«Hogeita bost urte bete ditugu, eta orain erronka berriei egin behar diegu aurre»
EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEKO LEHENDAKARIA
EIEren 25. urtemugaren karietara Piarres Xarriton eta Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» omenduko ditu elkarteak, gaur, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Besteren artean, Castillo Suarezek «Mugarri estaliak» ikuskizuna eskainiko du, izen bereko bere poema liburua ardatz hartuta. Baina, EIEk Batzar Orokorra ere egingo du gaur. Fito Rodriguezek eman dizkigu hitzorduaren xehetasunak.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Bigarren urtea du hau Rodriguezek (Gasteiz, 1955) EIEko lehendakari gisa, eta karguari eutsiko dio beste bi urtez. Gaurko zita baliatu dugu elkartearen jardunari buruz ere hitz egiteko.
Ospakizuna duzue gaur Durangon, eta omenaldirik ere izango da tartean. Zer dela eta?
25 urte egin ditu gure elkarteak, juridikoki 1983an legeztatu baitzen. Baina, EIE sortu aurretik ere bazen euskara literarioak behar zituen oinarri eta aldarrikapen batzuk biltzen zituen elkarterik, 1964an Baionan Euskal Idazkaritza deitu izan zena; zehatzago gure bazkide Xarritonen eta Txillardegiren eskutik plazaratu zena. Normalean euskara batuaren sorrera gisa aipatzen dira Arantzazu eta Euskaltzaindia; azken honek bildu zuen Koldo Mitxelenak aurkeztutako proposamen zehatza aditza batzeko eta abar, eta ordutik aurrera hasi zen euskara batuaren proposamena gizarteratzen. Linguistikari dagokionez hala bada ere, esan behar da horren oinarria aldez aurretik Baionan egindako proposamena zela.
Ez zen, beraz, edonolakoa...
Zortzi orriko dokumentua zen hura; bertan euskara literarioa aldarrikatzen zen, eta proposamena ere egin egiten zen horretarako. Bi gauza horiek bildu nahi ditugu, beraz, Durangoko ospakizunean. Urteurrena ospatzearekin batera, euskara literarioaren akta fundazionala eta funtsezko protagonistak ere gure artean bildu nahi izan ditugu, gorazarre egiteko. Dokumentu haren faksimilea emango diegu eta oroigarri bat ere bai, euskara literarioa hortik hasi baitzen, ez linguistikoki, baizik literarioki, planteatzen abiapuntu bezala idazleen zereginetarako. Horregatik bi kideei ere gorazarrea.
«Mugarri estaliak» ikuskizuna arratsean eskainiko du Castillo Suarez bazkideak. Aurretik, ordea, Batzar Orokorra duzue...
Hala da. Ohiko kontuak egingo ditugu (plangintzak zehaztu, kudeaketa, egindako ekitaldiekin batera jendeari diru kontuak azaldu...). Baina badaude beste bizpahiru gauza garrantzitsu. Zuzendaritza Batzordea berrituko dugu, adibidez, bi urtean behin tokatzen baitzaigu. Nik lehendakari gisa jarraituko dut, postua lau urterako izanik bigarren urtea baitut hau. Eta 25. urtemugaren berri ere emango da; urte hauen balantzea egin eta lehendakari guztien artean halako agerpen publiko bat egingo dugu erronkak non dauden azaltzeko. Bestalde, Galeuscaren federazioa sortuko dugu eta hau ere garrantzi handikoa da. Hain zuzen, gure elkartea 1983an sortu baldin bazen, lehenengo Galeusca Bartzelonan egin zen 85ean, eta Euskal Herrian, Donostian, 86an. Gerora idazle elkarte bakoitza, katalanak, galiziarrak eta gu, geure kabuz ibili gara Galeusca urtean behin egiten, baina ikusi dugu bai Europaren aurrean, bai Estatuaren aurrean hirurok elkarturik eta federazio moduan behar bezalako pisua lortu behar dugula .
Beharrezkoa al da, bada?
Adibide bat: Aurtengo Galeuscan Lugon ateratako ondorioen artean nabarmendu genuen ez zaiola behar bezalako babesik ematen gure kulturari, literaturari eta hizkuntzari, eta Estatu espainolak ematen ez zuen babes hori eskatzen genuen Europan. Elkarte profesional guztiak biltzen dituen Cedro instituzioan (Centro Español de Derechos Reprográficos) 15 idazle gara, 15.000 bazkide ordezkatzen, eta 15 argitaletxe, eta aldizkari bat kaleratzen da bertan: bada, Galeuscari buruz eman zuten azken alean ez zuten aipatzen guk egindako kexa, Estatu espainolak ez gintuela babesten hain justu. Horrek adierazten du katalanak, galiziarrak eta euskaldunok elkarteen federazio batean bildu beharra dugula beste edonon batera azaldu ahal izateko. Bakoitzak bere elkartean aurkeztuko du hori, eta ziur asko, onartuz gero, laster izaera juridikoa izango dugu.
Orain arteko ibilbidea eta erronkak aipatu dituzu. Has gaitezen atzera begirakoarekin.
83an hasi ginen, eta hor aritu zen hasieran lehendakari Anjel Lertxundi, 82 eta 84 urte bitartean, eta Jose Mari Velez de Mendizabal, 85etik 90a artean. Urte haietan (82-90), kokatze, legeztatze prozesua izan zen: liburuen legeak abian jartzen hasi ziren, idazleen eskubideen defentsa, zer-nolako egiturak behar ziren ikusi, Galeuscako gainerako idazle elkarteekin harremanetan jarri... Gero, 90-96 bitartean, Patri Urkizu izan zen lehendakari, eta Joxerra Gartzia ere bai, 93tik 96ra arte; garai hartako urratsik nabarmenenak corpus literarioen arlokoak izan ziren. Esaterako, euskal idazleen katalogoa sortu zen, lehenengo ikastaroak egin ziren, literatur sarien jarraipena eta hezkuntzarekin lotutako lehenengo egitasmoak ere bai. 90tik gora kide izatetik 170 izatera igaro ginen.
1996an Andolin Eguzkitza sartu zen lehendakari eta 2001a arte EIEren egitasmoak gizarteratzeko ahaleginak egin ziren. Erakunde instituzionalekin harremanak lantzen hasi, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere lehen urratsak eman ziren. Gero Tere Irastorza sartu (2001-2004) eta berrantolamenduaren beharra planteatu zen, plan estrategikoa eta kongresu berezi bat ere egin ziren; gorabeherak izan ziren, halakoetan ikuspegi ezberdinak izan ohi dira eta. Ni 2006an sartu nintzenean gorabehera haiek tarteko hainbat jende saminduta zegoen, eta egoera berrabiatzea, berrantolatzen hastea egokitu zitzaidala iruditzen zait. Berpizkundea planteatzen dugu orain, birjaiotze bat, egonkortasuna... 331 bazkide gara uneotan. Aukera badugu sektorean sortu diren funtsezko aldaketei aurre egiteko. Erronka handia da.
Eta bestelako helbururik?
Liburuak irakurle asko galdu ditu; irakurle berriak bereganatzen, berriz, ez dugu asmatu. Hori da gure erronka berria: ikerketa eta hausnarketa egin behar da behar bezala kokatzeko; izan ere, irakurri egiten da, baina euskarri berrien bidez eta, beraz, idazle gisa jokatzen dugun papera birplanteatu beharra dago. Bestalde, idazleen eskubide moral eta profesionalak defendatzeko sortu zen EIE eta horiek kolokan daudela ohartu gara: gure arloan zentsura handia dago (18/98 auzia, kasu)... Zentzu profesionalean, idazleen kontratazio sistema aldatu beharra dago, eta horretan ari gara lanean. Nik uste katalanekin batera laster proposamen bat egiterik izango dugula argitaletxeen aurrean kontratu berriak bideratzeko. Elkarte literarioa da geurea, baina profesionala ere bai, eta nolabaiteko sindikatua den neurrian, gure lana ere bada hori.
«Liburuak irakurle asko galdu ditu; irakurle berriak bereganatzen, aldiz, ez dugu asmatu. Horixe izango da hain zuzen, gure arloko erronka berria; hausnarketa egin behar da»
«Galeuscaren federazioa sortuko dugu: Galiziarrak, katalanak eta euskaldunak elkartu eta Europaren eta Estatuaren aurrean behar bezalako pisua izateko»