GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Senosiain I.a kanpoan geratzea ezustea izan da

Olagueko aizkolaria 40 segundo aurretik zela heldu zen azkeneko lanera, baina han azkeneko enborrarri epaia itxi zitzaion, eta minutu bat galdu zuen

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Etxebestek, Senosiain II.ak eta Kañamaresek Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan aritzeko txartela lortu zuten, herenegun iluntzean Larraintzargo pilotalekuan jokatutako ekinaldietan.

Guztietan errazena Joxe Etxebestek izan zuen, izan ere, Igeldoko aizkolariak jokatu beharrik gabe egin baitu aurrera. Mendietaren aurka zen jokatzekoa, baina bizkaitarrak min hartu zuela-eta, azken unean ezin izan zuen parte hartu, eta gipuzkoarrak jokatu gabe aurrera egin ahal izan du. Beste biak, berriz, normaltasun osoz jokatu ziren.

Ez zen jende askorik batu kanporaketa hauek zuzenean ikusteko asmoarekin. Eguraldi oso txarra egin zuen, eta horrek ez zuen lagundu zaleak mugitzeko. Hala ere, demak politak izan ziren. Ilunabarreko ezusterik handiena Kañamaresek eman zuen Senosiain kanpoan utzita. Antonio Senosiain faborito bazen ere, Kañamaresek irabaztea ere ez zirudien horrenbesteko ezustea saioa hasi aurretik, baina nola joan zen ikusita, ordea, handia izan zen jendearen ustegabea. Olaguekoa azkeneko lanera 40 segundo aurretik sartu zen, eta dena erabakita zegoela eman arren, ez zuen asmatu lortutako aldeari eusten.

45 ontzakoa zeinek lehenago moztu neurtu ziren lehen lanean, eta Senosiainek irabazi zuen. Enborra 54 segundotan erdibitu zuen, eta hamasei segundo atera zizkion Kañamaresi.

Bigarren lanean, aldea handitu egin zuen Olaguekoak. Hor 45 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta berak minutu bat eta 43 segundo behar izan zituen, eta minutu bat eta 47 segundo, berriz, Kañamaresek. Horren amaieran, 40 segundotako aldea zuen Senosiainek, eta hurrengo kanporaketako txartela lortuta zuela zirudien. Usteak, ordea, ustel atera ziren, hartutako abantaila azkeneko lanean galdu egin baitzuen. Bi kana-erdiko erdibitu behar zituzten, eta lan horrek ez zirudien alderik ateratzeko modukoa zenik, baina izan zen. Lehen kana-erdikoa batera moztu zuten, eta bigarrenaren amaierara ere parean heldu ziren, baina Senosiainek epaia itxi egin zuen, eta hor hasi zen jira eta buelta, enborra erdibitu nahian, baina ezinean. Gero eta urduriago bera, baina aizkorak ez zuen enborra moztu nahi, eta minutu bat galdu zuen hortxe. Baita hurrengo faserako txartela ere. Berak, 5 minutu eta 41 segundo behar izan zituen lan hau amaitzeko, eta 58 segundo gutxiago Kañamaresek. Amaieran, Kañamaresek 7 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko, eta 7 minutu eta 58 segundo, berriz, Senosiainek.

Senosiain II.ak, aldiz, ez zuen ezusterako tarterik utzi, eta erraz menderatu zuen Esnaola. Olagueko gazteak minutu bateko aldea kendu zion amaieran, eta ekinaldiko hiru probak bereganatu zituen. 56 segundotan erdibitu zuen lehen 45 ontzakoa, eta 11 segundo atera zizkion Esnaolari.

Bigarrengoan, 45 ontzakoa zutik mozten, minutu bat eta 53 segundo behar izan zituen, eta zazpi segundo atera zizkion Zegamako aizkolariari. Hortaz, 18 segundoko aldearekin sartu zen azkeneko lanera, baina hor ere garaile izan zen, bi kana-erdiko bost minutu eta 34 segundotan bota baitzituen, eta Esnaolak, aldiz, 6 minutu eta 14 segundotan. Lan guztiak burutzeko, 8 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Senosiain gazteak, eta 9 minutu eta 21 segundo, berriz, Esnaolak.

Kañamares gaztea

Herenegun Larraintzarren helduen mailako hiru kanporaketa jokatzeaz gain, 18 urtetik beherakoen beste bat ere ikusi ahal izan zen, eta bertan Kañamares III.ak lortu zuen garaipena.

Gazte hauek ere hiru lan ezberdin egin behar dituzte, baina ligaxka moduan ari dira jokatzen. Kañamaresek Olano leitzarra izan zuen aurrez aurre. Proba guztiak bereganatu zituen, baina denetan lan asko egin behar izan zuen. Amaieran, 7 minutu eta 7 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko, eta 7 minutu eta 26 segundo behar izan zituen, berriz, Olanok.

Urrezko Aizkorak aurrera jarraitzen du, eta honako astean, larunbat ilunabarrean Ataunen jokatuko dira kanporaketak eta igande eguerdian, berriz, Lekunberriko pilotalekuan izango dira norgehiagokak.

Hormadik ezin izan du Liga bereganatu

Hormadik ezin izan du izotz gaineko hockeyko Liga bereganatu. Bigarren partida ere galdu egin zuen, eta Puigcerda izan da txapeldun. Lapurtarrak, lehen partida etxean galduta, Gironara ezustea ematekotan joan ziren, baina 8-6 galdu zuten, eta Liga Puigcerdan geratu da .

Gasteiz kopako azken fasean sartu da

Kopako final-laurdenetan aurrera egin du Gasteizek Majadahonda mendean hartu ostean. Txuri Urdin, aldiz, kanpoan geratu da Bartzelonak menderatuta. Kopako azken fasea datorren asteburuan jokatuko da Puigcerdan, eta Gasteizekin batera, Hormadi, Puigcerda eta Bartzelona arituko dira .

Jokatu gabe

Joxe Etxebestek ez du jokatu beharrik izan aurrera egiteko. Mendietaren aurka neurtu behar zituen indarrak, baina honek min hartu du, eta azkeneko unean ez parte hartzea erabaki du

Senosiain gaztea

Aitor Senosiainek ez zuen anaia zaharrenak bezainbesteko estuasunik pasa. Esnaola zuen aurrez aurre, eta hari hiru probak irabazi egin zizkionez, nahiko erraz lortu zuen sailkatzea

Javier Cuadrado korrikalariak marka berria ezarri du

Javier Cuadrado korrikalariak marka berria ezarri zuen herenegun. Saturdiko ermitako ate nagusitik atera, eta Larraizko ermitako ate nagusia ukitu ostean, Saturdikora itzuli zen. Guztira, 7.080 metro ziren, eta berak 23 minutu eta 27 segundotan egin zuen ibilbidea.

Herri kirolean gisa honetako marka saiakerak ohikoak ziren orain urte batzuk, baina aspaldian gutxi egin dira. Zaldibiako korrikalariak hor jarri du berea, inork gainditu nahi badu. Eguna ez zen aproposa izan, euria eta haizea izan baitziren nagusi; hala ere, ikusle dezente batu zen saioa ikustera .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo