GARA > Idatzia > Alaves

Jaitsiera postuetatik kanpo jarraitu nahi du

Hirugarren saiakeran, lehen finala gainditzeko beharra

Jose Maria Salmeron baikor joan da Alacantera, taldera heldu zenetik garaipenik lortu ez duen arren

p050_f01_148x092.jpg

 

GARA | GASTEIZ

Jose Maria Salmeronek ezin izan zuen futboleko topiko ezaguna bete, eta galdu egin zuen bere lehen partida. Bigarren saiakeran ez zuen zorte handiagorik izan eta puntu bakarra eskuratu zuen bere taldeak. Gaur hirugarren saiakera egingo du eta, oraingo honetan, denboraldi amaierara arte duen lehen finala gainditzea espero du.

Egoera nola dagoen ikusita, entrenatzaile zuri-urdinak argi eta garbi dauka puntuak edonon eskuratu behar direla; Mendizorrotzakoak, beharbada, ez baitira nahikoak izango mailari eutsi ahal izateko. «Mailari eusteko etxetik kanpo ere irabazi beharra dugu», aitortu zuen Alacantera abiatu aurretik.

Oraingoan, gainera, garaipenak sari bikoitza izan dezake. Gasteiztarrek, alde batetik, jaitsiera postuetatik kanpo jarraituko lukete irabaziz gero eta, bestetik, gaurko aurkaria oso hurbil utziko dute, hiru puntutara besterik ez. Hainbat hilabetetan igoerarekin ametsetan aritu ondoren, Herculesek beherantz egin du eta, egun, denboraldia estutasunik gabe amaitzea izan daiteke bere helburu bakarra. Desilusio horrek, eta Andoni Goikoetxeak hainbat jokalarirekin izandako polemikak, bertako giroa gaiztotu dute, eta hori ere abantaila izan daiteke Alavesentzat.

Beti ere, zuri-urdinek beraiek duten presioa gainditzen badute, alde horretatik ez baitaude inbidiarik emateko moduan. Baina egoera larria izan arren -Salmeronek «partida bakoitza guretzat final bat» dela onartu zuen-, entrenatzaileak «kontzentratuta eta ilusioz gainezka» ikusten ditu bere jokalariak.Andoni Goikoetxeak, bestalde, ez du oraindik finalei buruz hitz egin, hain zuzen ere, etorkizunean ez duelako horrelako diskurtsorik egin nahi; atzo argi utzi zuen gaurko partida «erabakigarria» dela, «gora egiteko unea» delako.

Hamaikakoari dagokionez, Salmeronek ez du arrasto gehiegirik eman astean zehar, baina badirudi hiru jokalari itzul daitezkeela. David Aganzorena da ziurrena eta, golegilearekin batera, Edu Alonso itzul liteke, baita Pablo Casar ere, hankan izan dituen gihar arazoak gainditu eta gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo