Euskara eta kaleko kultura eskutik joango dira Hip Hop egunera
Musikazaleek eta euskaltzaleek hitzordu garrantsitzua dute larunbat honetan Iruñeko Anaitasuna pabilioian, bertan ospatuko baita Hip Hop Eguna. Nafarroa Oinez-en harira antolatuta, euskara eta kaleko kulturaren proposamenak batera gozatzeko parada izango da egun osoan zehar. Gonbidatuen artean, besteak beste, Violadores del Verso rap taldea eta Bertsound System taldeak izango dira bertan.
MARTA MORALES
Hip Hop Eguna ospatuko dute larunbat honetan Iruñeko Anaitasuna pabilioian. 2008ko Nafarroa Oinezeko jardueretako bat izanda, euskara bultzatzea du helburu zita honek eta, horretarako, musika «moderno»arekin uztartzea bururatu zitzaien Jaso Ikastolako arduradunei, haiek baitira aurten Nafarroako ikastolen jaia antolatuko dutenak. «Aurtengo Nafarroa Oinez hiriburu batean ospatuko dela ikusita, konzeptu hori era batean islatu behar genuela pentsatu genuen eta, horretarako, kaleko kultura erabiltzea bururatu zitzaigun. Bertan, hip hopa sartzen da. Horrela sortu zen idea hau eta, azkenean, egun potentea atera zaigu», azaldu zuen Unai Arellano Jaso Ikastolako zuzendariak.
Izan ere, Violadores del Verso taldea Iruñean izango da. Gaztelaniaz kantatzen duen rap talderik garrantzitsuenetakoa izanda, argitaratu duten azken lanarekin urrezko diskoa ere lortu dute. Beraiekin batera, Bertsound System euskal taldea ikusteko aukera ere izango da, hau da, Aritz Sound System-ek eta Unai Muñoa eta Xabier Silveira bertsolariek osatutako taldea. Hala ere, larunbateko kontzertua berezia izango da, bi taldeen artean elkarrizketa modukoa izango baita, rockaren bitartez, euskara eta gaztelania tartekatuko duena. «Gauza nahiko bixia lortu dugu. Egun hau antolatzen hasi ginenean, Violadores del Verso Iruñera ekartzeko aukera sortu zen. Ostean, Bertsound System-eko kideak haiekin kontaktuan jarri ziren eta zerbait egituratuta daukate dagoeneko», aurreratu zuen Jaso Ikastolako zuzendariak.
Horretaz gain, Violadores del Verso rap taldea kanta bat euskaraz egiten ere saiatuko direla nabarmendu zuen Arellanok baina, horretarako, laguntza eskatu behar izan dutela onartu zuen. Hain zuzen ere, Bertsound System taldearen eskutik etorri da laguntza hori. Lortutakoa larunbatean entzutzeko eta gozatzeko parada izango da. Zehazki, 21.30etik aurrera, orduan hasiko baitira kontzertuak. Lehenengo, No Gratos & Mala Sombra taldeak entzuteko aukera izango da. Ostean, Bertsound System taldekoak igoko dira taulara, hauek 22.30 aldera. Eta amaitzeko, Violadores del Verso izango dira 23.30ean jotzen hasiko direnak.
Baina Hip Hop Egunean ez dira bakarrik kontzertuak eskainiko. Egun osorako hainbat ekimen eta tailer antolatu baitira Anaitasuna pabilioian bertan. Ateak goizeko hamaiketan irekiko dituzte, ordu horretan hasiko baita Hip Hop Eguna, Joseba Olagarai ETBko kazetaria aurkezle eta animatzaile lanetan izango duena. Eguerdiko ordu biak arte, DJ Totem-en musika entzungai den bitartean, grafiti eta skate tailerrak izango dira.
Arratsaldeko bostetatik aurrera, berriz, kaleko kulturari buruzko zinema dokumentala izanga da ikusgai. Gero, beren bizikletekin erakustaldia egingo du Ot Pi katalanak. Trial bizikletan aitzindari, eta 12 aldiz munduko txapeldun izandakoa, Tokion ere bada bere izena duen parke bat. «Gutxi barru, Ot Pi Jim Mao dorrera, Txinako eraikinik altuenera, 41 minuturen azpitik igotzen saiatuko da. Hori lortuz gero, munduko errekorra ezarriko luke baina, asmo hori betetzen saiatu aurretik, txapeldun handia Iruñean izango dugu», jakinarazi zuten antolatzaileek horren harira. Ot Pirekin batera, César Cañas txapelduna ere izango da.
Eta, azkenik, breakdance erakustaldia egingo dute Circle of Trust eta Team Rockest taldeek. Pabilioia 20.00etan hustu egingo dute ordu eta erdiz, tarte horretan gaueko hiru kontzertuak prestatu ahal izateko.
Hori guztia, euskara bultzatu eta zabaltzeko helburuarekin. «Gaur egun kultura eta hizkuntza anitzeko gizarte konplexua dugu eta gizarte-errealitate horren barruan euskarak kokagune egokia aurkitzea eta aurrera egitea dugu helburu», gogorarazi zuen Arellanok. Horretarako, hain zuzen ere, euskara eta kaleko kulturaren mugimendua batera gozatzeko antolatu dute larunbateko Hip Hop Eguna.