GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko Aizkora

Mindegia, Atutxa II.a, Etxeberria eta Lasa sailkatu dira

Garaipena lortu zuten laurak ziren irabazteko faboritoak, inork ez zuen hutsik egin eta aurreikuspenak bete egin ziren

p048_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ezustekorik gabe amaitu dira Urrezko Aizkorako hirugarren kanporaketak. Patxi Mindegia, Atutxa II.a, Lasa eta Etxeberria ziren irabazteko faboritoak, eta laurek egin zuten aurrera.

Herenegun gauean Zegaman jokatu ziren lehen bi kanporaketak. Patxi Mindegiak, Mielen semeak, ongi menderatu zuen Iñaki Aierbe. Zubietakoak jokatu beharreko hiru saioetan nagusi izan da, eta aurtengo txapelketako hirugarren kanporaketa ere gainditu du. Lan guztiak amaitzeko, 7 minutu eta 22 minutu behar izan zituen, eta Aierbek, berriz, 8 minutu eta 20 segundotan burutu zituen egin beharrekoak.

Aitzol Atutxak eta Aitor Senosianekin jokatu beharrekoak ere piztu zuen ikusmina. Bizkaiko txapeldunak erraz gainditu zuen Olaguekoa, jokatu beharreko lau ekinaldietan nagusi izan baitzen. 8 minutu eta 12 segundotan amaitu zituen lan guztiak, eta Olaguekoak, aldiz, 9 minutu eta 55 minututan burutu zituen lanak.

Atzo Zumaian jokatu zituzten beste bi kanporaketak, eta han ere ez zen izan inongo ezusterik. Lasak Kañamares menderatu zuen. Legorretakoak lehen kanporaketa zuen atzokoa, eta ez zuen izan aparteko arazorik garaipena erdiesteko. 9 minutu eta 40 segundotan erdibitu zituen enbor guztiak, eta Kañamaresek, aldiz, 10 minutu eta 29 segundo behar izan zituen. Kanporaketa honetako denborak izan ziren jardunaldiko eskasenak, baina enborrak ere jardunaldiko txarrenak izan ziren.

Beste neurketan, Felix Etxeberriak ez zuen hutsik egin Zubiagaren aurka, eta garaipena erdietsi zuen. Lehen lanean galdu egin zuen, baina hurrengo hiruretan, erraz lortu zuen garaipena. Lanak 7 minutu eta 19 segundotan amaitu zituen, eta Zubiagak, aldiz, 8 minutu eta 38 segundotan burutu zituen. Laugarren kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira, eta nola izango diren erabakita daude. Etxeberriak Txapartegiren aurka jokatu beharko du. Mindegiak Vicenterekin jokatu beharko du eta Atutxak Peñagarikanoren aurka jokatu behar zuen, baina Beizamakoak aizkora utzi egin duenez, aurrera egingo du bizkaitarrak, eta Lasak Mugertzarekin jokatuko du. Asteburu honetan, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu, 45 ontzakoa erlojuz kontra, kana-erdikoa zutik, eta 54koa eta 60koa izan dituzte lanerako.

Hasieratik

Felix Etxeberriak eta Patxi Mindegiak Urrezko Aizkorako lehen kanporaketan abiatu zuten aurtengo lehiaketa. Sunbillakoak eta Zubietakoak guzti-guztiak irabazi dituzte.

Ander Erasunek marka bikaina egin du hogei kana-erdiko moztuta

Ander Erasunek marka bikaina egin zuen atzo Donezteko pilotalekuan. Aurtizko aizkolariak 17 urte ditu, eta atzo adin horretako marka ezarri nahi izan zuen hogei kana-erdiko moztuta, eta lortu ere lortu zuen.

Miel Mindegia eta Lorentzo Apezetxea alboan zituela, 52 minutu eta 49 segundo behar izan zituen lanak burutzeko, denbora bikaina egin zuen beraz.

Egia da eramandako enborrak onak eta gozoak izan zirela, baina orain arte 17 urterekin inork egin ez duena egin zuen. Orain dela hilabete desafio bat bota zuen, baina inork ez zion erantzun, eta marka egiteko erabakia hartu zuen. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, eta 400 ikusle inguru batu ziren. Bere saioa bakarrik izan arren, jendeak ederki gozatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo