Alpinismoa Zortzimilakoen denboraldia
Txinak Himalaiako denboraldia zipriztindu du
Pekingo Gobernuak maiatzaren 10era arte itxi ditu Cho Oyu eta Everest «hango ingurumena» babesteko. Giro horrekin hasiko da zortzimilakoen denboraldia. Euskal herritarren artean, Iñaki Otxoa de Olza eta Edurne Pasaban dira Himalaiara joatekoak.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Himalaiako zortzimilakoen montzoi-aurreko denboraldiak ateak zabaldu ditu dagoeneko, eta nola gainera! Txinak hartutako erabaki batek egundoko polemika sortu du. Adjektibo ugari jar daitezke, eta jarri dizkiote, baina Tibet zein Nepalgo zortzimilakoen denboraldia zikindu duela gehi genezake. Izan ere, Pekingo Gobernuak maiatzaren 10era arte itxi dizkie Cho Oyu eta Everest (Tibeteko isurialdea) nazioarteko espedizio guztiei. Talde batek soilik izango du munduko mendi garaiena ipar isurialdetik igotzeko aukera: Txinako espedizio batek. Izan ere, abuztuan izango diren Olinpiar Jokoak direla eta, txinatarrek Everesteko gailurrera igo nahi dute zuzi ofiziala.
Bi zortzimilako horiek ixteko hartutako erabakia honako azalpenean, horrela dei badaiteke, oinarritu da: Cho Oyu eta Everesteko ingurumena zaindu nahi dute. Jakina, inork gutxik sinetsiko du hori. Den-denek esan duten moduan, txinatarrek lehenengoak izan nahi dute gailur horretan, eta kito. Hori batetik, eta bestetik, Tibeten askatasun aldarriak isilarazi nahi dituzte.
Hori bai, Pekingo Administrazioaren menpe dagoen Tibeteko beste zortzimilako baterako baimena, Shisha Pangmarakoa, merkatu egin du. Berriro ere den-denek esan dutenaren arabera, txinatarrek aurpegia garbitu nahi dute erabaki honekin.
Giro nahasi horretan, guk dakigunez, euskal mendizale batek soilik, Juanra Madariagak, egin du topo egoera gordin horrekin: «Jordi Estanyol eta Kordobako beste talde batekin ipar isurialdetik igotzeko asmoa dugu. Baina Txinak hartutako erabakia dela eta, orain den-dena zintzilik dugu. Ez dakigu Shishan aklimatatu ondoren, maiatzaren 10etik aurrera Everest saiatu ala ez. Gainera, erabaki horren berri oso berandu eman dute. Ederki izorratu gaituzte».
Kontuan hartu beharreko beste eite bat -jakina, Everestera joaten direnentzat- zera da: debekua amaitu eta oso denbora gutxi egongo da hain handia den Everest bezalako mendi bat prestatu, saiatu eta gailurra lortzeko. Horrez guztiaz gainera, Pekinek Nepali erabaki bera har dezan eskatu dio; hots, hego isurialdeko espedizio guztiei data madarikatu bera ezartzeko. Nahiz eta oso argi ez egon, badirudi Katmanduk isurialde hori itxi egingo duela zuzi olinpiarra handik pasatzen den bitartean. Hori bai, ez dago ezer ziurtatzerik.
Nepalgo beste zortzimilakoetara abiatu diren espedizioentzat, haientzat zorionez, ez da batere arazorik; ez izaera horretakorik bederen. Horrela bada, ohiko tropela martxan da: batzuk Katmandura iristen, beste batzuk hurbilketa bidea egiten...
Everest berriro izarra
Montzoi osteko denboraldian ez bezala, munduko mendirik garaienak udaberrian makina bat bisita jasoko ditu. Berri-emaile ofizialek esan dutenez, guztira 53 espediziok eskatu dute baimena. Horietako 31k Nepalgo hego isurialdean altxatuko dituzte kanpaleku nagusiak; beste 22k, berriz, ipar isurialdetik «saiatzeko» baimena eskuratu zuten.
Everesterako aurreikusi diren jarduera interesgarrienen artean Kazakhstango talde batena dugu. Hauek Lhotse-Everest zeharkaldia egin nahi dute. Horrez gainera, beste alpinista batzuek azkar-azkar igo nahi dute. Betiere errekorraren atzetik, besteak beste, Marc Batard (oxigenorik gabe) eta Joby Ogwyn (oxigeno artifiziala baliatuta) saiatuko dira.
Baina, aurreratu dugunez, ez da Everest soilik existitzen. Hala ere, azken honek 53 espedizio jasoko baditu, bere kide guztienak 16ra bakarrik iristen dira. Adibidez, Iñaki Otxoa de Olza Annapurnan izango da. Nazioarteko talde indartsu batekin hego aurpegian dagoen poloniarren bidetik igotzen ahaleginduko da ziur aski. Hori lortzen badu, iruindarraren 13. zortzimilakoa izango litzateke. Kangchenjunga bakarrik geldituko litzaioke zerrenda osatzeko eta, aurreratu duenez, Annapurnakoaren ostean ez du baztertzen azkenekora joatea.
Valery Babanov eta Nickolay Totmyanin errusiarrek, adibidez, Dhaulagiriko mendebal aurpegia aukeratu dute bide berri bat era alpinoan zabaltzeko. Makaluko mendebaldeko aurpegia, berriz, sona handiko hirukote batek aukeratu du: Vince Anderson, Steve House eta Marko Prezeljek. Talde gogor honen asmo zehatzaren berri ezer gutxi zabaldu da. Guk dakigunez, ia gainerako espedizio guztiek zortzimilakoen ohiko bideak aukeratu dituzte.
Eta euskal mendizale baten asmoa aipatu dugunez, ezin alde batera utzi beste bi zortzimilakotara joango diren hemengo mendizaleenak. Edurne Pasabanek, adibidez, Dhaulagiri aukeratu du. Igotzen badu, tolosarraren hamargarren zortzimilakoa izango litzateke. Helburu horretarako alboan Alex Txikon eta Asier Izagirre euskal herritarrak zein Ferran Latorre katalana eta Ivan Vallejo ekuatoriarra izango ditu.
Eta, hemengoen beste helbururen batek ihes egin ez badigu, Makalura joango direnena aipatzea besterik ez zaigu falta. Ondokoak dira zortzimilako hori igotzen saiatuko direnak: Karlos Martinez, Juanito Oiarzabal, Roberto Rojo, Koke Lasa, Xabier Zaita, Pedro Garcia, Roberto Rodrigo, Ander Goitia, Josu Ortubai eta Luis Kortabitarte.
Den-denek esan duten moduan, txinatarrek lehenengoak izan nahi dute gailur horretan, eta kito. Hori batetik, eta bestetik, Tibeten askatasun aldarriak isilarazi nahi dituzte. Giroa oso nahasi dago.