GARA > Idatzia > Kultura

«Oraindik goian egoteko gai naizela ikusteak sekulako poza eman dit»

p057_f01_012x012.jpg

Asier Otamendi, Arabako txapelduna

Urrezko aroa pasatua zuen, azkenekoz 2005ean sentitu zuen txapelaren beroa. Dagoeneko pentsatzen hasia zegoen urte onenak joan zitzaizkiola. Horregatik, momentu berezian datorkio txapela, bere bederatzigarrena. Bertsoaz lagunartean eta zaletasun modura gozatzen ari zen garaian txapela jantzi izanak esanahi berezia dauka Otamendirentzat, horrela ere txapeldun izan daitekeela erakutsi baitio.

Ajea beti da aje, nahiz eta txapelak asko samurtzen duen. Finalaren biharamunean, Asier Otamendi gustura zegoen, jositako finalarekin gustura eta, noski, baita jasotako sariarekin ere.

Txapela Kakiturriko koadrilarentzat. Nahiko garbi zenuen eskaintza, ezta?

Egia esan, urte osoan ibili gara elkartean, lagunartean bertsotan, hori delako une honetan gure bertsoa bizitzeko era. Asko animatu naute, eta garbi neukan txapela jantziz gero, horiei zor niela.

Zer moduzkoa izan da txapelarekin beste behin topo egitea?

Oso pozgarria izan da. Azkeneko urteetan baxu samar nenbilen, Nire onenak emanda nengoela pentsatzen hasia nintzen. Aurten, gogoa piztu zait, eta oraindik ere hor goian egoteko gai naizela ikusteak sekulako poza eman dit.

Bederatzi txapela dituzu dagoeneko, bakoitza desberdina, seguru asko. Nolakoa da oraintxe jantzi duzuna?

Nik, bertsolaritzan, garai on bat bizi izan dut, urte oparo batzuk. Ondo nenbilen kantuan, txapelak janzten nituen eta saioak ere dezente egiten nituen. Aparretan ibili naiz pixka bat. Baina, azken urteetan, lasaiago ibili naiz, baxuago, lagunartean gehiago, bertsoa zaletasun modura bizi izan dut batez ere. Horregatik, bertsoa era horretan bizi izanda txapela janzteak frogatzen du bertsoa era askotan bizi daitekeela, eta, hala ere, txapeldun izan zaitezkeela. Saritxo bat da eta nire martxan ibili arren, horrek bere fruituak eman ditzakeela adierazten du.

Oso erregular aritu zinen. Esana zenuen zu kontserbadore samarra zinela eta ez zenuela arriskatuko. Larunbatean, behinik behin, erregulartasunak garaitu zuen.

Txapelketan garrantzitsua da bertso bakoitzean ez huts egiten saiatzea, eta horrela ari zarela apartatzeko moduko saio pare bat joan daitezke. Nik finalean saio pare bat egin nituen nabarmentzeko modukoak, eta gainontzekoetan erregular aritu nintzen, gorabehera handirik gabe. Txapelketa, finean, hori da. Oso goian egon ahal izateko oso ona izan behar da eta oso prestakuntza ona eduki behar da. Ni saiatzen naiz bertso guztietan zerbait esaten eta finalean horrek mesede egin zidan, huts nabarmenik ez nuen egin eta horrek, azkenerako, puntuak pilatzen laguntzen du.

Lehen ariketan, zortziko handian, saio polita josi zenuten Enbeitak eta zuk. Ondo hastea garrantzitsua da, ezta?

Bai. Horrek morala ematen dizu eta saio ona egiteko moduan zaudela ikusten duzu. Gai polita egokitu zen parean eta Zigorrekin gustura aritu nintzen. Hark bere egitekoa ondo bete zuen eta nik, neurea. Horrek aukera eman zigun saioa biribiltzeko.

Eta, buruz burukoan, Manex Agirrerekin. Zeure burua azken txanpan ikusten al zenuen?

Egia esan, atsedenaldi txiki horretan hizketan aritu ginen eta aukerak ia denok geneuzkala aipatu genuen. Ez genuen inor nabarmen ikusten buruz burukoan, eta nik neure burua ere ez nuen seguru ikusten. Manex hautagaietako bat izan zitekeela ikusten nuen, baina, bigarrena, edozein izan zitekeen. Nire izena entzun arte ez nuen seguru ikusi.

Buruz burukoan nahiko eroso aritu zinen.

Uste dut saiorik onena orduan egin nuela. Lehen bietan egoteak ematen dizu garantia bat, eta dagoeneko ez diozu hainbeste garrantzi ematen irabazteari. Bertsotan ondo egitera atera nintzen eta seiko motzean asmatu egin nuela uste dut. Manexekin oso ondo egiten da bertsotan eta, batez ere, seiko motzeko saioarekin geratzen naiz. Zirikatzeko aukera ematen zuen gaia zela pentsatu nuen eta hortik jo nuen.

Eta, kartzelakoan, etorkin baten ahotik kantatu zenuen. Garbi ikusi al zenuen nondik jo?

Egia esan, gai ireki hauetan ez dut inoiz garbi ikusten nondik heldu. Minutu erdi bat eman nuen gaia nondik heldu erabakitzen. Izan ere, egoera pertsonaletik edo simulatutik heldu zitekeen gaia. Egoera pertsonaletik ez nuen ikusi hiru bertso josteko argumenturik eta, simulatutik, etorkin baten paperean kantatzeko bidea ikusi nuen.

Zeu ere etorkina zara, arabartutako gipuzkoarra. Zure iritzian, nongoa zara?

Jatorriz gipuzkoarra naiz. Baina, Arabara etorri nintzen eta hemen ikasi zuen bertsotan, hemen egin nintzen bertsolari. Horregatik, bertsolari modura beti izango naiz arabarra, hori oso garbi daukat. Arabako familiak bere babesa eman dit eta berari esker naiz bertsolaria.

Oro har, nola ikusi zenuen finala oholtza gainetik?

Final polita ikusi nuen. Hobetu daiteke, baina sei bertsolari on ikusi nituen oholtza gainean. Batez ere Anderek saio polita egin zuela uste dut, eta jendearen aldetik ere oso iritzi onak entzun ditut. Poztekoa eta geure burua zoriontzeko modukoa da. Aurrera jarraitzeko baditugu mila motibo.

Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo