GARA > Idatzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Zinema ETB1en

Duela gutxi «Berria»n irakurri ahal izan genuen ETB1en azkeneko bi hilabeteotan ez dutela film bakar bat ere jarri. ETB2n, berriz, astean 20 inguru ematen dituzte. Joselu Blanco programazioburuak argudiatu du zinemaren datuak oso eskasak zirela ETB1en eta horregatik barne ekoizpenari ematen diotela lehentasuna, zinema eskaintzaren aurrean. Beste alde batetik, joan den udazkenean ETBk 56 film komertzial erosi omen zituen, baina horietatik gehienak gaztelaniazko katean izango dira ikusgai.

Horren aurrean, nik honakoa adierazi nahi dut:

ETB1 enpresa publikoa den heinean, bere ikusle guztiei zerbitzu on eta plural bat ematen saiatu beharko litzatekeela.

Euskal hiztunak ez garela piztia arraroak eta, beraz, euskal zinema on eta kalitatezkoa ere oso-oso gustukoa dugula. ETB1eko ikusle batzuek urteak eta urteak daramatzagula euskal film on eta iraunkorren zain. Euskaldunek euskal zinemari, erdaldunek erdarazkoari bezala, zaletasuna aukera handi, on eta iraunkorra dutenean bakarrik hartuko diotela; eta ez orain arte bezala, film gutxi, errepikatuak eta, gainera, sarritan oso kaskarrak izanda; ez diot nik, baizik eta zinema kritikariek.

EiTBk gaztelaniazko kateetan euskarazkoetan baino gehiago inbertitzen duen susmoa dudala (baliteke oker egotea); eta hori horrela balitz, niri arrunt gaizki irudituko litzaidake, izan ere, EiTB, izenak berak dioen bezala, batez ere, euskarazko gizartea bultzatzeko sortu baitzen.

Eta bukatzeko, ETB1en bertan badaudela beste programa batzuk, ikusle gutxi izanik ere mantentzen direnak aniztasunaren izenean, esaterako, Teknopolis, Sautrela... eta niri oso ongi iruditzen zait, gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo