GARA > Idatzia > Ekonomia

Nafarroako 76 enpresatan «apartheid sindikala» amaiarazteko eskatu dute

«Langile guztiok egon behar dugu ordezkatuta Nafarroa mailako afera laboralen gaineko negoziazioetan, sindikatuen bidez». Hori da, finean, LABek mozioen bidez Nafarroan zabaldu duen deia, eta 76 lantokitako enpresa batzorde eta ordezkari bat etorri dira mezu horrekin.

GARA |

Nafarroan jasaten den «apartheid sindikala» salatzeko ekimena zabaldu du LABek azken hileetan herrialdeko enpresetan. Sindikatu abertzaleak nabarmendu duenez, UGTk eta CCOOk CEN Nafarroako patronalarekin sektorearteko itun berria sinatu zuten, beste sindikatu batzuek parte hartzeko aukerarik izan ez zutenean; eta hori gutxi ez eta, Estatu mailako sindikatu bi horiek eta Nafarroako patronalak itun zabalago bat sinatu berri dute, «Pacto social para el desarrollo sostenible de Navarra» izenekoa.

«Apartheid sindikala» salatzeko ekimena abian dela sortu da hitzarmen berri hori, azaldu dutenez, eta horren aurrean LABek salatu du «itun antisoziala» dela, izan ere, «apartheid egoera berri bat» adierazten duelako.

Horiek horrela, oso balorazio positiboa egin zuen LABek hainbat enpresatan eztabaidatzeko aurkeztu zituen mozioek izan duten atxikimendu zabala ikusita.

Guztira, 76 enpresek bat egin dute sindikatu abertzaleak azaldutako testuarekin. Enpresa batzordeek onartutako adierazpen horretan, «Nafarroa mailako afera laboralen inguruan» langile guztiek iritzia emateko duten eskubidea nabarmendu, eta «lantoki guztietan informazio eta eztabaida prozesua irekitzeko» eskaera egin dute.

«Negoziazioa guztiei zabaldu»

Bestalde, lanaren inguruan Nafarroan egindako negoziazioetan «sindikatuen bidez langile guztiok ordezkatuta» egon behar dutela azpimarratu dute sinatzaileek. Horrenbestez, halako negoziazioetan «Nafarroan ezarpena duten sindikatu konfederal guztiek» ordezkaritza izan behar dutela gaineratu dute bigarren puntu batean.

Jasotako adierazpen guztiak enpresako langileei jakinarazteaz gain, Nafarroako Gobernuko Enplegurako Departamentuari ere aurkeztu dizkiote.

Balantzearen atalean, LABek positibotzat hartu du ekimenak izan duen erantzuna, zabala izateaz gain, zerrendan badirelako «lantoki esanguratsuak», eta sinatzaileen artean, besteak beste, Iruñeko Udaleko enpresa batzordea dagoela, baita Foru Administraziokoa ere, zehaztu du.

Beste sindikatuetako delegatuek mozioei eman dieten babesa ere nabarmendu du. ELAko delegatuek 14 enpresatan adierazi dute mozioarekiko atxikimendua; eta ESK sindikatuak lau lantokitan, zehaztutakoaren arabera. Era berean, CCOO eta UGT sindikatuetako delegatuen aldetik jaso duten babesa nabarmendu dute. Izan ere, apartheida salatzeko ekimen horren barruan, zortzi lantokitan atxiki baita CCOO, eta UGT bostetan.

adierazpena

Enpleguari buruzko Nafarroako negoziazioetan, langile guztiek sindikatuen bidez parte hartzeko duten eskubidea errespetatzeko eskatu dute 76 lantokitako enpresa batzordeek eta langileen ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo