GARA > Idatzia > Euskal Herria

AAMak errepresioa salatzen jarraituko duela esan du, hastear den epaiketaz harago

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aburuz, errepresaliatu politikoekiko laguntza zein elkartasuna kriminalizatu eta desagerrarazi nahi dute, hilaren 21ean Auzitegi Nazionalean hasiko den epaiketaren bidez.
p017_f01.jpg

GARA |

Madrilgo Auzitegi Nazionalean Amnistiaren Aldeko Mugimenduko 27 ordezkari epaitzen hasiko dira datorren apirilaren 21etik aitzina, «errepresio politikoaren salaketa eta preso zein errepresaliatuekiko babes eta elkartasuna kriminalizatu eta zigortzeko» den auzibide batean. Hala ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, atzo kaleratu oharraren bidez, berretsi zuen errepresioaren salaketa lanetan jarraituko duela, azken hiru hamarkadetan egin bezalaxe.

Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Askatasuna, Etxerat eta Giza Eskubideen Behatokiko ordezkariak auzipetzen dituen auzibideari hilaren 21ean emango diote hasiera Madrilgo Auzitegi Nazional espainolean. Orotara 27 izango dira auzipetuen eserlekuan eseri beharko duten euskal herritarrak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren iritzian, «auzi politiko honen bidez, Euskal Herrian askatasun demokratikoen eta eskubideen defentsan mugimendu honek azken 30 urteotan egin duen lana, eta egiten jarraitzen duena, kriminalizatu nahi da. Errepresio politikoaren salaketa eta preso zein errepresaliatuekiko babes eta elkartasuna da kriminalizatu eta zigortu nahi dutena».

Gainera, beraien irudiko, ekinaldi hau «errepresio politikoa inolako mugarik gabe burutzeko eta inpunitatea areagotzeko borondatez egin nahi du Espainiako Gobernuak». Ondorioz, preso, iheslari edota torturatuekiko elkartasuna eta laguntza zapuzteko asmoa du.

«Tortura da delitua, salatzea ez»

Baina Amnistiaren Aldeko Mugimenduak argi dauka delitua ez dela tortura salatzea, tortu-ratzea baizik. Hala, azaldu duenez, «presoen eskubideak defendatzea ez da delitua, presoak hondoratzeko dispertsioa, bizi osorako zigorra edota gaixotasun larriak dituztenak espetxean izatea dira delitu larriak. Estatuen biolentzia salatzea ez da delitua, estatuek ezartzen duten biolentzia da delitua».

Horregatik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak argi esan du «auzi honen aurrean, azken 30 urteetan bezala», lanean irmo jarraituko duela. «Izan ere, preso politiko bakar baten existentziak edota errepresio politikoaren existentziak mugimendu hau izan dadin beharrezkoa den elkartasun eta salaketa herritarra baitakar», gaineratu du agirian. Ildo horretan, lan eta konpromiso horiekin bat egiteko deia egin die euskal herritar guztiei Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo