Sarako Biltzarrak 25 urte bete ditu
Sarako Idazleen Biltzarrak mende laurdena bete du eta urtemugak bere isla izan du atzo ospatu zen ferian. Egun euritsua izan arren, jende andana hurbildu zen azokara, eta herriko eskoletako ikasleen parte-hartzea nabarmentzekoa izan zen. Sarako Biltzarra kolore gorriz markatzen den hitzordua dugu. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoko idazleentzat beren irakurleekin buruz-buru izateko aukera paregabea da, biltzarraren xede nagusia ez baita literatur ekoizpen berria aurkeztea eta liburuak saltzea soilik, baizik eta jende berria euskal kulturara erakartzea ere bai. Liburua protagonista nagusia izanda ere, biltzarra agertoki paregabea da beste arte motak azaltzeko. Aurten ere, margo eta artisau erakusketak izan dira bertan. Bere txikitasunean, Sarako Idazleen Biltzarrak euskal literatura zabaltzeko paper garrantzitsua bete du. Azken 25 urteotan euskararen egoera zeharo aldatu da Ipar Euskal Herrian. Biltzarrak bere lehenengo pausoak ematen zituela, euskara belaunaldi zaharren ondare bilakatzeko bidean zen; egun, muga guztien gainetik, ikastolek belaunaldi berriekiko transmisioa bermatzen dute. Biltzarra bilakaera horren testigu izan da. Atzo, Txomin Peillenek eta Xipri Arbelbidek hastapenean eginiko lan eskerga nabarmendu zuen Biltzarrak. Egun, euskarak eta euskal kulturak merezi duten tokia bermatzea da erronka nagusietarikoa.