Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria
Google-ismoa, pribatutasuna
Google-k gutaz inork baino gehiago dakiela esaten dute askok eta askok. Gutako bakoitzaren profila osatzeko adina datu omen dituela. Eta ez da harritzekoa. Bilatzailea da Google-n diamante preziatua, eta bertan idazten ditugu gure galderak, kezkak, interesak, gure kuriositatea, eta jakinmina. Bilatzailean idazten ditugu ezagutzen ez ditugun hiztegiko hitzak, kantu baten esaldi bat, poema baten hasiera, gure oporretarako jomugak, webguneen helbideak, ezagunen edo ezezagunen izenak, izan euskaraz edota beste hizkuntzaren batean. Gure burutazioen poltsa da. Gure izaeraren isla, neurri handi batean.
Google-k, nolabait esateko, gutako bakoitzaren profil bat gordetzen du. Eta egiten dugun bilaketa bakoitzeko, profil hori zabaldu, eta era berean, zehaztu egiten du. Google-k badaki bilatzailean idazten duguna interesatzen zaigula, dakiguna baino gehiago jakin nahi dugula gaiaz, edozer dela ere. Eta beraz, Travel Club-ekoek baino informazio gehiago biltzeko tresna potente baten jabe da Google.
Paradoxikoa da gainera, inork baino informazio gehiago izan badezake ere, inoiz ez baitigu, espresuki, informazio hori emateko eskatu. Gure borondate hutsez emandako datuekin handitzen du gure izatearen inguruan duen informazioa. Gure borondate hutsez eta, gainera, etengabe.
Hori oinarri, eta Google-n diru iturri nagusia publizitatea denez, bisitatzen ditugun webgune batzuetan, berak gordeta duen gure profilaren araberako publizitatea erakutsiko digu. Askotan esan ohi da, Internetek merkatuen segmentazioa neurrigabe errazten duela. Eta horri helduz, publizitate pertsonalizatua eskaini nahi duela askotan errepikatu izan du Google-k berak.
Publizitate hori, baina, ez da bilatzailean idazten ditugun hitzen araberakoa soilik. Google-k eskaintzen duen doako posta elektronikoaren kasuan (Gmail), batzuetan, email-ean azaltzen den informazioaren araberako publizitate ordaindua erakutsiko digu. Alegia, email guztiak irakurtzen ditu (makina batek egiten badu ere), eta irakurritakoarekin, publizitate ordaindua txertatzeko aukerarik ikusten badu, hortxe jartzen dizu, eskuinaldean edo behealdean. Berdin gertatzen da YouTube-n egiten ditugun bilaketetan, eta Google Maps-en edota bere kalitatezko beste zerbitzuren batean. Iturriak mila dira, informazioa gordetzeko ontzi edo poltsak, Google-enak soilik, aipatutako kasuetan bederen.
Datuen poltsa honek, ordea, badu denbora mugarik. Europar Batzordearen eskakizunei jarraiki, Google-k (eta baita Microsoft-ek ere), asko jota 18 hilabetez gordetzen ditu gure profilaren inguruko datuak. Urte eta erdi, gezurra dirudi. Eta gutxi ematen du baina, gaur egun, denbora asko da. Behin denbora tarte hori igarota, suposatzen da, datu guztiak irakurgaitzak direla Google-entzat berarentzat ere.
Baina, era berean, norberaren pribatutasuna agerian jarriz Interneten publiko egitearena gero eta jarrera zabalduagoa da. Eta azken urteotan, jarrera edo nahi horri erantzuten dioten tresna andana sortu da.
Adibide garbi bat sare sozial birtualen mundua da. Sare sozialak Internetera konexioa duten pertsonak konektatzeko sortu ziren, noski, Interneten beraren izaera oinarri, kokapen geografikoa irizpideen zerrendatik kenduta. Grafikoki, nodoen edo puntuen arteko loturekin irudikatzen da. Lotura horiek konexioa adierazten dute, harremana, dena delakoa izanda ere. Eta sarea deitzen zaio, nodo edota puntu bati lotuta egoteak, zeharka, beste nodo horri konektaturik dauden gainerako nodoekin ere lotuta egotea ahalbidetzen duelako.
Sare sozial birtual horiek funtzionarazteko, «software soziala» izenpean biltzen diren tresna edota zerbitzuak sortu dira. Horietako bat da Twitter (twitter.com). Twitter-ek 140 karaktereko mezuak idazteko aukera ematen du, bide ezberdinetatik. Erabilera, erabiltzailearen araberakoa izango da, baina kasu askotan, momentuko egoera deskribatzeko erabiltzen da: non gauden, norekin, zertan, noiz arte... Erabiltzaileek beren bizitza propioa zabaltzen dute modu honetan. Bidalitako mezuak, erabiltzailearen kontaktu batzuei bakarrik bidaltzea ere ahalbidetzen du, mundu guztiarentzat irekian bidali nahi ez badira.
Tresna horrek kritika asko jaso izan ditu, baina gero eta gehiago erabiltzen da. Iazko Udal eta Foru Hauteskundeetan, adibidez, zenbait hautagaik, une edo egun horretan non egongo ziren adierazteko erabili zuten tresna hau. Beraz, kritikatu, kritikatu daiteke, baina errealitate gordina gisa honetako sare sozialetan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela da.
Badago beraz, inork espero zezakeenaren aurka, gure pribatutasuna eremu publikora eramateko predisposizio bat. Eta beharbada horrexegatik, Google-k publizitate pertsonalizatua eskaintzeko azaltzen duen asmoa ez zaigu eskandalua iruditzen.
Badirudi Interneteko sareen sarean bizitza ez birtualean ditugun mugak gainditzen direla. Eta hori, erabiltzaileek erakutsitako jarrera gero eta nabarmenagoa da. Ia denok entzun izan dugu emailak irakurri egiten dituztela. Eta, halere, edozer idazten dugu horietan. Kontzienteki edo ez.
Pribatutasunaren zentzua aldatzeak pertsonen aldaketa dakar bere baitan. Noraino iritsiko garen ez dakit, hitzak neurtu behar direla bai. Badaezpada.