«Erregea eta Bufoia» ikuskizunaren estreinaldia AulestiArten
GARA | AULESTI
AulestiArte egitasmoa burutuko da aurten ere Bizkaiko Aulesti herrian, bihar hasi eta igandea bitartean. Artedramak antolatuta eta bertako Udalaren laguntzarekin, antzerki, txotxongilo zein dantza ikuskizunak eskainiko dira, lau emanalditan banatuta.
Aipatzekoa da datorren larunbatean izango den «Erregea eta Bufoia» ikuskizunaren estreinaldia. Bertan, Andoni Egaña bertsolaria eta Ander Lipus aktorea aurrez aurre arituko dira 22.00etatik aurrera Udal Aretoan. Saio horretan gai-jartzailea Josu Goikoetxea izango da, eta desafioko epailea, berriz, Xabier Silveira. Musika lanetan Xabier Erkizia arituko da.
AulestiArte ekimeneko emanaldiak bihar hasiko dira eta, Nazioarteko Antzerki Egunarekin bat eginez, Bilboko Gaitzerdi antzerki taldeak «Uneka» bere azken lana erakutsiko du. Emanaldia gaueko bederatzietatik aurrera izango da, herriko Gaztetxean.
Dantza ikuskizuna
Ostiralean, hilak 28, Moare dantza taldeak «Fisura nº 2» izeneko dantza ikuskizuna eskainiko du Idoia Zabaletaren eskutik, 21.00etan Aulestiko pilotalekuan.
Azkenik, txotxongiloen emanaldia ere antolatu da, Errenteriatik datorren Deja Bu Panpin laborategiak «Gizona ez da txoria» ikuskizuna eskainiko baitu 18.00etan, herriko Udal Aretoan.
Emanaldi guztiak euskaraz izateaz gain, sarrera doan izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, bidalitako oharrean.
Horrekin batera, pasa den igandetik hilaren 30a arte, ADEL Arte dram Euskal Laborategia izeneko prestakuntza ikastaroa ari dira ematen Aulestin, eta herrialde ezberdinetako 12 ikasle ari dira bertan parte hartzen.