Joxean Lozano eta Karmelo Landa (*) BBK-ren 178 bezero ezkertiar eta abertzaleren izenean
Kutxetan ere ez dago demokraziarik
Zaila da hautagaitzak eratzea. Bezeroek, banaka ekin ezkero, ez dute zer eginik, prozesua oso konplexua delako, eta Kutxak ez daude hau errazteko prest Beharbada idatzi honekin konturatuko gara aurrezki kutxetako «hauteskunde arrunt» hauek langileentzat duten garrantziaz
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aurrezki kutxen balizko bategitea dela eta, bolo-bolo dabiltza hauen aginte organoetarako hauteskundeak. Zeresan handia dute hemen interes ekonomiko-politikoek, etorkizuneko euskal estatuaren balizko sorrerak eta Euskal Herriaren egitura ekonomiko eta finantzarioaren oinarri izateak.
Datuak suntsitzaileak dira, eta hauei esker erraz ulertu dezakegu BBK-ko Biltzar Orokorrerako bezeroen ordezkariak hautatzeko prozesua, adibidez. Hau, gainera, berbera da hiru Kutxetako edozeinetan.
BBK-k, bezeroen 400.000 kontu baino gehiago izanda, gutxieneko baldintza batzuk ezartzen ditu konpromisariogai izateko (boto-eskubidea izango dutenak): adin nagusikoa izatea, bi urtez bezero izatea eta zenbaketa egiten den hiruhilekoan 650 euro izatea batez beste. Hauteskunde hauetara arte, konpromisario hauek ziren Biltzar Orokorrerako hautagaitzak aurkezteko antola zitezkeenak, ondoren aginte-organoetan parte hartzeko aukera izateko (Administrazio-Kontseilua eta Kontrol-Batzordea). Lege berriarekin, Kutxak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen dituen edozein bezero izan daiteke hauteskundeetan aurkezten diren hautagaitzetako kide. Hala ere, zaila da hautagaitza horiek eratzeko antolatzea, lan handia delako balizko hautagai eta konpromisarioengana jotzeko beharrezko datuak lortzea, hala nola telefono zenbakiak eta helbideak, guztia Kutxak ezarritako epeen barruan. Ondorioz, alderdi politiko edo sindikatu baten egitura behar da gutxieneko berme batekin aurrera jotzeko. Bezeroek, banaka ekin ezkero, ez dute zer eginik, prozesu guztia oso konplexua delako, eta Kutxak ez daude hau errazteko prest.
Honen erakusgarri dira hauteskundeen antolakuntza-arauak: botoa emateko ordutegi murritza goizeko hamarretatik arratsaldeko lauretarakoa da, sei eskualdetan eta postazko botoa onartu gabe. Pentsatu zer den hori Barakaldora botoa ematera joan behar duen Karrantzako bezero batentzat edo Gernikara joan behar duen Bermeoko, Ondarruko, edo Mendexako baserritarrarentzat. Adibidez, Zumarragan lan egin eta hiruretan ateratzen den bezero batek ordubete izango luke Basaurira laurak baino lehen iristeko, guztia bere poltsikotik ordainduta eta lanean baimena eskatuta.
Baina botoen azkenengo emaitza ikusita, datuak txundigarriak dira: Bezeroen 400.000 kontuetatik (gutxieneko datua, seguruenik askoz gehiago izango baitira) azkenengo erroldan, hau da, hildakoak eta uko egin dutenak kendu ondoren geratzen diren konpromisarioak, honenbeste dira: 837 balizko botoemaile!
Beraz, azkenean, EAJk 129 botorekin 17 kontseilari lortzen ditu, PSOEk 99 botorekin 13 kontseilari, CCOOk 63 botorekin 6 kontseilari, eta ezker abertzaleak 67 botorekin 7 kontseilari. EAJri, PSOEri eta ezker abertzaleari beste kontseilari bana gehitu behar zaie, 2004an hiru postu hutsik geratu zirelako, Hauteskunde Batzordeak, arbitrarioki, hiru eskualdetan boto gehien jaso zituzten zerrendei eman ondoren.
BBK-k bukatutzat eman du Biltzar Orokorrerako bezeroen ordezkarien hautaketa prozesua, 361 boto erreal bilduta (tartean sei zuriz eta baliogabe bat), hau da, BBK-k ezarritako erroldaren %42,29. Errolda hau BBK-k zozketaz prestatzen du, baina oso zozketa berezia behar du izan; honen arabera, adibidez, Uribe eskualdean (bertan dira Bakio, Berango, Derio, Erandio, Larrabetzu, Lezama, Gaminiz-Plentzia, Getxo, Gorliz, Leioa, Loiu, Mungia, Sondika, Urduliz, Zamudio...) zozketa bidez ateratako 116 konpromisarioetatik ezker abertzaleak 6 boto bakarrik lortu ditu! Zer gertatzen da? Ez al da nabarmena eskualde horretan askoz bezero ezkertiar eta abertzale gehiago dauzkala BBK-k?
Argi dago BBK-ri ez zaiola interesatzen bere aginte organoetan bezeroek duten ordezkaritza hautatzeko prozesua erraztea. Nahikoa dute batzokietan lortutako eta ondo lotutako 129 botorekin. BBK-ren bezeroen aldetik lortutako 43 kontseilari hauei beste 11 gehituko zaizkie Bilboko Udaletik, beste 11 Bizkaiko Foru Aldunditik (antzinako Bilboko eta Bizkaiko aurrezki kutxen erakunde eratzaile bezala) eta beste 28 Bizkaiko gainerako udaletatik. Biltzarreko gainerakoa, 100 bete arte, langileen sindikatuen esku geratzen da (zazpi kontseilari).
Beharbada idatzi honekin konturatuko gara aurrezki kutxetako «hauteskunde arrunt» hauek langileentzat duten garrantziaz. Kutxa hauek gure aurrezkiak kontrolatu eta erabiltzen dituzte, trukean %0,01eko interes irrigarria ordainduz, eta gero eta komisio gehiagorekin zigortzen gaituzte libretengatik, txartelengatik, bikoiztuengatik, transferentziengatik... eta, berandu baino lehen, gure kontuko txeke bat kobratzeagatik ere bai.
Hala ere, sei eskualdeetako zerrendetan aurpegia eman duzuenoi eta haiei lagundu diezuen ezkertiar eta abertzale guztioi gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Zuen laguntzarekin ere zaila eta neketsua izan da, baina gabe ezinezkoa izango zatekeen. Lortutako emaitza pozik egoteko modukoa izan da. Gure ahotsa BBK-ren Biltzarrean egongo da. BBK demokratikoagoa eta gizartezkoagoa egiteko. Gizarte ekintza propioa edukitzeko, azpi-kontrataziorik gabe eta oso zalantzagarriak diren elkarlanak ekidinez. Gure gazteria Euskal Herria aske eta solidario batean bizi dadin, eta bizitzeko leku duin bat izan dezan, bizitza osoa eta ilusioak hipotekatu gabe. Karmelo Landa ere gogoan dugu, bere eskubide zibil guztien jabe izanda, BBK-ren hauteskunde hauetan aurkeztu da eta (bigarren kontseilari legez, Bilboren izenean, Arantza Urkaregi zerrendaburu dela). Besarkada handi bat Karmelorentzat eta euskal preso politiko guztientzat.
(*) Maite Barreña, José Luis Yuguero, Karmele Beobide, Joxean Rebolledo, Ixone Aierdi, Tasio Olabarrieta, Jone Goirizelaia, Fernando Sanz, Marian Martinez, Karlos Ruiz, Onintza Muruaga, Juan Carlos Gracia eta Eunate Jauregik ere sinatzen dute artikulu hau