GARA > Idatzia > Ekonomia

Sindikatuak erretiroen erreforma berriari aurre egiteko prest

Arantxa MANTEROLA |

Udazkenean hasitako erretiro-sistema berezien erreformaren gorabeherak oraindik amaitu ez direlarik, Parisko gobernua beste lege bat prestatzen ari da, oraingoan sistema orokorreko erretiroekin zerikusia duena.

Gaur bertan hasiko da Xavier Bertrand Lan Harremanetarako ministroa aldebiko bileratan sindikatu nagusiak hartzen, gai korapilatsu honetaz mintzatzeko. Bertrandek sindikatuekin aritzeko taktika aldatu egin du eta ez da, aurreko erreformarekin gertatu bezala, negoziazio orokorrik izango sindikatu guztiekin batera. Egiteko modua biziki salatu zuten CGT, Solidaires eta FSU sindikatuek atzo Baionan, «elkarrizketa maila minimoa» erabiliko duelako, legea «berehala, dekretuaren bidez», abian jartzeko.

41 urte kotizatu

Legearen helburua zen, halere, agerraldiaren zio nagusia. Izan ere, sindikatuon esanetan 2003ko Fillon izeneko legearen «jarraipena besterik ez den lege berriarekin kotizazio denbora 41 urteraino luzatzeko asmoa» du gobernuak. Horrekin batera, Medef patronala erretiroa hartzeko eskubidearen adina 63 edo 62 urteraino atzeratzea eta enpresen kontribuzioa gutxitzea proposatzen ari da.

Horrekin guztiarekin, langileek «gero eta erretiro pentsio kaskarragoak» izango dituztela adierazi zuten CGTko Alain Duzertek eta Rodolphe Carmouzek eta FSUko Isabelle Soulek.

Sindikatuen ustez, «hein handi batean langileei esker horrenbesterainoko aberastasuna sortzen duen herrialdea izaki, horren zati bat nahitaez bueltan jaso behar dute, eta pentsio duinak, soldata handienaren %75, bermatu behar zaie langileei, eta inolaz ere SMIC delako soldata minimoa baino txikiagoa».

Gobernuak «erretiroak finantzatzeko ustez dituen arazoak aitzakiatzat» jota, martxoaren 29an, goizeko 10.30ean, Baionako Saint Esprit auzotik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu zituzten langileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo