GARA > Idatzia > Kultura

La Fundicion aretoak Leire Ituarte eta Igor de Quadraren lanei egingo die leku asteburu honetan

Bilboko areto honek bertako sorkuntzei babesa emateko Zer(k)nias programa gauzatu du. Oraingoan, Ituarte eta de Quadrak bi gau elkarbanatuzko dituzte «Azul en tres actos» eta «Ikusi Mcuzzi» erakusteko.

p065_f01_97x80.jpg

Itziar AMESTOY | BILBO

La Fundicion aretoa prest dago dantzaz betetako udaberriko programazioari hasiera emateko. Horretarako, gertu dauden bi sortzaile aukeratu dituzte; Leire Ituarteren dantza eta Igor de Quadraren antzerki fisikoa, hain zuzen ere. Bi lanak Zer(k)nias programaren barruan aurkeztuko dituzte, hiru hilabetez behin bertako artistei leku egiten saiatzen den egitasmoaren barruan. La Fundicionekoek azaldu dutenaren arabera, areto honek lanak aurkezteko leku bat eskaintzeaz gainera «sostengu plataforma eta erreferentziazko toki» izan nahi du sortzaileentzat. Ituartek eta de Quadrak bi lan independente aurkeztuko dituzte, apirilaren 5eko eta 6ko gauetan agertokia elkarbanatuko duten arren.

«Azul en tres actos», Leire Ituarteren ekimena, malenkoniari ordaindutako zerga da. Bere sortzaileak, Ituartek, esan duenaren arabera, «gorputzaren bidez malenkoniari egindako omenaldi» bezala laburt daiteke lanaren edukia. Ildo berean, Ituartek esan du tristurak subjektua denboraren menpe jartzen duela eta hausnarketa hau taularatzen saiatuko dela. Horretarako Joseba Alvarez de Eulate eta Olatz de Andresekin bat ibiliko da.

Igor de Quadrak, bestalde, «Ikusi Mcuzzi» antzezlana dauka esku artean. La Fundicion aretokoek azaldu dute haiek izan zirela de Quadra adoretu zutenak bere lana aurkeztera. Antzerki fisikoan aditua da sortzailea eta, oraingoan, gorputzaren mugagabetasunean dauka abiapuntua bere ikuskizunak. Horretarako L. Cohen, Sostakovich eta J. Powellen musika erabiliko ditu.

Fitxa

Izenburua: «Azul en tres actos» eta «Ikusi Mcuzzi».

Data: Apirilaren 5ean eta 6an.

Ordua: 20.30ean.

Tokia: La Fundicion (Bilbo).

Salneurria: 10 euro

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo