ARETO FUTBOLA
Areto futbolean, behintzat, euskal selekzioa ofiziala da
Jende askok zoritxarrez oraindik ez baldin badaki ere, FIFUSAk, Nazioarteko Areto Futbol Federazioak, alegia, Euskal Herriko selekzioa ofizialtzat onartuta dauka, eta lehiaketa ofizialak jokatzen ditu. Bai mutiletan, bai eta nesketan ere, selekzio handien aurka ari dira jokatzen.
Jon LEUNDA
Areto futbola da, Euskal Herriko selekzio nazionalari nazioartean ofizialki lehiatzen uzten dioten kiroletako bat. Beraz, bai mutilen selekzioa, bai eta neskena ere, munduko selekzio onenetarikoekin lehiatzen ari dira azken urte hauetan.
Hasteko, argitu behar da, une honetan kirol honek bi adar dituela. Bata, FIFAk, nazioarteko futbol federazioak, kontrolatzen duena; eta bestea FIFUSAk, nazioarteko areto futbol federazioak, kontrolatzen duena. Futbol federazioak areto futbola futbolaren adarretako bat bezala hartzen du, eta ez du onartzen beste kirol bat denik. Areto futboleko federazioak, aldiz, kirol ezberdina dela aldarrikatzen du.
Egun telebistaz ikusten dugun areto futbola FIFAk kontrolatzen duena da. Hor dabil Ohorezko Mailan MRA Navarra, edo Exbasa Bilbo Zilarrezko Mailan. Horretan, Espainia da Munduko txapelduna; Espainiak edo Brasilek irabazi ohi dituzte nazioarteko lehiaketa guztiak. FIFAk ez du, oraingoz behintzat, Euskal Herriari nazioartean lehiatzen uzteko asmorik. FIFUSArenak, aldiz, Euskal Herriaz gain, Katalunia ere onartu du. Joan den udan, Mundialean izan zen Katalunia, eta Espainiaren aurka jokatzea egokitu zitzaion, eta irabazi ere irabazi zion. Euskal Herria ez zen izan, ez baitzen sailkatu. Aurretik, Europako Txapelketa jokatu zen, eta Kataluniak berak utzi zuen Mundialetik kanpo.
«Ez genuen selekziorik onena eraman. Jokalari batzuek ezin izan zuten lehiaketa honetan parte hartu, eta hori nabaritu genuen. Bestela Mundiala jokatzeko moduan izango ginela uste dut», aitortu zuen Jose Manuel Etxanizek, Euskal Herriko entrenatzaileak.
Mundial horretan, Kataluniak eta Espainiak elkarren aurka jokatzen zutela-eta, Espainia aldeko komunikabideetan zalaparta ugari izan zen, eta FIFUSAk antolaturiko Mundialari izen txarra eman nahi izan zioten. Madrilgo egunkari ezagun baten esanetan, lehiaketa horrek ez omen zuen inongo garrantzirik, ezkonduak ezkongabeen aurkako partidak jokatzea bezalakoa zela esaten zuen, eta benetakoa bestea zela, Espainia txapeldun gelditu zena, alegia.
Gauzak, ordea, ez dira horrela. Gaur egun, oso indartsuak diren bost bat selekzio daude. Espainia, Brasil, Paraguai, Uruguai, Argentina eta Venezuela. Horietatik, lehenengo biak bakarrik ari dira FIFAn jokatzen, besteak FIFUSAn ari dira. Beraz, areto futbol federazioak kontrolatzen duen Mundiala FIFArena baino hobea dela esan genezake. Arautegia ere ez da berbera, ezberdintasunak bai baitaude. Besteak beste, baloiaren neurriari dagokionez.
Gaur egun badago Euskal Herriko Federazioa, baita Arabakoa ere. Gipuzkoan ere badago, baina futbolaren menpe daude orain. Beraz, FIFUSAk Euskal Herrian duen Liga bakarra Araban jokatzen da. «Begira, une honetan Gasteizko Gobernuak onartuta ditu areto futbol federazioak, eta kirol honek futbolarekin zerikusirik ez duela onartzen du. Hori dela eta, futboleko federazioak auzitan jarri du Gasteizko Gobernua, baina pentsatzekoa da guk irabaziko dugula, edo itxaropen hori dugu behintzat. Hori lortzen bada, futboleko federazioaren arauen baitan jokatu nahi dutenek, areto futbol federazioa utzi beharko dute, eta orduan hasiko gara beste herrialdeetan ere gauzak behar bezala antolatzen», adierazi du Etxanizek.
Izan ere, une honetan jende askok ez dauka FIFUSAren berri, eta etorkizun errazik ere ez du erraza, nahiz eta euskal selekzioak ofizialki jokatzeko aukera izan: «Azkenean auzia areto futbolak irabazten badu, balio handia izango du, baina ez da nahikoa izango; izan ere, euskal talderik onenak FIFAren menpe jarraituko dute, berak baititu indarra eta telebista. Badago zerbait, Estatu espainolean FIFUSAren Ohorezko Liga bat antolatzearen inguruan. Hori aurrera egiteko lagungarri izango litzateke. Diru kontuak daude tarteko, ordea. Telebistaren bat sartuz gero aurrera atera daiteke, bestela zaila izango da», esaten du Etxanizek. 1992. urtera arte FIFUSAk izan zuen Ohorezko Maila, eta azkeneko urtean gainera, Urretxuko Goierri taldea bertan aritu zen jokatzen.
Euskal selekzioei dagokienez, maila onean dabiltza, nahiz eta ia jokalari guztiak Futboleko federazioaren menpeko Ligan ari diren. Bi kirol ezberdin izanda, legeak baimena ematen die, ordea, FIFUSAkoan ere parte hartzeko. Iaz mutilak Europakoan izan ziren, eta neskak Sardiniako torneoa jokatu zuten. Aurten, mutilek, Frantzian jokatuko dute lehiaketa bat udaberri amaieran.
Beraz, badugu euskal taldea ofizial izanik jokatzen ikusteko aukera. Halere babes handiagoa eman beharko litzaioke, hurrengoan Mundialean izan daitezen.