Independentziaren ikur den «gazte herriak» agur esan du
Eguraldia lagun izan ez duten arren, gazte independentistak pozik dira Gazte Topagunearekin, bertan «Euskal Estatu sozialista» errealitate bihurtu dutelako. Milaka gaztek inde- pendentziaren eta sozialismoaren proiektuarekin bat egin dutela ere nabarmendu dute antolatzaileek. Atzokoa izan zuen azken eguna eta orain desmuntai lanen txanda da.
GARA |
Aurtengo Gazte Topaguneak amaiera jo du. Lau egunez, jaia eta parranda elkar uztartzen zituen egitarau oparoaren ondoren, desmuntaia da orain egokitzen dena. Atzo izan zuen lauga- rren eta azken eguna Topaguneak, eta beste behin ere ez zuen eguraldia lagun izan; hala ere, herri bazkari itzel batekin eman zioten agurra.
Bi urte igaro beharko dira hurrengo Gazte Topagunearen hitzordura arte, baina Lezon lortutakoa ez da arin ahaztuko, anto- latzaileen esanetan «hainbeste amesten den Euskal Estatu sozialista errealitate bilakatzea lortu» baitute Lezon. Lau egun hauetan izan diren tailerretan, kontzertuetan, hitzaldietan... milaka gaztek parte hartu duela nabarmendu dute; «milaka eta milaka gaztek egin dute bat independentzia eta sozialismoaren proiektu politikoarekin», adierazi dute.
Egungo egoera politikoari so eginez, Euskal Herria aldaketa politikoaren atarian dagoela nabarmendu eta oinarrian, bi aukera besterik ez daudela azaldu zuten: «Frantziar Errepublika eta espainiar Konstituzioa, edota Euskal Herriaren independentzia».
Gazte independentistek argi dute ez dagoela beste biderik eta horren lekuko, iragan diren hauteskunde espainoletan EAJk jasotako emaitzak ekarri dituzte gogora. Euren aburuz, bai EAJ, bai eta NaBai ere «Konstituzioaren lerroan» kokatu dira, baina ez dietela «herri honi beste iruzurrik» egiten utziko adierazi zuten tinko gazte independentistek. «Ez dugu ez 2020 Plana, ez Euskadi 2020 ere onartuko», adierazi zuten.
Estatuen zein EAJren eta NaBairen asmoen parean «independentzian biziko den herri indartsu bat» dagoela uste dute eta Lezon irudikatutakoa horixe dela gehitu zuten. Gazte Topagunean herri bat osatzen duten guneak eraiki eta «herri gisa bizi» izan direla nabarmendu zuten komunikabideei helarazitako oharrean.
Eskola Gunean, egungo hezkuntza sistemak berezkoak dituen balore indibidualista, otzan eta patriarkalak «suntsitu», eta balore ezkertiarretan oinarrituko den hezkuntza ereduan sakondu dutela adierazi dute. Ikasle-irakasle ekimenarekin edonork duela zer irakatsi frogatu dutela diote.
Gaztetxe Gunean, gazte mugimenduaren borrokak islatzeko eta bizi eredu askatzaileetan sakontzeko aukera izan dutela azaldu dute antolatzaileek. Bertan izandako hitzaldietan, parte-hartzea «oso txukuna eta aktiboa» izan dela esan zuten. Kultur Gunean, berriz, kultura «jendartea eraldatzeko tresna» dela irudikatu eta lau egun hauetan zehar gazte sorkuntzari bide eman zaiola agertu zuten. Jarduera parte-hartzaileen bidez euskal kulturaren inguruan hitz egin eta kultur ereduaren inguruan gogoeta egin dela baieztatu zuten antolatzaileek.
Kamaradak Gunean, Topaketa Internazionalistak lortutako arrakasta nabarmendu dute. Aurtengo edizioan, munduko txoko ugaritatik ordezkaritza zabala egon da eta bertan egin diren hitzaldiak «oso jendetsuak» izan dira euren hitze- tan. «Oso esperientzia positibotzat» jo zuten, eta kanpotik etorritakoak euskal gazteriaren antolakuntza eta borroka gertutik ezagutzeko beta izan dutela nabarmendu zuten.
Topagunea, sarean, uhinen bidez, paperean eta pantailan lau haizetara zabaldu dela adierazi zuten antolatzaileek Komunikazio Txokoaren lana aberasgarritzat joz. Herri baten eraikuntzan proiektu komunikatiboek duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuten.
Gazte Topagunea «independentzian bizi den herri baten isla» dela uste dute antolatzaileek. «Amesten dugun Euskal Estatu sozialista errealitate bilakatzea lortu dugu», nabarmendu dute.
Topagunearen azken eguna baliatuz, gazte mugimenduak bat egin du Israelgo produktuen kontrako boikot kanpainarekin eta bere atxikimendua eman dio. Prentsaurrekoan gehitu bezala gainera, boikot ekonomikoa da «Estatu sionistari aurre egiteko modurik eraginkorrena».
Aurten, Israelek hasitako okupazio militarrak 60 urte beteko dituela gogoratu zuten Kamaradak sarearen agerraldian, eta horren karietara egingo diren ekimenetan parte hartzera dei egin zuten. Okupazio militarra hasi zenetik palestinarrek «era guztietako bortizkeriak» jasan behar izan dituztela salatu eta, beren lurraldearen kolonizazioak gero eta dimentsio handiagoa duela adierazi zuten. Inperialismo sionistari aurre egiteko, Palestinak nazioarteko laguntza behar-beharrezkoa duela nabarmendu zuten. Nazioarteko «Israeli Boikot» kanpainari atxikimendua eman eta erakunde israeldar guztiei esparru orotan boikota egiteko deia egin zuten.