GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Euskal Herrikoa

Mugertza eta Senosiainentzat Lehen Mailan jarraitzeko azken aukera

J.L. | DONOSTIA

Antonio Senosiainek eta Fausto Mugertzak etzi neurtuko dituzte indarrak Etxauriko plazan, 12.00etan. Irabazleak aukera izango du Euskal Herriko Lehen Mailan jarraitzeko, baina galtzen duenak Bigarren Mailara joan beharko du.

Fausto Mugertza azkena geratu zen Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan, baina bertan izaterik ez duten aizkolarien aurka jokatzeko aukera ematen die arautegiak, mailan jarraitu ahal izateko.

Abuztuan Lakuntzan jokatu zen kanporaketara Larretxea eta Senosiain I.a ez ziren joan. Lehenengoak ez zuen sendagileen txostenik aurkeztu, eta Bigarren Mailara jaitsiko da. Senosiainek, ordea, medikuaren txostena agertu zuen, min hartuta zegoela-eta.

Mugertzak kanporaketa amaitu bezain azkar esan zuen Senosiainen aurka jokatuko zuela, eta neurketa hori etzi eguerdian izango da. Aizkolariek Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketan egin behar izaten duten lan bera egin beharko dute. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Garaipena lortzen duenak aurten Lehen Mailan aritzeko txartela izango du, eta galtzen duenak, berriz, Bigarren Mailan jokatu beharko du aurtengo denboraldian.

Norgehiagoka honetan Fausto Mugertza aterako da faborito. Mutrikukoa ongi prestatuta eta gogotsu dago. Senosiain I.a Urrezko Aizkoran lehen kanporaketan baztertu zuten, eta ez zuen aparteko itxurarik eman.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo