KRONIKA | Hizkuntza eskubideen eguna Atarrabian
«Urratsez urrats Euskal Herri euskalduna eraikitzen ari gara»
Lan eginez, ilusioz, borrokatuz Euskal Herri euskalduna eraikitzen ari garela erakutsi zuen atzo Atarrabiako euskaltzale uholdeak. Auzoz auzo, herriz herri urratsak egiten jarraitzera animatu zuen jendea EHEk. «Denon artean lortuko dugu».
Maider IANTZI
Atarrabiako plazak itxura ederra zuen eguerdian. Ikurrina handi baten gibelean joaldunak zeuden instrumentuak astintzeko zain. Lagun koadrilak eta familiak solasean ari ziren lasai-lasai txistorra pintxoak jaten eta trago batzuk hartzen. Bazterretan, hainbat postu zegoen: Euskal Herrian Euskarazeko arropa eta materiala saltzen zuten batean, Jardunaldi Feministen inguruko informazioa zegoen bertzean... Haurrentzako txoko bat ere bazen jolasteko eta marrazkiak egiteko. Erdian, mahai luze-luze batzuk, bazkaltiarren esperoan.
Eguzki goxotan abiatu zen manifestazioa, ikurrinaren eta arrano beltzaren gibeletik. Joaldunak zihoazen buruan, adar eta joare hotsekin giroa animatzen, eta ondotik dantzariak, EHEren bandera handi bati eusten. «Euskal Herrian euskaraz!», oihukatu zuen herritar batek, eta garrasiak eta suziriak nahasi ziren.
«Euskara, hizkuntza ofiziala» aldarrikatuz suge koloretsuak Kale Nagusitik Esteban Armendarizera jo zuen. «Euskararik gabe Euskal Herririk ez», ohartarazten zuen suge luzeak, denetariko jendeak osatutako suge bizi eta amaierarik gabeak. Ez zen bukaerarik ikusten behintzat. Atzealdera begiratu eta martxa bukatuko zela ematen zuenean, hor agertzen ziren haur kotxe, amatxi-aitatxi eta gazte gehiago. Irudi hori -etengabe jende berria ikustea- euskalgintzaren izaeraren erakusgarri izan daiteke: etengabe ari da jendea lanean eta urratsak egiten, eta aurrerantzean ere hala izanen dela ematen du belaunaldi berriak ikusita. Suge luze eta koloretsu horretan parte garrantzitsu ziren haurrak. Helduren baten bizkar gainean, trizikloan, bizikletan, ume kotxean edota joareen erritmora saltoka eta dantzan zihoazen txiki horiek guztiak, aurpegitxoak margotuta anitz.
Oianpea, Ezkaba eta Fermin Tirapu kaleak zeharkatu zituzten giro alaian, espaloi eta balkoietatik herritarrak begira zituztela. Euskaraz ikasteko eskubidea eskatzen zuten garrasika. Kale Nagusian barna, atera bezala sartu ziren bueltan plazara, «Euskal Herrian euskaraz» oihuka. Oholtza dotore bat zuten zain, eta jendea.
Bi joaldun goititu ziren taula gainera eta adarrekin musika sortu zuten, hurbiltzeko deia egin zieten plazan sakabanatutako gizon-emakumeei. «Ongi etorri!», hasi zen hizketan Euskal Herrian Euskarazeko bozeramaile bat. Orain dela bost urte hasi ziren Hizkuntza Eskubideen Eguna ospatzen; Lesakan egin zuten lehenbiziko edizioa eta Oiartzunen, Santurtzin eta Azpeitian izan ondoren, Atarrabiak hartu du aurten lekukoa. Oztopoen gainetik, jaia Iruñeko Merindadeko herri honetan egitea lortu dutela adierazi zuten. Azaldu zutenez, bertan ospatu nahi izan zuten eguna iaz, baina orduko Udalak ez zien utzi eta ondoko herrikoak, Burlatakoak ere ez. Hortaz, Azpeitian antolatu zuten festa eta Atarrabian eta Burlatan manifestazio bat egin zuten Udalaren jarrera salatzeko. «Gure borrokaren eta euskaltzale guztion lanaren fruitua da hemen egitea lortzea», nabarmendu zuten.
Jotak
Azpeitira begira jarri ziren eta gogora ekarri zuten nola iazko ospakizunean UEMAn sartzeko nahia agertu zuten. Larunbatean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu zen Urola Kostako herria. «Lan, ilusio eta borrokaz Euskal Herri euskalduna eraikitzen ari gara», baieztatu zuten pozik.
Bi neska gazte oholtzara igo, eskuak gerrian paratu eta jotak kantatzen hasi ziren. Mezu horixe bera zabaldu zuten lau haizetara beren ahots indartsuekin: «Euskara zabal dezagun eta guztion artean Euskal Herri euskalduna eraiki pausorik pauso». «Faltzesetik Baztanera euskararen eskutikan Faltzesetik Baztanera guztion hizkuntza baita».
«Gure eskubideak ukatuak dira Euskal Herri osoan», kritikatu zuten EHEko lagunek. Atarrabian ere euskaraz bizitzea ezinezkoa dela salatu zuten, eremu publikoan eta pribatuan ukatzen baitizkiete euskaldunei dagozkien eskubideak. Ukazio horren aurrean, euskalgintzak hizkuntzaren normalizazioaren alde indarrak bildu eta eraikuntza lanean diharduela jakinarazi zuten. Ohartarazi zutenez, Hizkuntza Eskubideen Eguna hemen egitea ez da kasualitatea. Erran zutenez, hizkuntza eskubideen urraketak asko dira Atarrabian, baina, aldi berean, euskararen alde lanean ari direnak ere asko dira. Horregatik, ziur daude gai izanen direla egoerari buelta emateko.
Arkua eta umeak arrastaka
Dantzariek agurra dantzatu zuten, eta ondotik arku dantza, ikusleak animatuz. «Aupa neska-mutilak!», oihukatzen zieten, eta gero eta azkarrago jotzen zituzten arkuak arkuen kontra, euskararen aldeko urratsak izango balira bezala. Haur talde bat lurrean etzanda zegoen begira eta poliki-poliki aitzinera egiten zuen arrastaka, Euskal Herriko hizkuntzaren aldeko suge koloretsu berri bat jaiotzera doala adieraziz bezala.
Udal administrazioan, osasun zerbitzuetan, justizia administrazioetan, komunikabideetan euskaldunen eskubideak zapaltzen dituztela salatu zuten. Gainera, bizi diren probintziaren edo herriaren arabera, eskubide ezberdinak aitortzen dizkietela zehaztu zuten: Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian ofizialtasuna paperean soilik dagoela pentsatzen dute; Nafarroa Garaian «Ley del Vascuence» delakoaren ondorioak pairatzen dituztela azaldu zuten; eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, liberté, egalite eta fraterniték eskaintzen duen hizkuntza bakarra frantsesa dela deritzote.
Beren ustez, euskarak beste estatus bat behar du: ofizialtasuna behar du Euskal Herri osoan eta lege babes berezia ere bai. Lege honek honako ezaugarriak lituzke: euskara berezko hizkuntza izendatuko luke, ofiziala eta lehentasunezkoa; euskal herritar guztiek ezagutzeko beharra azpimarratuko luke; eta euskaldunon eskubideak Euskal Herri osoan aitortuko lituzke.
EHEren arabera, gaur egun euskaldunok ez gara euskarak behar duen aldaketa libreki erabakitzeko eskubidearen jabe. Bigarren mailako herritarrak gara. Euskararen egoera errotik aldatzeko lanean segituko dutela ziurtatu dute.
Leloak dioen bezala, auzoz auzo, herriz herri urratsak egiten ari da euskalgintza, oztopoak gaindituz, elkarlanean arituz. Horretarako gaitasuna baduela uste du EHEk. Administrazioei dagokienez, gutxi espero du haietatik.
Eskerrak eman zizkieten Atarrabian bildutako guztiei eta benetan pozten dituena euskararen hauspoari eragiteko hainbeste euskaltzale dagoela jakitea dela azaldu zuten. «Pozgarria da herria euskaltzalez beteta ikustea», adierazi zuten.
Lanean tinko jarraitzera animatu zituzten herritarrak. «Denon artean lortuko dugu Euskal Herri euskalduna», baieztatu zuten. Oraindik lan handia egin behar dela deritzote, baina ziur daude presio sozialaren bidez lortuko dutela.