GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSOEk berriz ere Javier Rojo aukeratu du Senatu espainoleko lehendakarigai

GARA |

PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak bilkura egin zuen atzo Madrilgo Ferraz kalean duen egoitzan, eta Parlamentu espainolean hastear den legegintzaldi berriari begira ildoak finkatzen hasi zen. Besteak beste, Kongresuko eta Senatuko lehendakaritzetan nahi dituen pertsonen izenak hautatu zituen, baita bi ganberetan izango dituen taldeen zuzendaritzetakoak ere. Horien guztien artean, bi euskal herritar daude: Javier Rojo da lehena, berriz ere Senatuko lehendakari izateko aukeratua; eta Ramon Jauregui bestea, datozen lau urteetan Kongresuko talde parlamentarioko idazkari nagusi izango dena.

Azken hori Behe Ganberako legebiltzar taldeko eledun izan zitekeela ere zabaldu zen azken egunetan, baina azkenean ardura hori Jose Antonio Alonsori egokitu zaio. Jaureguiri idazkari nagusiaren kargu hori emateko arrazoia izan da, zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, autonomia estatutuen erreformen gaineko elkarrizketetan izan duen protagonismoa.

Bono eta Silva

Rojori dagokionez, azkenean Senatuko lehendakari izendatuko balute -PSOEk horretarako gainerako taldeen babesa lortu beharko luke, PPk eserleku gehiago baititu Goi Ganberan- ez litzateke kargu berria berarentzat, azken lau urteetan erantzukizun hori bera izan baitu.

Gainerakoan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren alderdiak Kongresurako presidentegai Jose Bono aukeratu zuen, eta Mari Carmen Silva Senatuko legebiltzar taldeko eledun.

Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak, bileraren ostean, esan zuen izen horiek guztiek «ireki den aro politiko be- rriari» erantzuten diotela.

Prentsaurreko horretan bertan baina, besterik ere esan zuen. Hain justu, gaur bertan hasita, bere alderdiak «mugarik gabeko elkarrizketa» hasiko duela Zapateroren proiektua eta Estatuaren egonkortasuna bermatzeko. CiU eta EAJrekin bilduko da gaur, eta hurrengo egunetan gainerako alderdiekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo