GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ezin izan duzue eta ezin izango duzue gure jarduna geldiarazi»

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide izateagatik, 27 euskal herritarrek hitzordua dute apirilaren 21etik aurrera Auzitegi Nazionalean. Bilbon egindako agerraldian parte hartu zuten dozenaka lagunen iritziz, epaiketa horrekin PSOEk «errezeta zaharren bidez desagerrarazi nahi du Euskal Herriaren eskubideen aldeko borroka». Saiakera hori, dena den, ustela izango dela uste dute. «Ezin izan duzue eta ezin izango duzue gure jarduna geldiarazi», iragarri zuten.

p017_f01_199x116.jpg

Iker BIZKARGUENAGA |

Heldu den apirilaren 21etik aurrera Auzitegi Nazionalak 27 euskal herritar epaituko ditu, baina, atzo Bilbon egindako agerraldian nabarmendu zutenez, auzi honetan ez dituzte auzipetutako lagunak soilik epaitu nahi; «Estatu espainolak Euskal Herrian herriz herri antolatuta dagoen Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu nahi du».

Begoña Sagartzazuk eta Juan Antonio Madariagak hartu zuten hitza prentsaurreko jendetsuan, eta gogorarazi zuten herri honek alpalditik ezagutzen duela Estatu espainolaren errepresioa. Alde horretatik, salatu zuten «herri hau zanpatzeko xedez gerra tresna guztiak» erabili dituztela, eta euskal herritarron aurka erabilitako guztiak zerrendatu zituzten: «Salbuespen epaitegi bereziak, fusilamenduak, ZEN plana, hiltzera tiro egitearen politika, tortura basatiak, GAL eta gerra zikina, atxiloketa masiboak, presoen dispertsio politika, erakunde politikoen legez kanporatzea, bizitza osoko espetxe zigorrak eta preso gaixoak espetxean mantentzea». Hori guztia, «Euskal Herriaren heriotza bilatzeko helburu argiarekin beti ere».

Izan ere, Sagartzazuk eta Madariagak azaldu zuten legez, Estatuen errepresioaren ondorioz, azken hiru hamarkadetan 321 euskal herritar hil dira; 4.000 preso politiko baino gehiago egon dira -739 preso politiko dago gaur egun-; 35.000tik gora lagun atxilotu dituzte; 7.000, torturatu; 10 erakunde politiko legez kanporatu dituzte; eta lau hedabide itxi dituzte.

Hala ere, herri honetan, errepresioaren kontrako mugimendua «errepresioa bezain zaharra» da, eta azken 30 urteotan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bete du paper hori. Oroitarazi zutenez, «espetxe politika hiltzaileen aurrean amnistia aldarrikatzen dugu; torturaren aurkako borroka pizten dugu; gerra zikinari, legez kanporatzeei, poliziaren basakeriei `aski da!' esaten diegu».

Ildo honetan, «PSOEren gobernuak, GAL sortu zuen berak, Euskal Herriaren eskubideen aldeko borroka errezeta zaharrekin desagerrarazi» nahi duela salatu zuten, eta epaiketa hau «Amnistiaren Aldeko Mugimendua paretik kendu eta herri honi errepresioa mugarik gabe ezartzeko» baliatu nahi duela.

«Arrazoi gehiago»

Horren aurrean, erantzun irmoa eman zuten: «Ezin izan duzue eta ezin izango duzue Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren jarduna geldiarazi, herriz-herri antolatutako milaka pertsonak osatzen baitugu». «Erakundeak legez kanpo utziko dituzue, baina inoiz ez pertsonak; eta pertsonak espetxeratuko dituzue, baina sekula ez ideiak», jakinarazi zuten. Amaitzeko hauxe iragarri zuten: «Epaiketa honekin Amnistiaren Aldeko Mugimendua indartuko dugu, arrazoi gehiago ematen baitizkio herri honi errepresioaren aurka antolatzeko».

aurre egin

Prentsaurrekoan parte hartu zuten lagunek dei egin zieten euskal herritarrei epaiketa honi aurre egin diezaioten, «amnistiaren alde eta errepresioaren aurkako herri dinamikak piztu eta horietan parte hartuz».

Errepresioa hurbiletik ezagutu duten hamaika lagun Bilbon

Maite Diaz de Heredia eta Oihana Agirre kide presoen argazkiak zeuden mahai gainean, eta hauen alboan eta atzean estatuen errepresioa hurbiletik ezagutu duten dozenaka lagun. Besteren artean, Bilbon izan ziren Joxe Antonio Torre «Medius», Begoña Sagartzazu, Mertxe Galdos, Juan Carlos Ioldi, Koro Egibar, Miguel Mari Apalategi eta Xabier Izaga preso ohiak; Anjel Alkalde eta Xanti Iparragirre iheslari ohiak; eta Itziar Aizpurua eta Julen Kaltzada, Burgoseko prozesuan epaitutakoak.

Agerraldian izan ziren Belen Aguilar, Elena Bartolome, Igortz Iturbe eta Maite Beñaran ere, hauek guztiak gerra zikinak hildako lagunen senideak.

Beraiekin batera, Felix Soto eta Ion Enparantza, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak; Joxepa Arregi, Etxerateko lehendakaria; Jesus Diaz de Heredia senidea; eta Idoia Muruaga, Igor Angulo kartzelan hilik agertu zen euskal preso politikoaren neska laguna.

EAE-ANVko Arantxa Urkaregi eta Ixa Billares ere prentsaurrekoan izan ziren, eta lagun hauen guztien babesa jaso zuten auzipetuek: Iñaki Loizaga, Iosu Beaumont, Juan Mari Olano, Sabin Juaristi, Julen Arzuaga, Ainhoa Irastorza, Julen Zelarain, Juan Antonio Madariaga, Arantz Estonba, Julen Larrinaga, Asier Birunbrales, Maitane Mendez, Mitxel Sarasketa, Iñaki Reta, Aitor Jugo eta Jagoba Terrones. I.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo