GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Bertsoplaza.tv, bertsoei buruzko ikuskariak hedatzeko ekimena

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Garai batean, bertsolaritza ikusteko modu bakarra plazara hurbiltzea zen. Irratia hasi zen geroago saioak ematen eta, azkenik, orain dela 20 bat urte, telebista gehitu zen». Ion Ansak azaldu du bertsoen hedapenak izan duen garapena eta bera da, hain zuzen ere, prozesu honen hurrengo pausoaren arduraduna. Bertsoplaza telebista Internet bidez bertsoekin zerikusia duten hainbat ikus-entzunezko material zabaltzeko asmoz jaio zen otsailaren 22an. Bertsozale Elkarte Kulturalak bultzatu duen ekimen honen helburu nagusia talde horrek esku artean dituen ikus-entzunezko materialak hedatzea da, horretarako Internet baliatuz.

Edukien aldetik, eskaintza zabala du telebista honek: bertsolaritzaren inguruko erreportajeak, elkarrizketak eta saio desberdinen zatiak. Ion Ansak azpimarratu duen beste atal bat «Kulturartekoa» da. Honetan, bertsoez gainera inprobisazioan aritzen diren taldeen berri emango dute. «Mundo osoan inprobisatzen da, eta ailegatzen zaizkigun materialak han zintzilikatzen ditugu», azaldu du.

Ikus-entzunezko material asko eskaintzen duen arren, erantzun eta erabilera aktiboaren bila dabiltza arduradunak. Internetek dituen abantailak ikusita, edonork gehi dezake bere bideoa web-gunera inolako zailtasunik gabe. Horrela, bertsolari batek botatakoari erantzuna eman nahi bazaio, grabatu eta jarri besterik ez da egin behar. «Youtube-ren antzera dabil, izena ematearekin nahiko da edukiak jartzeko», argitu du Ansak. Hau da, identifikatuta dagoen edonork «Bidali zure bideoak» atalean sartu besterik ez du egin behar eduki bat jartzeko.

Parte hartzea denez ekimen honen ardatz nagusietako bat, publikoaren erantzuna baloratzeko froga epe bat jarri dute arduradunek. Abian otsailaren 22an jarri zen arren, aurkezpen ofiziala ez dute apirilaren amaiera edo maiatzera arte egingo. Hilabete hauetan, publikoaren erantzuna neurtu eta iritziak bilduko dituzte. Web-gunearen egitura orokorrean, ordea, ez dute aldaketa sakonik gauzatuko, erantzun positiboa izan baitute.

Ion Ansak argitu du telebista hau ez dela bertsoen munduko lehenengo ekimena. Ildo berean, Jexux Mari Irazuk bultzatu zuen www.bertsoa.com lana nabarmendu du telebista berri honen aitzindari bezala. Ansak azaldu duenaren arabera, ordea, oraingoan Bertsozale Elkartearen proiektu orokor baten aurrean gaude. Horregatik, elkarte honen parte diren pertsona guztien laguntzaz eta parte hartzeaz hornituko da ekimena helburu argi batekin: bertsoplaza.tv sakatzean, ikus-entzunezko material interesgarria eta anitza aurkitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo