Aspe
Beste bi urte Capellanekin
Binakako Txapelketako finalerdietako azken jardunaldiaren bezperan, errioxarrak kontratua berritu du
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
«Aspen egoteaz oso harro nago». Miguel Capellanen hitzak dira horiek, Eibarko enpresarekin bi urterako kontratua sinatu ondoren atzo egindakoak. Errioxako aurrelaria oso pozik agertu zen, ekainan 38 urte beteko baititu, eta kontratu berri honekin kantxetan jarraitzeko aukera izango baitu.
«Oso pozik nago sinatutako bi urteekin. Enpresak oso jarrera ona erakutsi du. Kontratuaren izenpetzea pixka bat atzeratu da, baina akordioa duela bi aste inguru itxita zegoen. Enpresak erakutsi didan seriotasuna gaur sinatutakoa baino garrantzitsuagoa iruditzen zait», azaldu zuen Herviaseko pilotariak.
Bere sasoi puntuari buruz ere mintzatu zen. «Errealista izan behar gara, eta jakin, urteak pasa ahala, oso zaila dela maila on bati eustea. Momentu honetan, sasoi puntu ezin hobean nago, eta nire jokoarekin ere oso gustura nago. Espero dut horrela jarraitzea», erantsi zuen jokalari errioxarrak.
Capellanek 1992. urteko urriaren 25ean egin zuen debuta profesionaletan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan, hain zuzen ere. Hamasei urte geroago, lesionatutako pilotariek utzitako hutsuneak betetzeko ere sarritan jo izan dute berarengana aurtengo denboraldian. Izan ere, aurtengo Binakako Txapelketan ere parte hartu du ordezko gisa.
Eta txapelketa horretaz ari garenez, nabarmentzekoa da Gonzalezek eta Barriolak Oinatz Bengoetxearen eta Iñaki Otxandorenaren aurka jokatuko dutela gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17.45, Tele5), finalerdietako ligaxkako azken jardunaldian. Otxandorena Patxi Ruizen ordez arituko da, Lizarrakoa lesionatuta baitago.
Beste emaitzen menpe
Finalerako txartela lortzeko, lapurtarrak eta nafarrak norgehiagoka irabazi beharko dute, eta Titinek eta Laskurainek biharko partidan 22-16 baino emaitza kaxkarragoa lor dezatela itxaron. Igandeko lehia horretan Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal 6 tantora iritsi ezean, garaipenak ere finalean sartuko lieke.
Era berean, Oinatz Bengoetxeari eta Patxi Ruizi ere kalkulagailuak aukera txiki bat ematen die, baina Titinek eta Laskurainek galdu beharko lukete lehenik. Baldintza hori beteta, bikote nafarrak gutxienez 22-12 emaitzarekin irabazi beharko lioke Gonzalezi eta Barriolari.