GARA > Idatzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Aliatu behartsuen bila

Aldi eta alde guztietako agintari ahaltsuenen amets kutuna izan dela esango nuke: hil ala bizi behar duten laguntzaile indartsuari fideltasunik itsuena zorko dioten aliatuak aurkitu eta berenganatzea. Beraiek baino handiagoak edota indartsuagoak diren etsaiak hurbilegi dituzten herrialde txiki edo koskorrak, ia beti, balizko aliatu ahaltsutik urrun geratzen direnak. Inguruan bestelako adiskidantza alternatiborik gabeak, ia ezinbestez. Dozenaka adibide aurki daitezke historian. Nonahi. «Auzokoaren auzokoa, hori duzu laguna» dotrinaren aldagai zekentzat har genezake «Auzoan etsaiak baino ez dituenak, urrutiko lagunak behar» hau.

Joera zahar honek, hala ere, bestelako tornua hartzen du munduko hiperpotentzia bakarraren estrategia nagusi bihurtzen denean. «Premia larrian dauden aliatuak bilatzen ditugu; zenbat eta behartsuagoak orduan eta hobe» oihukatuz bezala dabiltza azkenaldian unilateralismoaren apostoluak nazioarteko mintzaleku guztietan. Eta premiatsuak asko diren arren, batzuei kosta egiten zaielako galerianoaren katea bihur daitekeela susmatzen duten tratuan sartzea... bada bulkadatxoak ere eman egiten zaizkie, estutasunak areagotuz erabakia bizkorrago har dezaten.

NATOk Bucaresten egin duen bileran ezin gardenagoa izan da estatubatuar estrategia arriskugarri hori. Goi-bilerako albiste nagusia zenari (eta erakundearen etorkizuna aldaraz dezakeenari), Frantzia egitura militarrera itzultzeari ezikusiarena eginez, Bushek bere teman jarraitu du: Errusiaren edo gisako beste baten beldur bere anima deabruari ere salduko lioketen herrialdeen bila. Alegia, NATOren barnean nahiz kanpoan derrigorrean aliatu itsuak izan beharko luketen sateliteez hornitzen.

Albania, Mazedonia, Georgia eta Ukraina izan dira hizpidean; baina zerrenda luza liteke: Kroazia, Montenegro, Kosovo... Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina denek dute premia geopolitiko larriaren ezaugarri komuna. Bloke militar atlantikoaren «kide sortzaile» europar ia denek susmorik gaiztoenez begiratzen dute dinamika hori baina, noski, ez dira ausartzen ezetz esaten; gehienera, eragozpenak ipintzen ahalegintzen ari dira.

Zertan datzan joera horren arriskua? Bada, ez diola inondik ere mesede egiten Europan bakea, demokrazia, elkarbizitza, garapena eta antzeko zorionak zabaltzeko asmoari. Bai, ordea, tentsioak areagotu eta armategiak berriro mukurutu nahi lituzketenei. Eta gero gerokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo