Lizeoetako ikasleen haserrea Hezkuntzako Lehen Mailako gurasoenarekin batu da
Arantxa MANTEROLA |
Harrotuta dabiltza azken egunotan hezkuntza arloko urak. Izan ere, datorren ikasturterako iragarri klase eta irakasle postuen murrizketengatik Lehen Hezkuntzako guraso eta eragileak egiten ari diren protestaldiei, orain Bigarreneko eta fakultateko ikasleena gehitu zaie. Horrela, atzo Baionako karriketan lizeoetako dozenaka ikaslek salatu zuten Estatu osoan aurreikusten diren 8.000 irakasle postuen galera.
Ikasle batzordeak deituta, goizetik abiatu ziren Ispiritu Saindu auzotik, eta Baiona Handiko kaleak igaro ostean, Herriko Etxearen aitzinean eserialdia eginda amaitu zuten mobilizazioa. Joan den udazkenean, «Pecresse legea»k eragindako erreformen inguruan sortutako ezadostunen harira egin zuten manifestazioa. Hain zuzen ere, besteren artean, Lanbide Heziketako batxilerrean hainbat aukera kentzeko asmoa ez dute onartzen ikasleok.
Bien bitartean, Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxetan ikasleen gurasoak protestaldiak egiten jarraitzen dute. Izan ere, 150 bat guraso -tartean Euskal Herritik joandako asko- kanpoan zirela, asteazkenean Batzorde Tekniko Parekideak Pauen egindako bilkurak ez ditu, inondik inora, beraien eskakizunak ase.
Datorren asteartera arte be-hin betiko eskola-mapa zein den jakingo ez den arren, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 28,5 irakasle postu kendu, eta 11 berri sortuko dira; baina sorrerok ez dute arindu desagertuko direnenen eragin kaltegarria. Paueko bilkuran beste bost irakasle-postu iraileko premia gorrienei aitzin egiteko erreserban daudela iragartzeak ere ez ditu, haatik, gurasoen kezkak gutxitu eta, horrela, hainbat eskoletan (Milafranga, Angelu, Hazparne, Hendaia...) okupazioak iraun egiten du.
Mozioa Angelun
Angelun dauden sei eskoletatik bostek irakasleak galdu egingo dituzte seguru asko. Udal taldeak, gurasoen kezkekin bat egin, eta neurrion aurkako mozioa onartu du aho batez. Jean Espilondo auzapez berriak errektoreei igorri die mozioa.
Akademiako inspektore Philippe Carrierek erran du «ikastetxeak okupatzea ez dela gauzak konpontzeko modurik hoberena». Bide batez nabarmendu du, datorren ikasturtean, murrizketak murrizketa, haur guztiak eskolaratzeko aukera izanen dutela, «besterik ez bada, beste ikastetxeetan edo inguruetako herrietakoetan».
Hezkuntza elebiduna eskaintzen dituzten eskolak -gehienak Ikas Bi-ko sarekoak- bereziki pairatuko dute ikasgelen murrizketa eta irakasle postuen desagerpena. Kentzea aurreikusten diren 18,5 postutik, 4,5 euskara irakasleei dagozkie.
Ikas Bi-ko Administrazio Kontseiluko kide Jean Iturburuk beraien atsekabea agertu du: «Aurten hezkuntza elebidunean atzerakada sumatu dugu eta desengainua hartu dugu Euskararen Erakunde Publikoarekin. Gainera, euskaraz irakatsiko duten irakasleen formakuntza areagotu eta azkartu beharko litzateke dauden beharrei aurre egiteko, ordezkapenak berak ere ez baitira betetzen».