Julen MURGOITIO
Tsunamien enbata
Tsunami. Hona modako berba politikan. Berdin balio du horrek hauteskunde egunaren gaueko emaitzen gaineko momentuko gogoeta publiko arinean erabiltzeko edo hauteskunde eguneko emaitzak hurrengo egunetako exekutiboetako barean ganoraz aztertzean erabiltzeko. Batean zein bestean, tsunami! batzuentzat behintzat! Hau kolpea!
Hori gutxi ez balitz itsas enbataren indar erakustaldia adierazteko ere erabili berri dute berba! Ene, ene, nora helduko ote garen! Ez ninduke harrituko laster batean Indonesia inguruko itsas hondoan sorleku duten itsasikarek sortutako olatu itzelak izendatzeko ere erabiliko balute! hain dira ausartak! Ama, ama! Tira, harira!
Aste honetako enbatak, emaitzez kanpo nago orain, gure inguruko kostaldean izan duen eraginak berak baino askoz gehiago harritu nau kostaldean bizi diren asko enbataren indarraldiarekin harritu izanak. Ulertuko nuke nik harridura, ondo ulertu ere, olatuek eragina izan balute Trebiñon, kasurako, edo Hiru Erregetako Mahaian, beste kasu baterako. Baina olatuek non eta kostaldean eragin? Hau da hau, informazio-autopisten gizartea omen da gurea; bai zera! zer informazio eta informazio oste! Autopista gehiago dugu egun informazioa baino, kostaldean batez ere.
Askok ahaztuta daukate kosta zerk baldintzatzen duen, ibai baten uholde-lautada zerk baldintzatzen duen ahaztuta duten modu berean, hiriko alzheimer kolektibo larriaren eraginez; hauxe bai tsunamia!
Garai batean itsasoak mugatzen zuen kosta, gorak eta beherak zituen kosta. Gaur ostera, garapen iraunkorraldi honetan, hormek mugatzen dute kosta, gorak eta beherak ezin izan ditzakeen kosta, lehorraren zuzenbide-estatuaren kontra oldartu nahi ez badu, behinik behin.
Ulertu egiten dut olatuen haserrea, ondo ulertu ere; natural bizi nahi eta horma baten kontra jo behar behin eta berriro. Lehorreko herritar askori gauza bera gertatzen zaigu, behin eta berriro jotzen dugu horma beraren aurka natural bizi gura dugulako. Diferentzia bakarra zera da, olatuek harresiaren kontra egiten dute itsas aldetik eta guk lehor aldetik. Ea behingoz botatzen dugun! Buruko minez amaituta ere! Olatuak olatu izaten segitu dezaten, noizbehinkako indar erakustaldi itzelak gozatuz, eta herritarrak herritar izaten hasi gaitezen kostaldean bezala barnealdean ere, duintasun erakustaldiak gozatuz.