Adierazpenak Zubietan
Eizmendiren defentsa egin du Aranburu kapitainak
Kaltetua bera izan arren, adierazi zuen entrenatzaileak taldearen hobe beharrez egiten dituela aldaketak
Jon ORMAZABAL | DONOSTIA
Kapitain on bati dagokion eran, azken egunetan hein handi batean presidenteak berak piztutako sua itzaltzea egokitu zitzaion atzo Mikel Aranbururi. Gijonen galdu ostean, Iñaki Badiola bera izan zen Joserra Eizmendi ezbaian jarri zuena, telebista aurrean partida gaizki planteatuta egon zela adieraztean. Berebiziko garrantzia zuten bi partida galdu ostean, asko dira Realeko entrenatzailearen maila zalantzan jarri dutenak, baina Aranburuk haren alde egin zuen atzo Zubietan.
Taldeko kapitaina izateaz gain, Aranbururen hitzek balio erantsi bat daukate, bera izan baitzen Eizmendiri horrenbeste kritika ekarri dizkioten aldaketen protagonista. Gijonen, partida oso txukuna egiten ari zela, Ikaztegietakoak Garitano jarri zuen haren lekuan, eta taldeak partida galdu zuen arren, Aranbururen iritziz ez da entrenatzailearen inguruan inolako eztabaidarik sortu behar. «Aldaketak ez ninduen harritu. Guk prest egon behar dugu; entrenatzaileak momentu batean taldea hobetzeko beste norbait sartzea hobea dela uste badu, guk ez daukagu ezer esaterik. Ni ziur nago Eizmendik egindako aldaketa guztiak taldea hobetzeko egiten dituela eta ez dago ezer esaterik», azaldu zuen.
Etengabeak izan ziren gaiaren inguruko galderak, eta Aranburuk ez zuen eztabaidarekin jarraitu nahi izan, «une txar batean» sartu den honetan, «batez ere barruan gaudenok lagundu egin behar diogu».
Gainera, berak Eizmendirengatik kexatzeko inongo motiborik ez duela gogorarazi zien Zubietara joandako kazetariei. «Beste taldekide batzuk ez dira deialdietan sartu ere egiten, eta ni partida guztietan titular izan naiz. Ez dago beste ezer esaterik, ziur nago hobetzeko egiten dituela aldaketak, eta ez daukat kexatzerik, partida guztietan titular izan naiz eta», azaldu zuen Azpeitiko erdilariak gaiari amaiera emateko asmoz.
Galestarra gainontzeko taldekideekin entrenatu zen egun berean, asteroko zurrumurruek zioten Badiolak erdilariaren fitxa Zigic ekartzeko baliatzeko asmoa zuela, nahiz eta halakorik egitea guztiz ezinezkoa den.
Aurrelari donostiarrak egina du igotzeko beharrezkoak izango dituzten puntuen kalkulua, eta bigarren itzulian 38 puntu beharko lituzketela uste du. Lehen itzulian 24 lortu zituzten txuri-urdinek.