Sonia Gonzalez Idazlea
Hauteskundeen ajea
Lehenik eta behin jakin beharko genuke zeri esaten dion PNVk «bakea», Estatuen eta euskal nazioaren arteko gatazka politikoa ez baita konponduko iruzur estatutario berri batekin, ezta sekula egingo ez duten edukirik gabeko kontsultan
Kalimotxoak aje nahiko eskasa eragiten du normalean, tripak hala-hola eta komunerako joera bizia. Patxaranak askoz eskasagoa sortzen du, hala ere. Eta bestelakoek aje barik, hurrengo eguneko «hutsune existentzial» moduko zerbait ekartzen dute. Baina ezer ezin da konparatu edozein hauteskunderen biharamun, mozkorrondo edo astelehenarekin.
Gogorra izan da hauteskundeen arteko prozesu «elektorala»: erasoak, atxiloketak, ilegalizazioak... Puntuak irabazteko Espainiako hautesleen aurrean dena zilegi, eta dena zilegi ezker abertzalea neutralizatzeari begira. Horrelako uneetan inoiz baino argiago geratzen da Euskal Herria deserosoa bezain probetxugarria dela askorentzat.
Kalean, bitartean, jendea ditxosozko M-9 noiz pasatuko itxaroten. Voilà, pasatu da. Eta orain, zer? Orain komunikabideetan ez dago beste gairik: emaitzen balorazioak, ea Rajoyk utzi beharko lukeen, ea Zapatero norekin batuko den, eta, zelan ez, ea zer egin beharko lukeen ezker abertzaleak. Berriro ere, hauteskundeetan bezala, «normaltasun» itxura ahaztuta, ezker abertzalea zuzendaritza barik uzten ahalegintzen dabiltzala eta «ilegala» ei dela.
Baina, o! sorpresa, ahulduta heldu dena PNV izan da. 120.000 boto gutxiago, diputatu bat gutxiago eta Bizkaiko lehen postua galduta. Hausnarketa egingo zutela zin egin zuten. Emaitzak ikusita bestelakorik ezin zuten esan, jakina, mundu guztiak eta batez ere PNVri botoa eman zioten guztiek esperoko zuten irakurketa minimoa gutxienez. Hauteskundez hauteskunde gero eta boto gutxiago jasotzen dutela ikustea ez da samurra izango, nik uste. Hala ere, ez daukat esperantza handirik agindutako hausnarketa behar den bezala bideratuko dutenik. Euren buruari galdetuko al diote AHTrik edo bestelako proiektu txikitzailerik egiten jarraitu behar duten? Euren buruari galdetuko al diote vox populi diren negozio zikin guztiek ere zerikusirik izan al duten? Euren buruari galdetuko al diote, PNVren hautesle abertzale gehiengoaren aurrean, Madrilgo gobernuaren txakur txikia izateak kalterik egiten ote dien? Ez dut uste, baina.
Ibarretxek martxoaren 9an bertan Zapaterori deitu zion (gizon hau beti dabil berdin, jendeari parrandak zapuzten), bilduko ote diren galdetzeko. Egun hartatik hona zenbat bider ez diogu bai Ibarretxeri, bai PNVko bestelako kargu batzuei entzun PSOEk ezinbestez negoziatu, hitz egin eta akordioak lortu behar dituela eurekin? Zenbat bider errepikatu dute mahaian jesarri eta eurekin hitz egitea dela «bakea» lortzeko bide bakarra? Lehenik eta behin, jakin beharko genuke zeri esaten dion PNVk «bakea», Estatuen eta euskal nazioaren arteko gatazka politikoa ez baita konponduko iruzur estatutario berri batekin, ezta sekula egingo ez duten edukirik gabeko kontsultan. Estatutu baten promesa ustelak bizi izan ditugu jadanik; beraz, egiteko daukaten hausnarketan pentsatu beharko lukete ea zenbatek sinistuko dien oraingoan eta zelako ondorioak ekarriko dizkion horrelako tranpa batek herri honi.
PSOEk ere ondo pentsatu beharko luke zer nahi duen, hurrengo lau urteak edozelan «salbatu», hurrengo zikloan berriro PPren txanda izan arte, edo gatazka politiko hau behingoz konponbide martxan ipiniko duena izan.