GARA > Idatzia > Kultura

Euskal idazleen elkartearen 28. urtemuga | Txillardegiri eta Piarres Xarritoni gorazarre

Ahoz, obraz, lumaz

Piarres, ez duzu ene aholkuen beharrik zer egin dezakezun jakiteko. Halere dolu nuke zure oroimenak idazten ez bazenitu. Eta hala beharrean, margnetofonoan hartuko zaitugu, haatik aldizka.

Jean Louis DAVANT Idazlea
Jean Louis Davanten iritziz, Piarres Xarriton, oroz gain, hizlari bikaina da, «predikari eta sermolari naturala». Hala ere, luma emankorrekoa ere bada, eta horren lekuko da azken hamarkadetan burutu duen lan oparoa.

Duela berrogeita hiru bat urte, lankide ginen Charritton, Txillardegi eta ni. Denbora hartan Charri- ttonek ez zuen hainbat idazten, beste lanik baitzuen. Hazparneko Saint Joseph kolegioan bi lizeoren eraikitzen ari zen: bata industriako lanbideetarakoa, bestea laborantzakoa.

Gainera une batzuez, lana ez genion erraztu gazteagoek. 1965eko urtarrilean, Txillardegi kanporatu zuen Paueko prefet, gobernadoreak, eta iritzi publikoan kalte hartu genuen. Otsailaren 2an beste irakasle bat, Kristiana Etxaluz, Dantxarineako mugan atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETA laguntzen zuelakoan. Aitzinetik greba handi bat gertatu baitzen Hazparneko zapatagintzan, langileen aldeko artikulu bat agertu nuen «Enbatan»n, eta ondorioz, tokiko nagusiek legezko diru laguntzarik ez zioten gehiago eman Saint Josephi.

Haatik erran behar dut bestela ere Charritton ez dela berenaz aise lerratzen lumaren hartzera. Aho-mihizkoa da naturalki, oinarrian eta funtsez. Hitzegiteko dohain izigarriak ditu, mintzatzea maite du, eta ongi doakio, primeran egiten baitu. Gainera asko badaki, bereziki Filosofian eta Teologian, diziplina horietan formakuntza sakona baitu. Historiako gaietan ere zaletasun itzela du, halaber hizkuntzetan trebetasun ederra. Irakurle handia dugu.

Segur balio du horren entzutea, nahiz batzuetan denbora hartu behar den, Amazoniako ibaiaren jarioa bezain aberatsa bilakatzen baita batzuetan Charrittonen elasturia, bere adar ugariekin, haatik beti harira itzuliz. Balio du bururaino joaitea isuri horretan, edozein itsasontziz, non ez dugun trena hartu behar, edo hegazkina. Baina maizegi, presaka gabiltza zoritxarrez.

Beste gauza bat ere falta zaigu: magnetofono baten edonoiz eskupean edukitzea, adibidez Euskaltzaindiko otorduetan.

Alta bada, goizik idazten hasi zen. «Eskualdunak» izeneko euskaldunen historia laburra euskaraz eman zuen 1943an. Beraz, hogeita bi urteetan. Eta 1964an frantsesez «Petite histoire religieuse du Pays Basque» delakoa.

Gero bulta batez, gauza guti idatzi zuen. Irakaslegoan ari zen, baita eragile lanetan. Ikasle andana bat euskaraz idaztera bultzatu zuen, Eskualzaleen Biltzarrak eskoletan urtero antolaturiko lehiaketen kariara. Eta hola hasi nintzen ni ere, hamazazpigarren urtean, Mauleko Saint François ikastetxean, Charrittonek bestalde gazteleraz irakasten zigula.

Gero ber eragile lana eginen zuen «Gazte» hilabetekarian, idazle berriak sustatuz, eta horretan trebatu nintzen, lagun andana batekin.

Ondoren, 1970-1980 urteetan, Hazparneko kargua eta karga utzirik, giza eta herri eskubideez bi liburu agertu zituen frantses ederrean: «Le fondement moral des droits culturels de l'homme» eta «Le droit des peuples à leur identité».

Azken 25 urte hauetan, bi lan erraldoi burutu ditu: Jean Etchepare medikuaren idazlanak bost liburutan bildu (1984-1992), eta Pierre Larzabal apezarenak zazpi tomotan (1991-1998).

Bestalde, bost itzulpen handi agertu ditu «Klasikoak» sailean: Tomas Moreren «Utopia», Aita Vitoriaren «De Indis», Spinozaren «Etika» eta Martin Azpilikuetaren «De Re Publika edo Politikaz».

Charrittonen hiztegia ez dugu ahantziko, ez eta Broussain hazpandar euskaltzain eta auzapez abertzaleaz egin zuen tesina, hau frantsesez: Euskaltzaindiak berriz agertu beharra du.

Dena dela Charrittonen bibliografia osorik ez dizuet emanen, luzeegi bailitzateke, hainbeste artikulu idatzi baitu gai ezberdinez, bereziki kulturaren historia hurbilaz.

Beraz azken mende laurden honetan, zinez luma emankorra erabili du predikari eta sermoilari natural honek, goi mailako gaiak ikertuz maisuki, euskara oparo, aberats, malgu, mardul, zabal, bero eta ederrean: Rabelais baten frantses amazoniarra gogora ekartzen dit. Beraz elokuentzia ikusgarria paperean.

Baina beti bezala, ezer egiten ez duenari ez zaio konturik eskatzen, asko egiten duenari ordea bai, eta erraiten zaio: «Hau edo hura egin behar zenuke, zertako ez duzu egiten?».

Adibidez entzun daiteke: «Charrittonek hainbeste aipatu ditu besteen lanak, haiez hainbeste idatzi du, haien argitaratzeko hainbeste urrats egin du... zeren ez ditu gehiago agertzen bere-bereak dituenak, entziklopedia biziduna eta ibilkaria delarik...».

Nihauk ene aldetik, mail apalago batean, holako kritikak entzuten ditut noiztara Zuberoan, eta ene erantzuna hauxe da: «Eüskaraz badakik nik bezain ontsa, izkiribatzen ere bai. Arren hihauk idatzezak, eta ni bakean ütz, ahal düdana egiten beitüt!».

Piarres, ez duzu ene aholkuen beharrik kritikei ihardesteko, ez ta zer egin dezakezun jakiteko. Halere dolu nuke zure memorio eta oroimenak idazten ez bazenitu. Balio luke. Eta hala beharrean, magnetofonoan hartuko zaitugu, haatik aldizka eta txandaka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo