute finalerako txartela. Azkaingo aurrelariak lehiaketa osoko partidarik eskasena jokatu zuen eta ez zuen jakin Aimarri tamaina hartzen. Nafarrak behin eta berriro bilatzen zion eskuina eta Sebastienek, askotan presaka aritzeagatik, pilota gehiegi galdu zuen. Zenbakiek argi erakusten dute: tantorik egin ez, eta sei galdu.
Hasiera bizi-bizia
Harmailak ia erabat beteta egoteak ematen duen zapore gozoarekin, partidak hasiera-hasieratik izan zuen erritmoa. Materialak horretan laguntzen zuen eta Olaizola airez sartzen zen bakoitzean, pilotariek nahiko lan izan zuten beren lekua ez galtzen. Benetan txapela kentzekoak goizuetarrak aurreneko zati horretan egindako, gutxienez, lau tanto. Guk paperean apuntatu genituenak 2nakoa -bikain irekita-, 3-2koa -gantxo bikainarekin-, 4-3koa -hormabikoa bikain botata- eta 6-3koa -pilota ia-ia errebotean sartuta-.
Hortik aurrera indarrak pixka bat berdintzen joan ziren eta pixkanaka protagonismoa hartzen joan zena Oier Mendizabal izan zen. Añorgakoak beteranoa bailitzan erantzun zuen partidako unerik gogorrenetan, eta lehiaren bigarren zatian apenas akatsik egin zuen. Deigarria izan zen, oso, gorrien 16. tantoa. Aurrean zereginik ez zutela ikusita, urdinak atzera jo eta jo ibili ziren tantoa luzatu eta Mendizabal lehertu nahian, baina gipuzkoarrak bikain eutsi zion erronkari eta azkenean tantoa gorriek egin zuten. Esan liteke hortxe erabaki zela Gonzalez eta Barriolaren porrota.
Azken zatian Gonzalezek pare bat kolpe hartu zituen eta norgehiagokak erritmoa galdu egin zuen. Lehenik gerrian hartu zuen min lapurtarrak, eta ondoren belarrian ebaki bat egin zuen. Buruan bendaje nabarmen bat jarrita irten zen pilotaria, baina azken txanpa horretan ere, nola ez, Aimar Olaizolak di-da batean erabaki zuen lehia.
Horiek horrela, Titin eta Laskurainek hil ala biziko partida jokatuko dute gaur. Irabazten badute, dena azken jardunaldian erabakiko da; galtzen badute, berriz, agur esango diote aurtengo Binakakoaren finalean egoteko ametsari.
Egindako lanarekin harro azaldu zen partida amaieran Olaizola II.a, eta ez da harritzekoa. «Kontuan izan behar da bikote honek partida denak irabaziak zituela gaur arte, eta beraiei min egiteko banekien nik asko sartu beharra neukala. Gonzalezek eskuinarekin askoz gehiago sufritzen du, eta hori bilatzen saiatu naiz behin eta berriro», azaldu zuen nafarrak egindako jokoari buruz.
Bestalde, Olaizolak bere atzelariaren lana ere eskertu nahi izan zuen, beti bezala. «Binakako Txapelketan finalera heltzeko argi dago batek bakarrik ongi jokatzearekin ez dela nahikoa. Oierrek asko lagundu dit. Ea bihar zer gertatzen den, baina urrats handia eman dugu gaur irabazita».
A.A.
Bigarren mailako Binakako Txapelketaren lehen finalerdia Vianan jokatu zuten ostiral arratsean eta garaipena Retegi eta Argote iazko txapeldunentzat izan zen. Asegarcekoek 22 eta 11 gainditu zituzten nagusitasun handiarekin Del Rey eta Merino, Aspeko errioxarrak.
Bigarren finalerdia atzo arratsean jokatu zen Tafallako Eleta pilotalekuan eta Arretxe II-Eskuderok 22 eta 14 irabazi zuten Diaz eta Oteizaren aurka. Finala, beraz, Asegarceko bi bikotek jokatuko dute. Beste partidan, Ongay-Lasak 22-20 irabazi zuten Cabrerizo-Ulateren kontra.