BIRA
Kukubiltxok «Haritzaren azalera zehatza» antzeztuko du Durangon
Kukubiltxo antzerki taldekoek «Haritzaren Azalera Zehatza» antzeztuko dute gaur gauean Durangoko San Agustin aretoan. Atzo eskaini zuten saioaren ondoren, gaur 20.00etan egongo dira haien lanaren berri ematen. Antzezlan honekin taldea 30. urteurrena ospatzen ari da eta horretarako helduei zuzendutako lehenengo lana sortu dute. Ikuskizun honen protagonista neska itsu bat da eta hastapen bidaia egingo du bere itsutasunean barrena inguruan duen kultur mundua hautemateko. «Saioak ez du bost zentzumenen laguntzarik, iluntasuna du bidaide. Iluntasunean ikusi beharko du, beraz. Horixe da antzezlanaren abiapuntua eta paradoxa: garena onartzea, horretarako inolako ziurtasunik izan gabe», laburtu dute taldekoek.