GARA > Idatzia > Kultura

Gaur jokatuko dute Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala

Lekunberriko Lur aretoan jokatuko dute gaur finala, 17.00etan hasita. Oholtza gainean zortzi bertsolari izango dira, bertsotan egiteko prest. Aipatzekoa da, horietako inork ez duela orain arte Nafarroako txapela jantzi. Lehia estua izango dela nabarmendu dute antolatzaileek eta baita «egun ederra» izango dela aurreratu ere. Behin Txapelketa bukatuta ohikoa den bezala afaria izango da Elizondoko Kortarixar izeneko jatetxean.
p053_f01_.jpg

GARA | ELIZONDO

Aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa joan den otsailaren 8an abiatu zen eta, hilabete luzez, han eta hemen aritu dira aurtengo edizioan parte hartu duten 25 bertsolariak. Lehenengoz, Leitzan eta Ituren izan ziren bi kanporaketak. Hiru finalaurrekoak Iruñean, Lekun- berrin eta Beran jokatu zituzten, eta, azkenik, finalaren ordua ailegatu da.

Elizondoko Lur aretoan izango da finala gaur, arratsaldeko 17etan hasita. Final horretatik txapeldun berri bat aterako da. Zortzi finalista izango dira taula gainean: Erika Lagoma, Jon Barberena, Xabier Legarreta, Julio Soto, Migel Mari Elosegi «Luze», Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaieta. Horietako inork ez du orain arte Nafarroako txapela jantzi.

Lehia estua izango dela ziurtatu dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako antolakuntza arduradunek. «Faboritorik ote dagoen galdetzen dute askok, baina ezin halakorik esan. Zortzi hautagai direla eta txapela bakarra dela, hori da egin ahal dugun pronostiko bakarra», agertu zuten. Horren haritik, ondokoa gaineratu zuten: «Kinielak kiniela, gauza segurua da finala egun ederra izango dela bertsozale familia handiarentzat, saio polita izanen dela, eta giroa ere ezin hobea». Ohikoa denez, finala amaituta, afaria izango da Elizondoko Kortarixar jatetxean.

Bertsolariak, banan-banan

Finalean parte hartuko duten bertsolari gehienak aurretik eretxapelketetan arituak dira. Erika Lagomak (Lesaka, 1981) 2006an Txapelketako finalean sartzea lortu zuen. 2007an, berriz, laugarren egin zuen Txapelketan. Jon Barberena (Elizondo, 1979), azken txapelketetan ohiko finalista bihurtu da, eta 2007. urtean txapeldunorde izan zen. Xabier Legarreta (Arano, 1977) 2000. urtean txapeldunordea izan zen, eta bi urteko atsedenaldia hartu ostean, aurten itzuli da Txapelketara. Bestalde, Julio Soto (Gorriti, 1987) Eskolarteko Txapeldun izan zen 2003 eta 2004an. 2006an finalean sartu zen eta zortzigarren egin zuen; iaz, ordea, finaletik kanpo gelditu zen.

Migel Mari Elosegi «Luze» (Leitza, 1972) zazpigarren izan zen iazko finalean. Bestalde, Xabier Terreros (Lesaka, 1981) duela urte batzuk aritu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Urte batzuetako atsedenaldia hartu zuen Txapelketan eta aurtengorako itzuli da. Kanporaketetatik hasi zen eta finalera heldu da.

Iñigo Olaetxea (Lesaka, 1975) eskarmentu handiko bertsolaria da eta Txapelketako ohiko finalista. Iaz hirugarren postua lortu zuen. Julen Zelaieta (Bera, 1980), berriz, 2005 eta 2006an hirugarren izan da finalean eta 2007an bosgarren geratu zen.

FINALISTAK

Zortzi finalista izango dira taula gainean; Erika Lagoma, Jon Barberena, Xabier Legarreta, Julio Soto, Migel Mari Elosegi «Luze», Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaieta.

Zortziko handian, txikian eta sei puntuko motzean

Finalean entzungai izango diren bertsoak zortziko handian, zortziko txikian eta sei puntuko motzean kantatuko dituzte batik bat. Izan ere, horrelako saioetan ohi duten bezala, bertsolariak binaka hasiko dira, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian. Ondoren, eta berriz ere binaka, gaia emanda hiruna bertso egingo dituzte, baina zortziko txikian. Saioaren lehen atala gaindituta, bakarkako lana helduko da. Hor, hasierako puntua emanda, bina bertso bota beharko dute bertsolariek zortziko txikian, eta banaka, jakina. Amaitu ondoren, binakakoari ekingo diote berriro, oraingoan, gaia eman eta hiruna bertso sei puntuko motzean. Azkenik, kartzelako lana helduko da. Kartzelakoan, gaia emanda, bina bertso bota beharko ditu bertsolari bakoitzak, doinu eta neurri librean. Saioa bukatu eta lehenengo bi sailkatuen artean bost puntu edo gutxiagoko aldea izatekotan, berdinketa hautsi beharko da. Horretarako, lehenengo, gaia emanda eta binaka, hiruna bertso bota beharko dituzte hamarreko txikian; ondoren, kartzelako lana etorriko da: gaia emanda, bina bertso botako dituzte, neurri eta doinu librean.

GARA

Fitxa

Saioa: Nafarroako Bertsolarien Txapelketa.

Noiz: Martxoaren 15ean.

Non: Elizondoko Lur aretoan.

Ordua: 17.00etatik aurrera.

Sarrera: 15 euro. Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 10 euro eta 16 urtetik beherakoentzat, 5 euro.

Webgunea: www.nafarroakotxapelketa.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo