Aizkora | Euskal Herrikoa
Antonio Senosiainek maila nagusian jarraitzeko txartela eskuratu du
J.L. | DONOSTIA
Antonio Senosiainek Euskal Herriko Lehen Mailan jarraituko du, atzo hala erabaki zen, Fausto Mugertza mendean hartu baitzuen. Mutrikukoa izan zen azkena iazko Euskal Herriko Txapelketako kanporaketan, baina bertara joan ez zirenen aurka jokatzeko aukera zuen, eta horixe gertatu zen.
Olagukoea ez zen han izan min hartuta zegoelako, sendagilearen txostenarekin berretsi zuen hori. Kanporaketara agertu ez zen beste aizkolaria Donato Larretxea izan zen, baina ziurtagiririk aurkeztu ez zuenez, Bigarren Mailara jaitsiko da.
Atzo aizkolari bakoitzak Euskal Herriko kanporaketan egin beharreko lan bera egin behar izan zuen. Bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituzten.
Lehen kana-erdikoa Mugertzak aurretik bota zuen, eta hurrengoetan pare-parean ibili ziren, baina oinbikoetan aurrea hartu zuen Senosiainek, eta apurka-apurka aldea ateratzen hasi zen. Azkenerako Mutrikukoak ere etsi egin zuen, eta Senosiainek garaipena erdietsi zuen aurtengo denboraldian Lehen Mailan jarraitzeko txartela eskuratuz. Mugertzak, aldiz, aurtengo denboraldian Bigarren Mailan hartu beharko du parte. Senosiainek, lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 9 segundo behar izan zituen, eta Mugertzak, aldiz, 22 minutu eta 3 segundo.
Hala ere, aurten Lehen Mailak aizkolari bat gutxiago izango du, Peñagarikanok aizkora utzi egin baitu, eta hamabi izatetik hamaika izatera pasako dira, ezusterik ez bada, behintzat.