Apirilaren 26an Leitzan eginen den NafaRock-en parte hartzeko deitu dute gazte independentistek
Jasone MITXELTORENA |
Nafarroako gazte independentistek atzo aurkeztu zuten antolatu duten besta-egun nagusia. Aurten Gazte NafarRock Leitzan ospatuko da, apirilaren 26an, eta bertan parte hartzeko deia egin zioten atzokoan Nafarroako gazteriari. Izan ere, «pairatzen dugun egoera latza salatu eta aurre egiteko antolatu eta borrokatzeko» beharra dagoela nabarmendu zuten. Apirilaren 26rako antolatu duten bestari buruz, 19.30ean manifestazioa izanen dela, eta ekitaldiaren ondotik kontzertuak hasiko direla jakinarazi zuten. Gonbidatuak izan diren taldeak Sorkun, Kaotiko, Etsaiak, Talco eta Altsasuko Batukada dira.
Beraien hitzetan, «miseriara kondenatuak gaude. Gure eskubideak egunez egun urratuak dira eta horren ondorioz, bizitza duina aurrera eramateko ezin-tasuna dugu». Urraketa horien artean nabarmendu zutenez, «heziketa inposatzaile eta autoritarioa jasotzen dugu; ikastetxeetako kontrol sozialerako neurriak eta Nafarroako Unibertsitateko segurtasun langileen jarrera horren adibidea dira». Hizkuntzari dagokionez, «Unibertsitateko nahiz Lanbide Heziketako ikasketak espainolez egitera behartuak» daudela jakina- razi zuten, eta gisa horretan, euskaraz bizitzeko «ezintasuna» dela-eta, hizkuntz eskubideak urratuak dituztela. Etxebizitza lortzeko zailtasuna da beste urraketa adierazgarri bat.
«Gazte eta aske» izateko jartzen dizkieten trabak ere salatu zituzten, hala nola espazio autogestionatuak zabaltzeko orduan. «Kanporatzeak, eta gazteok kontrolatzeko eta zapaltzeko bidaltzen dizkiguten kolore guztietako txakurrak» dira aipatu zituz- ten oztopoak. Langile gisa zapalketa antzematen dela esan zuten; baita emakume gisa ere, eta abortatzeko debekua, eta horretarako herrialdetik atera beharra jarri zuten adibidetzat.
Gatazkaren ondorioa
Politika arloan, «Nafarroan egoera ez demokratikoan bizi gara, aukera independentista babesten duen gazte askoren hitza eta erabakia ukatu baitira». Eskubide urraketen zerrenda «amaigabea dela» ondorioztatuz, aipatutakoak «adibide batzuk besterik ez direla» eman zuten aditzera.
Egoera hori «Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko eta armatuaren ondorio da», baieztatu zutenez. Testuinguru horretan, Nafarroan agintean dauden alderdi politikoak erantzu- letzat jo zituzten: «UPN, CDN eta PSN alderdiak euskal gazteria suntsitu nahian dabiltza, gure eskubideak zapaltzen dabiltza egungo egoera irauli ez dezagun. Horretarako Nafarroako Gobernuak bere makineria errepresibo guztia martxan jarri du: Polizia taldeak, auzitegiak, torturak, jipoiak, isunak, mehatxuak, jarraipenak...». Horrez gainera, «gazteon eta herritarron eskubideekin negozio egiten dutela» salatu zuten.
NaBai-ri dagokionez, beraien hitzetan, «hitz politak saltzen ditu, baina ez du ezer egiten». «Torturen, Itoizko urtegiaren eta AHTren inguruan» hartutako jarrera ekarri zuten gogora, eta «gaztetxeen eraisketa, etxebizitza lortzea, isunak eta udalak dituzten herrietan Poliziaren erabilera errepresiboa» egotzi zizkioten.
«Gure alternatiba bakarra independentzia eta sozialismoaren alde antolatzen eta borro-katzen jarraitzea da. Gazteon aukera independentziaz bizi eta independentzia bizitzea da», adierazi zuten agerraldian. Norabide horretan antolatu omen dute Leitzako jaialdia, eta Nafarroako gazteriari buruzko irakurketa horrekin bat egiten duen orok bertan parte har dezan deia zabaldu zuten.