GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Izan da, bagara, izango dira

Patxi Otaegi joan zaigu. Ia mende oso baten euskaldunen borrokak ezagutu ditu. Ez ditu bukatzen ikusi. Euskaldun, abertzale gisa bizi izan da

Frantziak Afganistanera tropak igortzea erabaki du. Bakearen lortzeko tropak omen. Alta, botatzen dituzten irudi guztietan frantses militarrak bertakoak gerlarako tekniketara formatzen dituztela erakusten digute. Funtsean, gerla ona dela erran nahi digute. Erran nahi baita beste gerla batzuk txarrak direla. Hor dago koska, botereak erabakitzen duela zein den gerla ona eta zein den txarra. Zein den lege ona eta zein den txarra, boterea duenaren araberako iritzia. Azken asteetan badirudi Frantziak Estatu Batuetako Gobernuarekiko lerrokatze zuzena hautatu duela eta, ondorioz, hango politikariek eskatzen dutena Paristik ezartzen dela martxan. Oso politika normala balitz bezala, Frantziako biztanleen interesak ez direlarik, Estatu Batuetako eragina gero eta indartsuago dago frantses gobernuaren baitan. Gertakari larri horiek aurkaririk ez daukate, ezkerra ez baita oraindik altxatu eta, nahiz eta azken hauteskundeetan ezkerrak eremu zati bat berreskuratu, ez du estrategiarik Sarkozyren politikari aurre egiteko

Oposiziorik gabeko demokrazia ez da demokrazia, horrek erreakzioak sortu behar lituzke! Ez, gobernuaren politikak lekukoak ditu gure artean ere. Hain xuxen, Herrien arteko Elkargoetako arduradunak izendatuko dituzten garai honetan, Lapurdi kostaldeko hegoaldeko hautetsiek, eskuinekoak, gehiengoa baino gehiago izanen dute, oposizioek ez baitute inongo ordezkaririk. Hamabi herri, bakoitzak gehiengoan diren hautetsien ordezkaritza bat izendatzen dituzten eta horiek Herrien arteko Elkargoan hamabi herrietako erabakiak hartuko dituzte. Abertzaleok horren salatzeko protesta bat antolatuko dugu, baina ez dugu ulertzen nola erabaki gune horietako hautetsiak ez diren hauteskunde zuzenen bitartez hautatzen, jakinik hor denen geroa erabakiko dela.

Nazio Batuen Erakundeak, Frantziak herri gutxituen hizkuntza eskubideak errespetatzen ez dituela adierazi du ozenki azken egun hauetan. Horretaz ez dugu deus irakurri prentsan. Nazio Batuen txostena isilpean gorde dute,maila honetan ez da deus mugitzen, hainbeste aipatzea maite duten omerta lege bihurtu da frantses komunikabideetan, Gobernuaren bozgoragailu bihurtu dira. Horri aurre egiteko Autonomia Eraiki taldeak iniziatiba interesgarria bultzatu du eta Nazio Batuen Erakundera joango da New Yorkera Ipar Euskal Herriko bertako biztanleen eskubideak bermatzen ez dituelako. Lehen aldia da Ipar Euskal Herritik horrelako iniziatiba bat bultzatzen dela. Baliteke Behatokitik Hizkuntz eskubideen alde Genevan tokiko herrien eskubideak New Yorken defendituz garai berean, oihartzun zerbait lortzea nazioen arteko erakunde horretan. Irekidura berria izan liteke, Udalbiltzak aitzineko hilabeteetan egindako urratsen ondotik.

Patxi Otaegi joan zaigu. Ia mende oso baten euskaldunen borrokak ezagutu ditu. Ez ditu bukatzen ikusi. Kontatzen ziguna ez genuen beti ulertzen guk baino erreferentzia historiko gehiago ezagutzen baitzituen. Euskaldun, abertzale gisa bizi izan da. Izan da, bagara, izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo