Felipe Izagirre eta Maria Luisa Urbistondo(*) Gipuzkoako Duintasunez hiltzeko Eskubidea elkarteko kideak
Chantal Sébire: krudelkeria vs. eutanasia
Duintasunez hiltzeko eskubidea aldarrikatzen duen elkarte bateko kide izateak eman dien esperientziatik eta autoritatetik abiatuta, artikuluaren egileek «Sébire kasua» gogoeta orokorrago bat egiteko aitzakia gisa baliatu dute. Izan ere, edozein aitzakia baita ona libertateaz hitz egiteko.
Oraingoan frantziar Estatuan gertatu da. Chantal Sébiren 52 urteko andereari ukatu egin diote bere bizitzari amaiera duina emateko eskubidea. Argiago, demokrata deitzen direnek ahoan darabilten eta gizakiok dugun dohainik funtsezkoena eta ederrena, libertatea alegia, ukatu egin diote.
Chantal anderea eutanasiaren, hots duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko defendatzaile sutsua izan da, berekiko eta gizartearekiko, eta hori lortu nahian dabiltzan hainbat eta hainbat pertsonekiko. Eutanasia legeztatzeko botere publikoetara zergatik jo zuen galde egin ziotenean, zera erantzun zuen: «Urrats hau ematera nire gaixotasun sendaezinak bultzatu nau. Nire gaixotasuna gizarteratu egin nuen sufrimenduak ez duelako soluziobiderik. Hauxe da nire azken borroka. Neuretzat lortzen ez badut, nire ondorengoei balio diezaiela behintzat».
Eutanasia hitzak, heriotza ona esan nahi du. Kasuistika alde batera utzita, Chantalek heriotza duina eskatzen zuen. Horregatik esaten zuen «seme-alaba, lagun eta medikuez inguraturik joan nahi dut, bidaia ospatuz». Heriotzari bidaia, ospakizuna deitzen dio. Ez zuen onartu Justiziatik eta pertsonen gainetik legedia defendatzen dutenek eman nahi zioten erabakia, hots, koma egoera eragitea: «Egoera eta erabaki horri uko egiten diot, ez baitagokio nire izaerari eta nik sufritzen dudanari. Ez dut nahi nire seme-alabek -horietatik txikienak 12 urte ditu- egoera honetan ikus nazaten. Neu naiz sufritzen dudana, eta ni neu naiz erabakia har dezakeen bakarra». Kontzienteki eta askatasun osoz eginiko adierazpen eta testigantzok, eutanasiak, heriotza duinak duen zentzu zabalean, bere filosofian koka daitezke. Eutanasia, heriotza duina, heriotzarekiko jarrera, maitasunez inguraturikoa etab. Horiek dira heriotza duin baten ezaugarriak.
Alta, testigantza eta eskaera honi krudelkeriaz erantzun zaio. Izan ere, krudelkeriak ez sentimendurik, ez du maitasunik, ez du errukirik, ez sentsibilitaterik. Legeak lege dira inongo malgutasunik gabe. Eta, nola ez, krudelkeria gordina bere etxean hilik aurkitu ondoren egin nahi dizkioten autopsia eta gainontzeko ikerketak. Bere abokatuak doluminez zioen: «Autopsia eskatzea bihozgabea,basatia eta duintasunik gabekoa litzateke». Eta, halaber, krudelkeria gogor horrek ez ditu kontuan hartu Chantalek berak aipatutako hitz eder hauek: «Maitasunetik eta lasaitasunetik abiatu nahi dut nire azken bidaia». Aspaldi utzi zuen bere adiskideei zuzendutako tanatoriorako gonbidapena: «Partekatu Vincent eta Mathilderekin (bere seme-alabak) adiskidetasun kopa». Hitz ederragorik! Baina legeek ez dute sentimendurik eta ezin uler ditzakete horrelako hitzak.
Chantal Sébiren heriotzak -batzuentzat kondenagarria, besteentzat, berriz, duintasunez jantzia-, eutanasiaren edota duintasunez hiltzeko eskubidearen eztabaida gaurkotu du. Betikoan gaude. Zerbait gertatu behar barne kontzientzia astintzeko. Baina, funtsean, egoera hauek guztiak gizarteak heriotza bizitzeko modu desberdinen isla dira. Heriotzari ihes egiten zaio. Ezin uka, halere, aurrerapauso batzuk eman direnik. Horrelako gertakari baten aurrean komunikabideak berehala hasiko dira, ea eutanasia izan den, edo suizidio lagundua edota suizidio soila. Eutanasia pasiboa eta aktiboa bereizten ere saiatuko dira, legediak zer dioen etab. Paliatiboez eta sedazioaz ere inoiz baino gehiago hitz egingo dute, beti ere eutanasiaren alternatiba gisa. Ez da onartu nahi gizakiaren askatasuna dagoela jokoan, eta nahasketa guztiak hortik datozela. Askatasuna ukatu eta moralarekin ordezkatzen dugu. Onar dezagun lehenik, eta ondoren, gehiegikeriak sor ez daitezen arautu. Baina onar dezagun pertsona orok duela bere bizitzarekiko libertatea. Norberak aske izan behar du noiz eta nolako heriotza nahi duen erabakitzeko.
Maltzurkeriaz eta borondate txarrez eutanasia, duintasunez hiltzeko eskubidea eta, esate baterako zainketa paliatiboak, sedazioa eta abar kontrajarri ohi dira. Manikeismo hutsa da jarrera hori. Eutanasia defendatzen duen elkarteak ez ditu lehen aipatutako medioak ukatzen, aitzitik, onartu egiten ditu eta gaur egun behar baino askoz ere urriagoak direla salatzen du; froga gisa hor dago gure elkarteak Azken Borondateen aldeko legeen defentsan egin duen lana, non pertsona orok erabakitzen duen azken momentuak nola bizi nahi dituen. Azken batean, pertsonaren libertatea defendatzen da.
Baina baliabide horiek guztiak errespetatu eta aurrerapauso guztiak onartuz, garbi esaten du eutanasia ere defendatzen duela eta legeztatu egin behar dela. Kasuak banan-banan aztertu behar dira. Ez da berdin, adinaren eraginez hilzorian dagoen gaixoa eta beste edozein gaixotasun duen pertsona eta bizitzari askatasun osoz amaiera eman nahi diona. Gurpil aulki batean bizi direnen artean batzuk bizitzen jarraitu nahiko dute. Beste batzuk, aldiz, bere bizitzari amaiera eman nahiko diote. Zergatik ez bi pertsona ezberdinen horien askatasuna errespetatu?
Chantal frantziarra izanik Frantziako bazterrak astindu ditu eta entzun ere entzun dira gai honen inguruan egin beharreko hausnarketak. Estatu espainiarrean ere Chantal-en antzeko gertaerak izan dira, baita eztabaidak sortu ere, baina legedi aldetik ez da aurrerapausorik eman. Kode Penalak nabarmen bereizten ditu eutanasia pasiboa eta aktiboa, bata onartu egiten du, bestea zigortu.
Etikoki ez dago inolako bereizketarik. Eutanasia pasiboa deritzotena, egun tratamendu mediku egokiaz onartzen dena besterik ez da.
Aurreko legealdian PSOE prest zegoen espainiar Parlamentuan batzorde bat sortu eta eutanasiari buruz eztabaidatzeko. Oraingo honetan atzera egin du, nabarmen gainera. Arrazoi asko eman dira: Elizaren jarrera, Leganes-eko afera etab. Batek daki! Azken hauteskundeetan inor gutxik aipatu du heriotza eta duintasunez hiltzeko eskubidea. IU-Ezker Batuari soilik entzun genion eutanasiaren legeztapena eskatzen.
Gizartea gero eta laikoagoa da, eta egingo du bidea. Nork ukatu bere maitasuna inguruko batek, askatasun osoz, bizitzari amaiera jarri nahi diola esaten dionean? Baditugu buruan hainbat pertsona: Ramon San Pedro, Madelaine, Inmaculada eta beste asko. Hor maitasunik egon ez dela dioenak gezurra dio.
Dena den, legeak lege dira eta horietatik haratago norberaren lana da heriotzaren aurreko jarrera. Gure ustez, askatasunean oinarritutako jarrerak, edozein dela ere, errespetu osoa merezi du, eta gure elkartea beti bide horretatik abiatu da. DHE elkarteak arreta pertsonalizatuaren programaren bitartez 1999tik lagundu du duintasunez hiltzen eta bizitzaren bukaerarekin erlazionatutako milaka galderari erantzuten ere saiatu da. Itzulezintasuna, jasan ezineko sufrimendua eta erabaki librea baldintza ezinbestekoak dira DHE elkarteak laguntza eskaerari erantzun diezaion.
Chantal Sébire anderearen heriotzaren inguruko hausnarketa hau oroitza hitz hauekin bukatu nahi genuke, izan ere, oroitzea joan direnei bizia emateko modua baita. Beraiek amestea gure oroimen kolektiboarekiko konpromisoa da. Chantalek, Ramonek, Madaleinek, Inmaculadak, Jorgek, ama batek, anai-arreba batek, seme-alaba batek lagunduko digute gure odisean. Guztientzat, gure oroimenik maitekorrena.
(*) Felipe Izagirre eta Maria Luisa Urbistondoz gain Marta Barandiaran, Koldo Etxabe eta Mª Jesus Forcadak ere sinatu dute artikulu hau.