GARA > Idatzia > Ikusmira

Tibetarren erreboltak mendebaldarren aurreiritziak eta kontraesanak erakusten ditu

Orokorrean, Tibeti buruz Mendebaldeko herritarrok dugun iritzia ezjakintasunaren eta hainbat aurreiritziren nahasketa batean oinarritzen da. Urre koloreko zapidun monje kaskamotzak mendebaldar gehienek miresten dituzte, hedabideek eta agintariek hala izan behar duela erakutsi digutelako. Esaten dutenez, bakezaleak direlako, eta milaka urteko ohiturak dituztelako. Baita Txinak -merkatu berria den heinean ez, baina komunista denez, bai- tibetarren eskubideak zapaltzen dituelako. Eta, urruntasunetik, hori salatu behar da.

Tibeten protestak astelehenean hasi baziren ere, atzo arte ez ziren albiste bihurtu. Gainera, albiste bihurtu ziren beraiekiko dugun aurreiritzi horietako bat urratu zutelako: liskar latzak egon ziren manifestarien eta polizien artean.

Tibetarren erreboltak beraien herriaren askapen bidean zer eragin izango duen jakiteko goiz da. Baina albiste izateko edo ez izateko irizpidea biolentzia baldin bada, tibetarrek mendebaldarren miresmena bai, baina elkartasunik edota laguntzarik jasotzeko itxaropenik ez dute gorde behar. Ondorioz, erreboltak mendebaldarren aurreiritziak eta kontraesanak agerian uzteko, bederen, balio izan duela esan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo