GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | Patxi Otaegiri azken agurra Legorretan

«Omenaldirik hoberena hainbatetan amestu zuen agertoki askea lortzea da»

Ez zen askok nahiko luketen ekitaldia izan. Patxi Otaegi, «Sestero», hain berea zuen txapela eta guzti taula gainean zela omen egitea baitzuten desioa. Hala eta guztiz ere, ekitaldi sentitu eta goxoa prestatu zuten, «hitzetan zorrotz eta konpromisoetan sendo» zen herritarrarentzat. Iheslariek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidearen aldarri bilakatu zen atzoko ekitaldia ere.

p013_f01.jpg

Maider Eizmendi

Joan den igandean hil zen 87 urte zituela, Patxi Otaegi, «Sestero», Donibane Lohizunen. 27 urte zeramatzan iheslari politikoak Legorretatik kanpo, baina atzo eguerdian egin zuten azken agurrean nabarmen geratu zen legorretarren barru gogoan oso presente jarraitzen zuela.

Eguerdirako jende mordoxka pilatzen hasia zen plazan. Taula gainean Otaegiren irudia, pilotan jolasteko bi saski -horiek egiten zuen abilidadeak eman zion, hain justu, Sestero goitizena- eta atzeko aldean pankarta handi bat «Patxi Xestero omenaldi hoberena garaipena» zioen bertan.

Txalaparta soinuak eta irrintzi ozen batek hasi zuten ekitaldia. Oholtza gainean izan ziren Otaegiren errautsak, bere senitartekoek bularrean ondo estututa taularatu zituztenak. Dozenaka lagun igo ziren bertara errautsen ondoan loreak uztera; ondotik, bi dantzarik aurreskua dantzatu zuten.

Legorretan bizi zeneko garaia ekarri zuten gogora bi adiskidek eta herri mugimenduak babesten eta bultzatzen egindako lan eskerga nabarmendu zuten.

Otaegi Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kide izan da, eta haiek ere ez zuten hutsik egin nahi izan, eskutitz moduan izanik ere. «Zure konpromiso politikoari tinko eutsi zenion, eta hauek ez dira hitz hutsalak; ezin baita hitzez adierazi urruntasunak, proiektu zapuztuak eta iheslarien kolektiboaren aurkako erasoak sortzen duten mina. Gatazka horren ikur bizidunak bilakatuko ginelako, ondorioak ezabatzen saiatu ziren, ondorioak desagerraraziz arrazoiak desagerrarazi zituztelakoan», zioen mezuak. Baina bere militantzia ezik, bere «gizatasun paregabea» ere nabarmendu nahi izan zuten: «Zu Patxi, «Sestero» goitizenez ezagutzen zintugun pilota saskiak egiten erakusten zenigulako; izan ere, zu zesto horiek egiten erabiltzen diren material noblez egina zinen». «Gure oroimenean-jarraitu zuen mezuak- une atseginetan kokatuko zaitugu, ez bakarrik adiskidetasuna lantzen zenuelako, adiskide izate horrek bazuelako zuretzat balio berezia, oinarri sendoena bailitzan, baina zugandik beste balio batzuk ere jaso ditugu: abertzaletasuna, tinkotasuna eta jatortasuna».

Mezua amaitzeko herrikideek promes eginez, hitz hauek eskaini zizkioten: «Euskal Herrian bertan azken hatsa eman baduzu ere, ez zara Euskal Herrian libre bizi ahal izan; eta borroka horren lekukoari tinko helduz, guri dagokigu orain bide zatia egitea ametsa egia bilakatu dadin. Utzi egin gaituzu, baina, zorionez, gure artean izango zaitugu beti, eta garaipen egunean ere gurekin izango zara».

Ondoren, soinu dokumentu bat entzun ahal izan zen ozen Legorretako plazan. «Azaldu nahi nuke herrira itzultzeko dugun gogoa, Euskal Herria delako bizitzeko gure eremu naturala; mundu guztian bizitzeko eskubidea dugu baina, batez ere, gure herrian. Baina itzuli nahi dugu, ez bakarrik Euskal Herria deitzen den espazio geografiko natural horretara, etxera eta familiarengana, baizik eta euskal gizartean oraindik ez den Euskal Herrira». Eta, zertarako? «Ez gara itzultzen egungo egoera onartzen dugulako, egoera hori aldatzen laguntzeko, Euskal Herriko biztanleentzat ere demokrazia lortzeko itzuli nahi dugu», zioen.

Ibilbide gogorra

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean hartu zuen hitza ordezkari batek ekitaldiaren amaieran eta gogora ekarri zuen urtea hasi denetik jadanik bi iheslari ekarri dituztela jaioterrietara hilotz, eta zera aldarrikatu zuen: «Iheslari politikoak gure artean, baina bizirik nahi ditugu. Horregatik ozen aldarrikatu nahi dugu Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea». Ez zituen alboratu Otaegik iheslari gisa bizitako pasarte gogorrak: «Ibilbide gogorra izan du, konpromisoa herri honetan ez delako dohainik ateratzen ikusi dugu; GALen ekintza bat pairatu zuen, gertutik bizi izan ditu Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak jasan izan dituen bahiketak, deportazioak, konfinamenduak..». Iheslarien zein, oro har, «Euskal Herriaren aurkako errepresioa antzua» dela nabarmendu zuen, ordea, «herri honetan Sesterok utzitako eredua delako nagusi, bere espirituak bizirik dirau, askatasun egarria delako nagusi».

Horren haritik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketak 27 auzipetuen zigorra baino, «herri honi benetako konponbiderako bultzada ematea» eragotzi nahi duela esan zuen: «Ezabatu nahi dutena amnistia eta askatasunean oinarritutako konponbidea delako». Eraso hauen aurrean besoak gurutzatuta ez geratzeko deia egin zuen «Sestero eta gainontzeko gudariei zor baitiegu hainbeste amesten zuten agertoki aske horretara eramatea herri hau».

Berak nahi bezala, Otaegiren errautsak Euskal Herriko hainbat txokotan zabalduko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo