GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Aurkezpen bira

Atzera kontua abian da, di-da Gazte Topagunea

Ametsak amestu ordez betetzea erabaki dute gazte independentistek eta, Paris, Madril, Iruñea eta Gasteiz gotorleku duten gorbatadunek ezarritako ilunabar horretan, «Independentzia» letra larriz idaztea, Lezoko teilatuetan hain zuzen. Astebete baino gutxiago falta da Gazte Topagunea abiatzeko, baina gazte independentistek ez dute atseden hartzeko betarik, eta herrietan zein ikastetxeetan gazte ekimena aurkezten dabiltza.

p006_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE

Datorren martxoaren 21ean hasi eta 24 bitarte, milaka gaztek independentziaren gotorleku bilakatuko dute Lezo. Lau egunez, parte hartzean eta kritikotasunean oinarrituz, bizipen, gogo eta esperientzietatik ikasteko beta izango dute Eskola Gorrian, Gaztetxe Gunean gazte asanbladek herriz herri gaztetxeetan eraikitzen ari diren errealitatea islatzen duten bitartean. Kultura, jendartea eraldatzeko esparrua dela argi azalduko dute Kultur Gunean eta Herri Gunean ez da atsedenik egongo, dantza, malabare eta txosnen artean. Atsedena eta lasaitasuna bilatzen duenak, ordea, badu horretarako aukerarik Lezon, Akeita eta jantoki gunean eta akanpalekuan hain zuzen. Musikari ere tarte zabala egin diote gazte independentistek, 30 talde arituko baitira lau egun horietan zehar jo eta jo.

Hori guztia datorren ostiralean abiatuko da, baina bien bitartean lan eskerga dago egiteke bai Lezon, bai eta Euskal Herrian barna ere. Egitarauaren azken zertzeladak lotu, lau egunetan zehar lanerako beharrezkoak diren 3.000 txandak bete... eta nola ez, Gazte Topagunea lau haizetara zabaldu.

Asko dira Gazte Topaguneak eragindako zirrara bere baitan bizi izan duten gazte eta ez horren gazteak, baina bada lau egunez independentzian bizitzeko aukera oraindik izan ez duen gazte belaunaldirik ere. Bereziki azken horientzat baina baita beste hamaika pertsonengana iristeko asmotan ere, gazte independentistak Gazte Topagunearen aurkezpenak egin eta egin dabiltza.

Otsailaren erdialdean abiatu zuten aurkezpenen tourra, eta Basaurin, Agurainen, Amurrion, Burlatan, Barañainen, Agoitzen, Uribarrin eta Zorrotzan izan ziren. Gazte Topagunerako grabatutako spot-aren ikuskizuna, abestiaren aurkezpena eta lau eguneko egitaraua agertzean oinarritu dira ekitaldi gehienak. Alta, beste hainbat herritan gazte olinpiadak, herri afariak, triki-poteoak edota kontzertuak ere izan dira.

Horren lekuko adibidez, otsailaren 16an Zizurren izandako hitzordua. Bertan, etxebizitza eskubidearen ukapena salatzearekin batera, Gazte Topagunea aurkeztu zuten bazkari, poteo eta kontzertu artean. Durangon egindako aurkezpena ere aberatsa izan zen oso, 70 gazte inguru bildu baitziren afaldu eta Euskal Herriko egoera politikoaren gaineko eztabaida gauzatzeko, eta horren ondoren Ekialdetik etorritako Kuntur eta bere lagunen musikaz gozatu zuten Durangoko gazteek.

Gernikan ere martxoaren 1ean izan zuten hitzordua eta bazkari lehiaketaren ostean plater dastaketa egin zuten. Arratsaldean «Twuister» erraldoia izan zuten eta eguna amaitzeko, kontzertuak. Egun berean, makina bat gazte bildu zen Azpeitian; batukadaz lagunduriko kalejira egin zuten kaleetan barrena, «Etorkizuna Independentzia» lelopean. Ondoren, Gaztetxean afaria egin zuten 200 gazte inguruk eta eguna bukatzeko, Emon eta Pikutara taldeen eskutik kontzertuak izan ziren.

Zumaian ere martxoaren lehena hautatu zuten aurkezpena egiteko, triki-poteoarekin hasi eta herriko tabernetan zehar ibili ondoren Uxue Alberdi eta Ander Lizarralde Hamaika Bertuteko bertsolarien doinuekin girotutako afari eta afalostea izan zuten. 120 lagun inguru batutako hitzorduari Musikherria herri diskoetxeko Arkada, Fision Boyz, eta Electric Souls taldeek eman zioten amaiera. Antzera ibili ziren Donostiako Antigua auzoko frontoian bildutako lagunak; aurtengo spot-a eta beste urteetako Topaguneetako argazkiak ikusi eta kontzertuaz gozatu zuten. Sakanan, aldiz, Gazte Topagunea aurkezteko agerraldia egin zuten.

Leitza, Miranda, Faltzes, Tafalla, Araia, Urduña, Bera, Arratia, Ortuella, Azkaine eta Uztaritze ere Gazte Topaguneko aurkezpen tourraren agertoki izan dira, baita beste hamaika herri; orotara laurogeita hamarretik gora aurkezpen saio egin dituzte Euskal Herrian barna. Gazte independentistek helarazitako datuen arabera, herrietan egindako aurkezpen orotan 2.500dik gora gazte bildu dira; Bizkaian adibidez, 1.055 izan dira bildutakoak eta Gipuzkoan 935 inguru.

Campusek hartu dute lekukoa

Egun gutxi falta dira muntaketa lanetan hasi eta Lezo independentziaren mugarri bilakatzeko; dena dela, tarte horretan ere aurkezpenei leku egingo diete gazte indepen- dentistek, horren lekukoa Unibertsitateak hartu baitu.

Gasteizko campusean adibidez, asteartean hasi zuten «Aste Gorria», Filologiako fakultatean egin zuten lehen aurkezpena eta luntxa. Asteazkenean, bideo emanaldiak eta hitzaldiak egin zituzten fakultatez fakultate, eta ostegunean izan zuten egun handia, «Zeru Gorriko Eguna», hain zuzen ere. Internazionalismoaren inguruko hitzaldi eta bideoarekin hasi zuten eguna; euskara eta gazteak mintzagai izan ostean, fakultateen arteko jolasak eta triki-poteoa egin zuten. Ondoren, Gasteizko Alde Zaharrera joan eta bertso-poteoa abiatu zuten. Topaguneko abestiaren egileak, Hesian taldeak, eman zion amaiera egunari Gaztetxean egindako kontzertuarekin.

Leioako campusa ez zen atzean gelditu, eta asteazkena eta osteguna bitartean Topagune Txikia egin zuten, akanpada eta guzti. «Sextabaida» eta zinema izan zuten lehen egunean. Ostegunean aldiz, AHT, etxebizitza, kultura eta medikuntza alternatiboaren inguruan luze eztabaidatu ostean, bertso-parrillada, monologoak eta gazte jolasak izan zituzten. Ibaetako campusak eta NUPek ere ez zuten Gazte Topagunea aurkezteko aukera galdu nahi izan.

Atzera kontua hasi da, orain motxila eta kanpin-denda prestatu... eta Gazte Topagunean ikusiko dute elkar.

Oilarra eta konstituzioa, filmeko gaizkile garaituak

Aurtengo Gazte Topagunea lau haizeetara zabaltzeko asmoz, bitarteko berri eta arrakastatsua gauzatu dute gazte independentistek: «Spot»a. Lezon grabatu zuten ehun bat gaztek duela bi hilabete inguru eta edizioa bukatuta Euskal Herrian barna zabaldu dute, aurkezpen saioen izar bilakatuz.

Barre algarak eragiteko moduko grabazio honek Konstituzio espainola eta oilar frantsesa ditu protagonista nagusi. Lehenak, Andaluziako ahoskerarekin, Euskal Herriak bere baitan edukiera duela umorez azaltzen dio Ipar Euskal Herria bere koloniatzat duen oilarrari. EAJko presidente Iñigo Urkullu ere mintzagai dute eta Konstituzio espainolak, barreari eutsi ezinik, euskal herritarrei ziri ederra sartuko diela adierazten du.

Lasai dihardute biek hizketan, Euskal Herria bere menpe mantentzeko estrategiak partekatuz, baina, bat-batean, Gazte Topagunerako Hesian musika taldeak egindako abestia entzun eta itzal erraldoi bat agertzen da, eta Konstituzioa eta oilarra erabat izuturik korrika hasten dira.

Itzala ordea, argiz busti eta Topagunearen irudia den neskatila ikus daiteke lehena, bidea erakusten; atzetik ordea euskal gazte mugimendua irudikatzen duten espresio andana. Ikasle mugimenduko kideek ikasleen eskubideak irudikatzen dituzten esku erraldoiak daramatzate, Altsasuko momorrotxoak sardeekin lurra joz, morez jantzitako neska feministak eta Bilboko Kaskagorriko konpartsakideak daude, baita gaztetxeetako kide eta musikariak ere.

Guztiek helburu bakarra dute: Konstituzio espainola eta oilar frantsesa paretik kentzea. Eta lortu ere lortzen dute, Konstituzioa sutan kiskaltzen da, eta oilarrak ere ez du amaiera hobea. Gazteria agertzen da «spot»ean garaile eta Topaguneko irudia zabalduz bukatzen dute bideoa, bertaratzeko gonbita eginez.

O. L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo