GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Perez Segiko kidea

Ez Loiola eta ez 2020 planak, independentzia!

Euskal Herrian bi polo atera dira indartuta. PSOE eta ezker abertzalea hain zuzen. Hau da, Konstituzio espainolaren menpeko Euskal Herria edo independentea! Estatuek, Euskal Herria kolonizaturik mantendu nahian, euskal gizartea asimilatzeko eta iruzur egiteko bi proposamen garatzeko asmoa dute: Frantziak EH 2020, eta Espainiak Loiolako iruzurra

Espainiako hauteskunde orokorretan, berriro ere Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko eta armatua testuinguru politikoaren erdigunean izan da. Ez ostiraleko ekintza armatuagatik soilik, baita aurreko hilabeteetan estatu faxistaren eskutik izandako tortura, erailketa eta abarrengatik ere.

Dena dela, ostiraleko ekintza armatuari erreferentzia eginez, esan behar da alderdi politikoen adierazpenen ondorioz, abstentzioaren hautu politikoak balio bikoitza zuela. Egoera ez normalizatu horretan, ETAri erantzuteko modu eraginkorrena bozkatzera joatea baitzen. Bozkatzera ez joatea ETA sustatzea omen zen, eta guztiok bozkatzera joateko erantzukizuna omen genuen. Igandean, aldiz, ekintzaren ondorioz proiektatu beharreko normalizazio eza normaltasun bilakatu zen. Horrela hasi ziren behintzat albistegiak. Zergatik, abstentzioaren hautua espero baino handiagoa izan zelako akaso? Zuen hitzetan jendarteak ETAk esandakoa egin zuelako?

Emaitzak aztertuta, bipolarizazioaren eragina nabarmena izan da Euskal Herrian ere. Hemen, bipolarizazioa sustatzeko, PSOE negoziatzeko borondatea duen gobernu gisa proiektatu da. Dena den, nabarmendu behar da hauteskunde estrategia hutsa dela, praktikan erakusten duenez, gerra estrategia baino ez baitu martxan. Bestalde, Euskal Herrian jarraituz, bi polo atera dira indartuta. PSOE eta ezker abertzalea hain zuzen. Hau da, Konstituzio espainiarraren menpeko Euskal Herria edo independentea! Bi proiektuen arteko talka eta parametro politikoak ixten ari dira. Hirugarren bideak, munduko hainbat tokitan ikusi ahal izan dugun moduan, amaitu egiten dira.

PNVren krisialdia, abertzaleek PNVren egiazko aurpegia ikusi dutelako eta urteetako leialtasuna hautsi dutelako gertatu da, ezker abertzalearen hautua bere egin dutelako. PNVren baitako sektore erregionalista-espainolistak berriz, PSEren aldeko hautua egin du. Zergatik? PSEk, PNVren espazio politikoa bereganatzen ari delako. Kontsultaren ibilbide orria agortua dago. Ez dio jendarteak eta herri honek duen arazoari erantzuten. Egungo bataila politikoa lurralde antolaketan oinarritzen da, zazpi lurraldeak nola egituratuko ditugun, alegia. Erabakitzeko eskubidea eskuratzea, denbora kontua baita.

Nafarroari dagokionez berriz, NaBai-ren gainbehera azpimarragarria da. Aurreko hauteskundeetako emaitzak hobetu dituztela esaten dutenean, aurreko hauteskunde orokorren datuekin alderatuz interpretatzen baitituzte. Baina iazko foru eta udal hauteskundeetako emaitzekin alderatuz gero, jaitsiera nabarmena da. Horrenbestez, Nafarroari begira alternatiba errealak eraikitzea ezinbesteko eztabaida dugu.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez berriz, boza abertzalea estankoa zela pentsatzen zuten horiei udal eta kantonamendu hauteskundeetan oker dabiltzala frogatu diegu. Inoiz lorturiko emaitzarik onenak eskuratu baititugu. Hirugarren indarra gara eta goranzko joera aurreikusten da. Emaitza horiekin berezko instituzioaren aldarrikapena sozialki gorpuzteaz gain, iraultza egiteko hain garrantzitsua den eremu instituzionala indartu dugu. Bestalde, abertzaleak elkartzeak duen balioa berriro ere agerian geratu da. Horrenbestez, Estatu frantsesaren aurrean herri gisa aurkeztu beharrean gauden unean, zer-nolako berezko instituzioa nahi dugun argitzeko unea da: departamendua ala autonomia.

Testuinguru politikoaren argazkia sinplea da. Estatu espainolak zein frantsesak estatu egituraren baitako berregokitze beharrean dira. Honen aurrean ezker abertzaleak minimo demokratikoak biltzen dituen proposamen politikoa aurkeztu du Uztaritzen eta Anaitasunan: lau herrialdeetarako autonomia eta hiru herrialdeetarako autonomia. Autonomia bakoitzean proiektu politiko guztiak mugarik gabe defendatzeko eskumena barnebilduz. Proposamenak, gainera, gatazka politiko eta armatua konpontzearen balio erantsia du. Eta horretarako ere Anoetako metodologia proposatuz.

Beraz, aldagai guztiak mahai gainean daude, Estatu frantsesak zein espainolak borondatea izanez gero. Tamalez, Estatuek, Euskal Herria kolonizaturik mantendu nahian, euskal gizartea asimilatzeko eta iruzur egiteko bi proposamen garatzeko asmoa dute: Frantziak EH 2020, eta Espainiak Loiolako iruzurra.

Horrenbestez, zergatik dabiltza PNV eta NaBai abertzalegoaren krisialdi faltsua lau haizetara zabaltzen? Oraindik ere PSOErekin Loiolako iruzurra egiteko itxaropena dutelako? Egiazki, «abertzalegoaren krisialdia» konpondu nahi baduzue, garaiz zaudete: alderdi interesak baztertu eta herriaren interesak defendatzeko garaiz. Herri gisa koherentziaz pentsatu eta jokatzeko garaia duzue; EAEn indarra duzuelako PNV gisa aurkeztu beharrean, Nafarroan indarrik ez duzuenez NaBai baliatu ordez, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, gainerako abertzaleekin EH Bai-n aurkeztu ez eta zuen botere kuota eskuratzeko frantziar eskuinaren zerrendetan agertu ordez.

Gainera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko zenbait laguni, «atzerrian bizi diren euskaldunei» izenpeturiko gutunean boza eskatzeko kopeta duzue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo