Aizkora Urrezko lehiaketa
Lau kanporaketa erabakita geratuko dira bi egunetan
Bihar gauean, 23.00etan hasita, bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira Zegamako pilotalekuan; eta etzi, berriz, 12.30ean hasita, beste bi Zumaian.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkorak beste lau kanporaketa gaindituko ditu datorren asteburu honetan. Bihar gauean Zegaman izango dira bi saio, eta etzi eguerdian, berriz, beste bi Zumaian.
Zegaman bihar gauean 23.00etatik aurrera jokatuko den saioak ikusmin dezente piztu du. Izan ere, bertan izango dira Patxi Mindegia, eta Aitzol Atutxa, eta bi hauek ikusteko irrikatzen dago zalegoa.
Bizkaiko txapeldunak pasa den astean Etxebeste kanporatu zuen, eta lan hauetarako oso ongi dagoela erakutsi zuen. Jendeak itxaropen handiak jarri ditu berarengan, baina bihar gauean ez du aurkari samurra izango, Aitor Senosiain izango baitu aurrez aurre.
Olagueko gazteak Esnaola eta Ugarteburu utzi ditu bazterrean jadanik, eta berriro ere aurrera egiteko asmotan joango da Zegamako pilotalekura. Pasa den abuztuan Euskal Herriko Bigarren Mailakoan bigarren postua lortu zuen, eta Lehen Mailara itzultzeko txartela bereganatu zuen. Berarentzat aurtengo erronka nagusia maila horri eustea bada ere, Urrezko Aizkoran ere lan on bat egin nahi du, eta horretan saiatuko da.
Patxi Mindegia ere ongi ibili da orain arteko bi saioetan. Garai batean etorkizun handiko aizkolaria bihurtu zen, 18 urte besterik ez zituela heldu zen Lehen Mailara, baina ez du gora egin, nahiz eta horretarako maila izan. Aizkorari utzita ere ibili izan da, baina badirudi gogoz dagoela izan zena berriz izateko. Ariztegi eta Barberena utzi ditu kanpoan. Bere aurka Aierbe II.ak jokatuko du. Ataundarrak erraz menderatu zuen pasa den astean Zubizarreta, eta Mindegiari ere ezustea emateko prest dago.
Zumaia
Etzi berriz, 12.30etik aurrera Zumaian izango dira ekinaldiak, Gurrutxaga plazan. Bertan Lasa eta Kañamares neurtuko dira lehen kanporaketan. Legorretakoa lehen aldiz arituko da aurtengo txapelketa honetan. Nafarrak, aldiz, jadanik Senosiain I.a eta Elorriaga utzi ditu bazterrean. Gipuzkoarra aterako da irabazteko faborito.
Beste kanporaketan, Etxeberria eta Zubiaga arituko dira nor baino nor. Nafarrak Bertiz eta Rodriguez baztertu ditu, eta Arabako txapeldunak, aldiz, Mujika eta Mugertza II.a. Kanporaketa hau estuagoa agertzen da, baina zaleek Etxeberriaren aldeko joera dute.
Jexuxmari Lasarentzat lehen saioa izango da etzikoa, eta aurrez aurre Kañamares izango du. Legorretakoak azken urte hauetan lan ona egin izan du txapelketa honetan, eta aurten ere ez du gutxiago izan nahi.
Bihar gauean Zegaman jokatuko den saioak ikusmin dezentea piztu du, bertan lau gazte izango baitira lanean. Patxi Mindegia Aierbe II.aren aurka neurtuko da, eta Atutxa II.a, berriz, Senosiain II.aren aurka.
Ander Erasunek marka saiakera bat egingo du etzi eguerdian, 12.00etatik aurrera Doneztebeko pilotalekuan. Aurtizko gazteak, 17 urte besterik ez ditu, eta marka eder bat utzi nahi du. Berak, orain dela hilabete pasatxo apusturako deia egin zuen, 19 urte bete gabekoa den edozeinen aurka jokatzeko, baina ez zen inor agertu.
Nafarra sasoi onean dago, eta une honetaz baliatu nahi du errekor hau egiteko, eta hogei kana-erdiko moztuko ditu. Miel Mindegiaren ikaslea da.