J. Agustin Elezgarai Mutrikuko Arrantzaleen Kofradiako idazkaria
Azken denboralea Mutrikun
Azken denboralearen astinaldia igaro ondoren, arrantzale eta mutrikuar gehienak pozik gelditu gara, eraikitzen ari diren babes dikeak eman duen erantzuna baikorra izan baita eta aspaldiko herri aldarrikapena, «portuak babes segurua izatea», lortzeko bidean dela ikusi dugulako.
Dena dela, portua azken denboralearen zartada ikusgarriaren eraginetik libratu izanaren meritua ez da eraikita ikusten den dikearena bakarrik, Alkoleako kanoitik dike muturreraino, ur azpian 17. metrotik 7. metroraino, ikusten ez den 150 metro luzeko eskailerarena ere bada, noski.
Bestalde, portu barruan olaturik egon ez arren, korrontea oso handia izanik egun horietan, eta jarraian, nahiz eta itsasoa asko baretu, arrantzako itsasontziek eguna argitu arte itxaron behar izan zuten itsasora irteteko korronte arriskutsua zegoelako; etxeratzean ere arazo handiak izan zituzten sartzerakoan, eta moila bazterrean arraina ateratzeko orduan ere ezinean ibili ziren, lau txikota emanez, bina atzetik eta aurretik, zegoen geldi ezinagatik.
Beraz, babes dikearen proiektua oso-osoan bukatzea ezinbestekotzat jotzen dugu, Mutrikuko portuak behar duen babesa, sarrera ziurra eta barruan egoteko itsaso barea lortu ahal izateko.
Mutrikuko Kofradiak babesa eskatu izan du betidanik, eta hori bideratzear dugu, baina bestalde arrantzaren etorkizunari ere gogor heldu nahi dio, herri honek geroan ere, bere neurrian, marinel herri izateari utz ez diezaion. Lehen pausoa eman dugu, eta herriak hala nahi badu, bigarren pausoa ematen ere geure laguntza guztia eskainiko dugu.