GARA > Idatzia > Euskal Herria

Allik CDN alderdian utzitako kargua betetzeko hautagai bakarra izango da Burguete

Jose Andres Burguete izango da CDNko presidentetzarako aurkeztuko den hautagai bakarra, larunbatean, Iruñean egingo den alderdi horren kongresuan. Hala, Alli alderdiko ohorezko presidente bilakatuko da.

GARA |

Azken orduko ezustekorik gertatzen ez bada, Jose Andres Burguete CDNko parlamentariak Juan Cruz Alliren lekukoa har-tuko du, eta alderdi horretako presidente kargua eskuratuko du larunbatean Iruñean izango den CDNren IV. kongresuan. Hala, 1995etik, alderdiaren sorreratik, presidente izan den Alli orain alderdiko ohorezko presidente izango da. CDNko zuzendaritza eskuratzeko aurkeztu den zerrenda Jose Andres Burgetek, Carlos Perez-Nievasek eta Teresa Aranazek osatzen dute, besteak beste.

Atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, Juan Cruz Allik jakinarazi zuen bere kargua uzteko pausoa ematea «belaunaldia aldaketa» baten mesedetan egitea erabaki duela, eta era berean goraipatu zuen hortik aurrera CDNko zuzendaritzaz arduratuko diren politikarien zerrenda oso «zabala» dela.

Dena dela, argi utzi nahi izan zuen aurrerantzean CDNko ohorezko presidente gisa ere instituzioetan politikari lana betetzen jarraituko duela. Gainera, alderdiko Batzordeko kide eta Iruñeko Parlamentuan bozeramaile izaten jarraituko duela ere iragarri zuen.

Hurrengo hauteskundeei begira, Allik adierazi zuen ez duela trabarik jarriko bere alderdiko zerrendaburu «izateko edo ez izateko», baina horren harira nabarmendu zuen orduan jadanik 68 urte izango dituela, eta erretiroa hartzeko une egokia izan litekeela. «Gerta liteke nire senideek esatea dagoeneko Jainkoarekiko, aberriarekiko eta erregearekiko bete dudala», bota zuen agerraldian.

Gainera, CDNko presidenteak nabarmendu nahi izan zuen oso garrantzitsua izan dela alderdiko zuzendaritza eskuratzeko beste zerrendarik aurkeztu ez izana. Ildo horretan, bere or-dezkoa izango den Jose Andres Burguete goraipatu zuen, presidente kargurako «pertsona egokia» delakoan.

«Bultzada» eman nahian

Allik agertu zuen zuzendaritzako kargu aldaketa horrekin CDNren proiektuari «bultzada bat» eman nahi diotela. «Frogatu nahi dugu guk Nafarroarekiko dugun zerbitzu bokazioa baliozkoa dela, eta ez duela bipola- ritaterik behar», gaineratu zuen.

Haren aburuz, oraindik orain «erdigune aurrerakoiak badu lekurik gizartean», eta zentzu horretan mezua bidali nahi izan zien PSOEri eta PPri. «Alderdi nagusiek onartu beharko lukete alderdi bitasuna ez dela ezin hobea», adierazi zuen, eta orain Jose Luis Rodriguez Zapaterok Estatu espainoleko presidente izan ahal izateko alderdi txikiekin akordioak adostu beharko dituela jarri zuen egoera horren adibide gisa.

Hala, CDNko buruak nabarmendu zuen Nafarroan errealitate hori «indartsuagoa» dela: «Alderdi nagusiek eta hainbat botere ekonomikok alderdi biko sistema bultzatu nahi duten arren, Nafarroako gizarteak oraindik orain beste aukera politikoei bermea ematen die».

13 urte karguan

1995. urtean CDN eratu zenetik, Juan Cruz Alli izan da beti presidentea eta azken batean alderdiko politikari ezagunena, erreferente nagusia. Aurrerantzean, partiduko ohorezko presidentea izango da.

alderdi bitasuna

Allik gogor gaitzetsi zuen, bere aburuz, alderdi nagusiek «ezarri» nahi duten alderdi bitasuna; hori dela-eta, nabarmendu zuen Nafarroan badagoela beste aukera politikorik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo